Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:04

EUSKALHERRIA;2010-07-09;Osatu nahi den lurraldeari soa. Gaindegiak Ipar Euskal Herriaren argazki soziodemografikoa aurkeztu zuen atzo Baionan, UEUren karietara egindako mahai-inguruan. Eneko Bidegain, Lontzi Amado eta Eguzki Urteagak azaldu zuten txostena.

Gaindegiak Ipar Euskal Herriaren argazki soziodemografikoa aurkeztu zuen atzo Baionan, UEUren karietara egindako mahai-inguruan. Eneko Bidegain, Lontzi Amado eta Eguzki Urteagak azaldu zuten txostena.

Osatu nahi den lurraldeari soa

Aitor Renteria.

Baiona

Gaindegiak eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak gogoeta sakona egiteko parada eskaini zuten atzo Baionan. Udako ikastaroetan, Gaindegiak aurten aurkeztu duen Ipar Euskal Herriko argazki soziodemografikoaren harira, Eguzki Urteaga soziologoak, Eneko Bidegain kazetariak eta Lontzi Amado politika zientzietako ikasle eta sindikalistak, ikerlan horren zirrikitu, ñabardura eta interpretazioak aurkeztu zituzten. Politikoki eta administratiboki existitzen ez den lurralde baten argazkia egin nahi izan du Gaindegiak; eta geroa eraiki ahal izateko gabeziak, erronkak eta lanabesak aztertu zituzten hiru hizlariek.

Estatistikak estatuek eta administrazioek sorturiko lanabesak direla azaldu zuen Amadok. Alta, kopuru edo joera batzuk irudikatzen dituzte larriki. «Estatistikak gurutzatzen direlarik, ez datoz bat, eta beti daude arazoak interpretatu ahal izateko». Ipar Euskal Herrian, zatiketa administratiboak bertze eremu batzuetan urtzen ditu datuak. Baiona-Angelu-Miarritzeko Hiri Elkargoko aktibitatea, adibidez, Landetako hegoaldekoarekin nahasten da. Antzera gertatzen da Zuberoan, nagusiki Biarnori loturik agertzen baita.

Horren haritik, Gaindegiak egindako lana txalogarria dela erran zuen Amadok. Gaindegiak politikoki eta administratiboki existitzen ez den lurralde bat irudikatu du, eta lan horri funtsezko deritzo garapenaren ildo nagusiak irudikatu ahal izateko.

Ipar Euskal Herriko datuak Euskal Herri osokoekin txertatzeko dauden zailtasunak nabarmendu zituen. Sindikalismoan, adibidez, Frantziak ez ditu kontaketak burutzen. Ondorioz, sindikatuen eragina erkatzea ezinezkoa da. Langabeen kasuan, kopuruetan alde nabarmenak daude iturriak Insee estatistika etxea izan, Langabetuen Bulegoa izan edo gizarte laguntzak banatzen dituen Assedic erakundea izan. «Kontzeptu eta datuen bateratzea lortu behar dugu Euskal Herrian», erran zuen Amadok.

Biztanleriari dagokionez, Gaindegiaren txostenak argiki erakusten du kopuruak emendatu direla. Emendatze handiena Lapurdik bizi du eta Nafarroa Beherekoa apalagoa dela azaldu du Bidegainek. Zuberoan biztanleriak behera segitzen du, azken hamarkadetako joera ezin utziz.

Alta, lehen behako horren gibelean bertze errealitate bat gordetzen dela adierazi zuen Bidegainek. Izan ere, Frantziako estatistika etxeak ezin du galdetu zein den herritarren jatorria, ezta zein diren haien ideia edo erlijio sinesmenak ere. Emandako kopuruetan oso zaila da jakitea zenbat diren euskal herritarrak eta zenbat kanpotik jinak. Inseerentzat, Frantziako edozein tokitan sorturikoak «bertakoak» dira, eta Hego Euskal Herrikoak, atzerritarrak.

«Kanpotik heldu diren jendeek eragin dute biztanleriaren hazkundea, Ipar Euskal Herrian sortzen diren haurren kopurua hiltzen diren pertsonen kopurua baino apalagoa delako», zehaztu zuen Bidegainek. Kasu batzuetan zaila da zehatz-mehatz jakitea. Hendaian, adibidez, nabarmena da gipuzkoarren presentzia, baina atzerritarren multzoan kokatzen dituzte Frantziako inkestek.

Barne mugimenduak

Biztanle hazkunde handia izan du Lapurdik, baina errealitate horrek indar berezia du Lapurdi barnealdean eta harekin muga egiten duten Nafarroa Behereko zenbait herritan. Kostaldeko herrietan biztanleriak gora egin du, baina hazkunde handiagoa izan da haren inguruan dauden herrietan. 1982tik 2006ra, 31.000 biztanle gehiago daude Lapurdi barnealdean. «Tarte horretan, Uztaritzeko biztanleria %131 emendatu da, eta Hiriburuko kantonamendukoa %175», azpimarratu zuen Bidegainek, hazkundearen desoreka islatzeko.

Familia eredua eta ohiturak ere aldatuz joan dira. Bikote gazteak eta, gehienbat, haur bat duten bikoteak joan dira bizitzera Lapurdi barnealdera. Etxe bakarren eraikuntza gehitu da, eta horrek arazoak sortu ditu: «Azpiegitura mailan saturazioa gertatuko da garraio publikoa garatzen ez bada».

Urteagak azaldu zuen, erakunde propiorik ezean, ezinezkoa dela programa eta politika propioak egitea. Ahal ekonomikoak ere hizpide ukan zituen. EAEko aurrekontua Akitaniakoa baino %9 handiagoa dela azaldu zuen; eta departamenduarena diputazio batek duenaren erdia baino ez da.

Biztanleriaren jarduera tasa nekez heltzen da %40ra. Ez dago unibertsitatea dei daitekeen egiturarik Ipar Euskal Herrian, eta enplegu gehienak maila apalekoak dira, edo ertainak. Zerbitzuen arloa nagusitzen da enpleguetan; horretan arrisku handia dagoela nabarmendu zuen Urteagak: «Etorkizuneko ekonomia eredua bermatzeko, hezkuntza eta ikerketan inbertitu behar da». Ipar Euskal Herrian ez da lanposturik sortzen goi mailako ikasketak egin dituzten pertsonentzat, eta horrek kanpora joatera behartzen ditu gazteak. Aldi berean, frantziarrak erakartzen ditu.

 

Euskal punka izango da Eibarko ikastaroetako mintzagaietako bat



Astelehenean, hilaren 12an, hasiko dira Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroak Eibarren (Gipuzkoa), eta bi gairen inguruko mintegiak eskainiko dira: alde batetik, Euskal punka eta (des)eraikuntza nazionala: ukaziotik haratago izenburupean arituko dira Juan Luis Zabala, Julen Azpitarte, Josu Larrinaga, Gotzon Hermosilla eta Iban Galletebeitia.

Bestalde, Arazoetan oinarritutako irakaskuntza (AOI). Metodologia eta informazio eta komunikazioaren teknologiak unibertsitateko irakaskuntzan gaiari helduko diote Iratxe Esnaolak eta Olaia Jimenezek. Ikastaro hau goizean egingo da; besteak egun osoa iraungo du.

Iruñeko ikastaroak, berriz, hilaren 19tik 23ra izango dira, eta haietan parte hartu nahi dutenek igandea baino lehen eman beharko dute izena.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia