Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:03

EUSKALHERRIA;2010-07-03;Ion Telleria. Gazte independentista. «Independentziaren aurka hartzen diren erabakiek ez dute ezer judizialetik». Espainiaratuko ote duten zain dagoela, Ion Telleriak bizi normala egiten jarraitzen du, argi baitauka bere eta beste gazte independentisten aurka hartzen diren neurriek ez dutela zerikusirik justiziarekin.

Ion Telleria.

Gazte independentista

Espainiaratuko ote duten zain dagoela, Ion Telleriak bizi normala egiten jarraitzen du, argi baitauka bere eta beste gazte independentisten aurka hartzen diren neurriek ez dutela zerikusirik justiziarekin.

«Independentziaren aurka hartzen diren erabakiek ez dute ezer judizialetik»

Xan Harriague.

Ion Telleria (Idiazabal, 1982) Espainiaratzeko agindua onartu berri du Paueko Auzitegiak, baina gazteak helegitea jarri du erabaki horren aurka. Erantzunaren zain, bizi normala egiten jarraitzen du, bere bizileku Lapurdin, Info7 irratian lan eginez. Paueko Auzitegiaren erabakiak ez du ustekabean harrapatu. «Loteria» moduko bat dela dio.

Zer sentitzen da horrelako egoera batean?

Begiratzen duzunean azken urteetan gurekin lanean aritu diren beste zenbat kidek zer-nolako egoerak pasatu behar izan dituzten, gorrotoa sentitzen da. Hor ikusten da zer-nolako prezioa jarri dioten gure militantzia politikoari. Hala ere, ez daukat batere damurik, eta atzera eginez gero, gauza bera egingo nuke.

Nola azaltzen dituzu horrelako erabakiak?

Hemen garbi dago disidentzia politikoa dagoela jomugan. Euskal Herriaren independentziaren aurka hartzen diren erabakiak ez dute ezer judizialetik. Ez dira epaile batek hartzen dituen erabakiak. Bulego politikoetan hartzen diren erabakiak dira, ikuspegi politiko batetik hartuak. Agerikoa da epaitegien bidez eta poliziaren bidez azkeneko bi urte hauetan 200 gazte atxilotu, erditik gora torturatu eta sei eta hamazazpi urte arteko kartzela zigor eskaerak eskatu badituzte, kalean egiten duten lana eteteko dela eta inguruan beldurra sortzeko. Euskal Herrian inork ez dio oinarri judizialik ikusten horri. Gainera, Zigor Kodea begiratzen hasiko bagina, eta gure eginak Zigor Kodearen urraketak balira, Euskal Herrian gertatzen dena ulergarria izango zen, baina horren ordez agerian gelditzen da Euskal Herriarena salbuespen egoera dela.

Duela gutxi, Paueko Auzitegia Aurore Martin Espainiaratzearen aurka agertu da. Zure ustez, zergatik egiten du halako ezberdintasuna Frantziako Justiziak Iparraldeko eta Hegoaldeko herritarren artean estradizio kontuetan?

Oso zaila da hori aztertzea, esaten nuen bezala, bulego politikoetan hartzen diren erabakiak direlako. Ikusten dudana da Frantziako eta Espainiako gobernuek gauza bat daukatela elkarrekin: ezin dute onartu beren estatu egituraren barnean egotea herri bat, aske izan nahi duena eta bere burua gobernatu nahi duena, eta horren aurka tresna errepresiboak martxan jarri dituzte. Bakoitzak baditu bere neurriak, bere irizpideak, bere kalkulu politiko estrategikoak. Euroagindu eskaera horietan adibidez Frantziak jarrera ezberdinak izan ditu. Horrek erakusten diguna da erabaki politikoak direla, ez irizpide judizialen araberakoak. Frantziako Estatuak bere administraziopekotzat hartzen dituen herritarrekiko daukan estrategian, agian ez zaio komeni Espainiako euroaginduak onartzea.

Zure ustez, Frantziako Justiziak Iparraldeko herritarrentzat hartzen dituen neurriak leunagoak dira?

Frantziako Estatuak errepresio estrategia bat eduki du beti. Indartu du, edo apaldu du, egoera politikoen arabera. Azken urteetan ikusi dugu Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoko independentisten aurkako jazarpenean urrats berriak egin dituela, mugimendu independentista indartzen ari delako. Formetan Espainiako boterea baino leunagoa dela? Ez dakit. Ez nintzateke hori esaten ausartuko. Azkeneko urtean hamarnaka gazte deitu dituzte polizia-etxeetara ADN fitxaketa masiboak egiteko. Horregatik diot oso zaila dela jakitea euroaginduetan zergatik batzuetan egiten duen A eta bestean B.

Uste duzu euskal gizartea egoera horretaz ohartzen dela?

Jazarpena hain bortitza izan dugunez, eta hainbertze urteetan, azkenean iritsi gara momentu batera ia normaltzat hartzen dugula. Uztailaren 15ean Udalbiltza, nazio instituzio bat, hautetsiek osatutakoa, epaitu egingo dute Madrilen, eta hori egiten utziko dugu. Konturatu? Nik uste dut konturatzen dela, aukera berriak aipatzen ditugun honetan gizartearen gehiengoan ilusioa sortzen delako. Zapalkuntza hori gainditzeko beharra ikusten du. Ez dut uste lo dagoen gizarte batean bizi garenik. Ikusten da Donostiako gazte independentisten aurka hasi berri den epaiketan zer babes zabala lortu duten orain duela bi asteko manifestazioan. Egoera hori gainditzeko urratsak egiten direnean, ikusten da jendeak babesten dituela eta bide horretatik jarraitu nahi duela.

Gazteen aurka normalean eskatzen dituzten kartzela zigorrei buruz zer diozu?

Astakeria izugarriak dira. Terrorismoa etiketa jartzen diote disidentzia politikoari eta kito. Horrek beste gauza bat erakusten du oso garbi. Gazteen aurka militantzia politikoagatik sei eta hamar urte arteko kartzela zigorrak eskatzen ahal dituztela eta, agerikoa da epaitegiek, poliziek eta Frantziako eta Espainiako gobernuak eraman ezin dutena disidentzia politikoa dela.

Nola gelditu daiteke hori guztia?

Independentzia lortuta. Tarteko guztiek ez dute balio. Ez badugu nahi Parisen edo Madrilen politiko pare batek erabakitzea gazte hauek espetxera, eta ez dakit zenbat polizia igortzea gazte horiek bahitzeko, bost egunez torturatzeko, espetxeratzeko eta haiekin nahi dutena egiteko, ez dago besterik. Behar duguna da gure burua gobernatu ezinezko izan dezaten euskal herritarrei horrelako amesgaiztoa pasaraztea.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia