Ipar Euskal Herria geroan «lurralde iraunkor bat» izateko gisaz marraztea eskatu die hiru aditu bulegori Hautetsien Kontseiluak; proiektuen aitzin dasta eskaini zioten publikoari ostegunean" />

Berria.info

Asteazkena, 2014ko apirilak 16 - 11:28

EUSKALHERRIA;2010-07-10;Erakargarri izaten segi dezan. Ipar Euskal Herria geroan lurralde iraunkor bat izateko gisaz marraztea eskatu die hiru aditu bulegori Hautetsien Kontseiluak; proiektuen aitzin dasta eskaini zioten publikoari ostegunean

Ipar Euskal Herria geroan «lurralde iraunkor bat» izateko gisaz marraztea eskatu die hiru aditu bulegori Hautetsien Kontseiluak; proiektuen aitzin dasta eskaini zioten publikoari ostegunean

Erakargarri izaten segi dezan

Nora Arbelbide.

Baiona

Marraztu iezadazu biharko Euskal Herria izenburupean antolatu eztabaidak, zerbait lortu badu, etorri publikoa inarrostea lortu du. Bat baino gehiago harrituak dira antolaketa proposamenekin.

Abiapuntua Hautetsien Kontseiluarena da. Iazko apiriletik dabil Ipar Euskal Herriaren antolaketaz gogoetatzen Garapen Kontseiluarekin batera, geroan «lurralde iraunkor bat» izan dadin. Gogoeta aberasteko, hiru aditu bulego pribaturi galdegin die azter dezaten hemendik 20 urtera lurralde iraunkor hori nolakoa izan daitekeen. Acadie, Alphaville eta RCT dira hiru horiek, hirurak Pariskoak, baina azkena Donostiako Vaumm bulegoarekin ari da lanean, besteak beste. Behin betiko proposamena urrian aurkeztuko dute, baina ostegun gauean aitzin dasta bat eskaini zuten. Herritar eta arduradun andana bat bildu zen. Adituek, berriz, azken finean, geroari begira egiten dituzten pario batzuk zituzten aurkeztu. Printzipio batzuk, eztabaidatzekoak direnak, nabarmendu zutenez adituek.

Interesgarria da ikustea, ordea, printzipio horiek aipatzerakoan, hasieratik finkatu irizpide zenbait egia gisa aurkeztu zituztela. AHTaren bide berria integratua dute, eta baita hemendik 20 urtera 60.000 biztanle berri etorriko direla ere Ipar Euskal Herrira. Donibane Garazin, konparazione, 4.000 eta 5.000 biztanle ikusten dituzte, gaur egun hiriak 1.500 biztanle dituelarik.

Ipar Euskal Herria edozein gisaz garatuko dela diote, eta, beraz, garapen hori aitzinetik prestatzea ezinbestekoa zaie: «Ez zaie utzi behar aktore pribatuei gure ordez erabakitzen», Acadieko Martin Vanieren ustez. Beste hiriekin lehia bat dagoelarik gunea nola garatu eta aldi berean erakargarri atxiki da desafioa, ahantzi gabe, nolaz ez, ingurumena errespetatzea: «Zuen lurraldea harribitxi bat da, baina ingurumenaren kalitatea suntsitzen ari zarete», abisatu zuen Alphavilleko François Monjal-k. «Bordele, Zaragoza, Akitaniako Tolosa eta Bilbo artean, nola lortu ikusgarri izaten?». Metropoliak ere gogoetatu dituzte, tartean, Donostia eta Baionaren arteko Eurohiria, baina metropoli horrek Baiona gainditzen duela pentsatzen dute, iparralderantz, Landak integratuz. Halere, haien lan eremua Ipar Euskal Herria izan da. Horiek horrela, itsasoaren goititzeak eta uholdeak nola lasaiki hartu daitezkeen aurreikusteaz gain, itsasoaren gainean haize errotak ere marraztu dituzte biharko lurralde horretan. Mauletik Atharratzera zubi luzea asmatu dute, baita Baionako Saint Bernard auzoan, Bokaleko bidean dagoen portu alde horretan, etxebizitzaz bete gune bat, gaur egun ez dagoelarik. Alabaina, hor jarria dute abiadura handiko burdinbide proiektuko geltokietako bat. Bide horrek garapena ekarriko duela diote.

Izan ere, adituen ekarpenetako bat, geltokien kopurua igotzea eta geltoki horiek zerbitzu eta bizitoki garrantzitsuak bilakatzea da. Victor Pachon, Abiadura Handiko Burdinbide proiektuaren aurka dagoen CADE elkartekoak dudan eman zuen bide horrek ekarriko duen garapena. Egiten bada ere, tren guti geldituko direlako bertan dio. Haren ustez, Bordeleri dio ekarriko bereziki etekina.

Publikotik agerrarazi beste kezketako bat euskal nortasuna kanpo gelditu izana da. Ezeztatu zuen kritika Vanierek, berezitasunei kasu handia egin dietela. Haatik, proiektuen aurkezpen osoa frantses hutsean egin zuten, eta Ipar Euskal Herririk ez zuten aipatzen. Beti Euskal Herria hitza zuten erabiltzen, iparrik gabe, eta Hego Euskal Herriarentzat, «zuen auzo espainola».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia