San Markoko osaketa aldatzeko eskatu dio H1!-ek Donostiari
Ezker abertzaleak dio PSEren «mehatxuak» gorabehera Gipuzkoan atez ateko bilketa zabaltzen segituko duela
Erredakzioa.
DonostiaDonostiako Udalari eskaera igorri dio Hamaikabatek: San Marko mankomunitatean udalak duen ordezkaritza aldatzeko, mankomunitateko gobernu taldea berritzeko. Ricardo Ortega Lasarte-Oriako zinegotzia izan da udal horren ordezkaria San Markon; eta bera izan da mankomunitateko presidentea. Baina herenegun ordezkaritza kendu zion udalak. PSE-EEk du Lasarte-Oriako alkatetza, eta alderdi horrek azaldu du hirigintza plan bat ez babesteagatik kendu diola ordezkaritza Ortega Ezker Batuko zinegotziari. H1!-ek txalotu egin du kargugabetze hori, eta orain Donostiako Udalaren txanda dela adierazi du. Donostiako Udaletik, Alternatibako Duñike Arrizabalaga da San Markoko ordezkaria, eta berau aldatzeko eskatu du H1!-ek.
Ortegari kargua kentzearen atzean, atez ateko hondakinen bilketaren aurkako «mehatxua» sumatu du, berriz, ezker abertzaleak. Eta PSE-EEri ohartarazi dio erabaki horiek ez dutela ezker abertzalearen ekimena geldiaraziko: «Hasitako bidean tinko jarraituko dugu, atez ateko bilketa Gipuzkoan barrena ahalik eta gehien zabalduz».
Debagoieneko mankomunitateak eskualdean atez ateko bilketa jartzeko asmoa txalotu du, bestalde, ezker abertzaleak. Hiri hondakinei buruz EAJk, H1!-ek eta PSE-EEk hartu duten jarrera, aldiz, «salagarria eta lotsagarria» iruditu zaio ezker abertzaleari: «Eragile hauek atez atekoa desitxuratzeko eta hari oztopoak jartzeko etengabeko saioak egiten ari dira, emaitzak manipulatuz».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
