Ion Telleriaren aurkako euroagindu eskaera onartu du Paueko Auzitegiak
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aitzinean deklaratu zuen atzo Olatz Izagirre gazte independentistak
Erredakzioa.
BaionaIon Telleria Espainiaratzea onartu du Paueko Auzitegiak (Frantzia). Atzo eman zuten epaia, eta, Kazeta info-k zehaztu duenez, hori jakin bezain laster, hel egingo duela jakinarazi zuen haren abokatuak.
Aitzineko asteartean aztertu zuten haren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak egindako euroagindu eskaera. Gazte independentistek «pairatu jazarpena» gaitzetsi, eta lege «bidegabe» honen ez aplikatzeko eskatu zion epaileari Telleriak.
Berez Idiazabalgoa da (Gipuzkoa), baina azken hilabete hauetan Urruñan bizi da (Lapurdi). Ekainaren 9an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Lapurdin. Azaroaren bukaeran gazte independentisten aurka egin polizia operazioan haren atxilotzen saiatu ziren, baina ez zuten etxean aurkitu.
Olatz Izagirre gazte independentista Fernando Grande Marlaska epailearen aitzinetik pasatu zen atzo, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Paueko Auzitegiak haren aurkako euroagindu eskaera onarturik, Frantziak astelehen gauean Espainiaratu zuen.
Erromako auzia, atzeratua
Fermin Martinez, Artzai Santesteban eta Zuriñe Gojenolaren Espainiaratze eskaeraren azterketa atzeratu zuen Erromako auzitegiak astelehenean. Espainiatik igorri beharreko informazioa ez delako ailegatu atzeratu zuten. Haatik, auziaren eguna ez da zehaztua.
Hiru gazte independentistak Erroman atxilotu zituen Italiako Poliziak, ekainaren 10ean, Espainiako Auzitegi Nazionalak egindako euroagindu eskaera dela eta. Azaroko gazteen aurkako operazioan, haiek ere ez zituen atzeman Poliziak.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
