Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:05

HARIAN;2010-07-11;ERABAKITZEKO ESKUBIDEAREN ALDEKO MANIFESTAZIOA. BARTZELONA. Erantzun historikoa. Bartzelonan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuaren kontra kaleratutako ebazpena salatu dute Udaltzainek 1.100.000 manifestari zenbatu dituzte; antolatzaileek, berriz, 1.500.000

Erantzun historikoa

Bartzelonan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuaren kontra kaleratutako ebazpena salatu dute

Udaltzainek 1.100.000 manifestari zenbatu dituzte; antolatzaileek, berriz, 1.500.000

Aitziber Arzallus.

Irudi bat mila hitz baino adierazgarriagoa izaten da. Eta, Bartzelonako Gracia Pasealekuaren itxurak ez du azalpen beharrik. Irmo erantzun zuen Kataluniak. Jendetza atera zen kalera. Ehunka mila lagunek esan zuten Estatutuaren kontra Espainiako Auzitegi Konstituzionalak herenegun argitara eman zuen sententziaren kontra daudela. Bartzelonako udaltzainek 1.100.000 lagun zenbatu zituzten; manifestazioa antolatu duen Omniun Cultural taldeak 1.500.000era biribildu zuen kopurua.

Espero zen jende andana biltzea. Ostegunerako 1.400dik gora erakunderen babesa zuen ekimenak. Baina, katalanek eta katalan ez diren askok erakutsi zuten, esperotakoa baino handiagoa izan zen. Litekeena da bezperan sententzia oso-osorik argitara eman izanak erantzuteko gogo hori indartzea. Zenbaitzuri probokazioa iruditu baitzaie ebazpenaren dituen 881 orrialdetako edukia aurreikusi baino hiru egun lehenago, justu manifestazioaren bezperan, publiko egitea. Baina, horrekin edo hori gabe, herriak emandako erantzunak balio du. Eta katalanek esan dute beraiek erabakitako eta onartutako Estatutua nahi dutela.

Manifestazioa 18:00ak jota abiatu zen Gracia pasealekuan barrena. Baina, ordurako, parte hartzaileetako askok ordubetetik gora zeramaten irteera puntuan. Herrialdearen luze zabaletik iritsi ziren 500 bat autobusek nahikoa lan izan zuten hango jende uholdea zeharkartzen. Mantso abiatu zen manifestazioa, oso mantso, independentziaren aldeko deiadarrek girotuta. Ordubetean ehun metro apenas egin zituzten.

Euskal ordezkaritza zabala

Guztien buruan 250 metro koadroko Kataluniako bandera eraman zuten. Haren atzetik joan ziren Jose Montilla Generalitateko presidentea, Ernest Benach Kataluniako Parlamentuko presidentea, Jordi Pujol eta Pasqual Maragall Kataluniako presidente ohiak eta Joan Rigol eta Heribert Barrera Parlamentuko presidentea ohiak. Som una nacion. Nosaltres decidim zioen haiei jarraitu zien pankartak. Alderdi politikoen ordezkariek izan zuten hura garraiatzeko ardura. Haien artean izan ziren Artur Mas CIUko presidentea, Joan Puigcercos ERCkoa, Manuela de Madre PSCko presidenteordea eta Joan Herrera ICVko idazkari nagusia, bai eta Kataluniako Gobernuko sailburuak eta udaletako alkateak ere.

Euskal Herritik ere ordezkaritza zabala joan zen Bartzelonara, besteren artean, euskal politikagintzako pertsonaia esanguratsu asko. Han izan ziren EAJko, ezker abertzaleko, EBko, EAko, Alternatibako, Aralarko eta Hamaikabateko ordezkariak. Baina, joan gabe gelditu zenik ere izan zen, eta hutsunea antzeman egin zen. Eusko Jaurlaritzak ez du ordezkaritzarik bidali Kataluniaren erabakitzeko eskubidea defendatzera.

Bildutako jendetzaren ondorioz aurrera egitea izugarri kostatu zitzaion manifestazioari, ezinezko bihurtu zen arte. Gracia pasealekua, Kale Nagusia eta inguruko kaleak erabat kolapsatu zituzten parte hartzaileek. Eta, azkenean, Tetuan kalean jarrita zuten helmugara ailegatu aurretik, bukaerako adierazpena irakurtzeko eskatu zieten antolatzaileek Txe Aranari eta Luis Solerri. Bi aktoreek Espainiako Auzitegi Kontituzionalaren sententzia gaitzesti zuten lehendabizi; eta Omnium Culturalen izenean guztiei eskerrak eman zizkieten gero, «historikoa» izan zelako herritarrek eman duten erantzuna. Kataluniako ereserkia abestuz eman zioten amaiera manifestazioari, eta milioitik gora parte hartzaileak hiriburuko kaleetan zehar sakabanatzen hasi ziren.

Antolatzaileek egindako modu berean, Kataluniako alderdi politikoetako buruzagiek ere herritarre ahalegina txalotu zuten, ekimena «sekulako arrakasta» izan dzela iritzita. Masek hitz horiexek erabili zituen balioespena egiterakoan. «Gaurko [atzoko]manifestazioa iragaren eta etorkizunaren arteko mugarria izango da Kataluniaren historian».

Lasaitasuna nagusi

ERCko Puigcercosen ustetan, jendea mindu egin du sententziak, eta sentipen horrek bultzatuta atera zen kalera. «Hemen daudenetako asko ez daude idenpendentziaren alde, baina, beste biderik ez dagoela ikusten ari dira».

PSCko De Madreren esanetan, «gaurkoa [atzokoa] PPren konstituzio aurreko Espainiaren kontrako manifestazioa izan da». «PPri konstituzio aurreko Espainia Estatua baino gehiago. Sekula ez zaie gustatu izan autonomiaz osatutako estatua».

Generalitateko presidente Montilla jendearen txistu artean eta babestuta eraman behar izan zuten manifestazioa bukatu baino lehen, parte hartzaile bat hari eraso egiten saiatu delako. Arratsaldeko tentsio une bakarra izan zen, ordea, lasaitasun giroa nagusitu zelako arratsalde osoan.

 

Ebazpenak Euskal Herriari ere mugak jartzen dizkiola diote euskal ordezkariek

Kataluniari eta katalanei elkartasuna adierazi eta erabakitzeko eskubidea defendatzera joan dira Bartzelonara

A. A.



Euskal Herriko indar politikoek ordezkaritza zabala bidali zuten Kataluniara. Eta hara joateko arrazoriez BERRIArekin mintzatzeko beta hartu zuten haietako gehienek.

Iñigo Urkullu EAJko presidentearen esanetan, «Kataluniari eta kataluniar herriari elkartasuna» adieraztera joan dira Bartzelonara. Azken batean, kataluniarrak beren errealitate nazionala eta beren autogobernuarentzako zein bide izan behar den aldarrikatzen ari dira, eta horrekin bat egiten dugu. Konstituzioanalak beren kontra egindako ebazpen horrek eragina du Euskal Herriarengan, eta zentzu horretan guk geure egiten dugu manifestazio honetako leloa: herri bat gara, nazio bat gara, eta geuk erabakitzen dugu».

Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak azaldu zuen «haserre dauden kataluniako herritar guzti horiei ezker abertzalearen eta euskal independentismoaren izenean besarkada bero bat» ematera joan zirela Kataluniako hiriburura. «Ez da nor tribunal konstituzional bat kataluniako herritarren borondatea zapuzteko».

Patxi Zabaleta Aralarko koordinatzaile nagusiak, berriz, esan zuen manifestazioan parte hartzea bi arrazoigatik iruditzen zaiola inportantea: «Bata, bide politikoen bidez herri batek bere egituraketa, bere etorkizuna erabaki dezakeen, hemen irudikatu egiten delako; eta bigarrena, hemen gertatzen denak -Katalunia nazio bat baita, Europako nazio handi bat- eragin zuzena duelako beste autonomietan, euskal autonomietan barne».

Rafa Larreina EAko ekonomia gaietarako idazkariak honakoa uste du: «Manifestazio hau da adierazteko badago estatu plurinazional bat, baina estatua bera dela ezaugarri hori onatzen ez duena. Horrez gain, abiatu behar den bide berri bat: independentziaren bidea».

Xabier Soto Alternatibako kideak zera nabarmendu zuen: «Gaur [atzo] Bartzelonako eta Donostiako kaleetan gehiengo soziala ordezkatua egongo da, bai eta Euskal Herriko alderdi politikoek osatzen duten gehiengo soziala ere».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia