Iñaki Eizmendi.
Euskara erabiltzeko tresnetan adituaHerri elkarteak euskalduntzeko prozesuan, bestelako helburu bat ere eska dakieke entitateoi: euskararen erabileraren sustatzaile bihurtzea. Prozesuoi buruzko metodologia bildu berri du Topaguneak.
«Entitateen borondatea euskararantz ekartzea da euskara elkarteen lana»
Maite Asensio.
BilboHerri eta auzoetako euskara elkarteek hogei urtean egindako lanaren eskarmentua jaso du Topagunea euskara elkarteen federazioak liburu batean: Entitateak euskalduntzeko metodologiaren garapena: elkarteetan eragiten hitzarmengintzaren bidez. Euskalduntze lan horretan diharduten euskara taldeei zein udalei proposamenak eta gomendioak egiteko tresna da. Iñaki Eizmendi (Lasarte, Gipuzkoa, 1973) da egileetako bat.
Zein entitate motan eragin nahi du gidak?
Elkarte izaera dutenetan eragiteko pentsatuta dago. Merkataritza eta enpresaren mundua euskalduntzeari buruzko hainbat lan dago, esparru hori garatuta dago. Euskara elkarteak herri elkarteekin lan egiten ari dira, baina orain arte ez zegoen ezer idatziz jasota. Eta metodologia baliagarria da, kontuan izanda elkarteek sekulako indarra dutela herri giroan.
Elkarte izaera horrek desberdintasunik al dakar jarduteko unean?
Badaude aldeak. Helburua bera izan daiteke: euskalduntzea, euskararen erabilera normalizatzea. Baina elkarteek ezaugarri desberdinak dituzte: normalean irabazi asmorik gabeko taldeak dira, jendea borondatez dago bertan... eta horrek eragina du. Baina alde txarrak ere baditu: elkarte batzuk oso ahulak dira egituraz, eta egiten dena erraz gal daiteke.
Edonola ere, elkarteetan eragitean, beste helburu bat proposatzen dugu: euskalduntzetik euskararen erabileraren sustatzaile izatera pasatzea, elkarteak kontziente izan edo ez. Kirol talde batek ere euskara susta dezake, bere jarduerak euskaraz eskainiz, elkarte barruko giroan erabilera lantzeko bidea eginez, eta horien bidez erabilera bultzatuz.
Baina nola izan daiteke erdaraz funtzionatzen duen elkarte bat euskararen sustatzaile?
Bi helburuak ez doaz bata bestearen aurka: lehentasunak non jarri zehaztean datza. Elkarteak izan dezakeen eraginagatik akaso askoz gehiago interesatzen zaigu, zuzendaritzako bilerak euskaraz egitea baino, elkarteetako hezitzaileek erabilera sustatzea haien jardueretan. Kirol elkarteekin jarraituz, eraginkorragoa da haurrak euskaraz trebatzen dituen entrenatzaile bat.
Nola gaindi daitezke elkarteotan hizkuntzen inguruan sortutako inertziak?
Gidak hizkuntza irizpide batzuk ematen ditu; adibidez, ekitaldiak elebitan egitea, txangoetako bisitak elebitan eskaintzea... Elkarteetako eragileak ere identifikatu behar dira, horiekin lan egin, eurek dakitelako zein aukera dagoen. Eta, horrez gain, tresnak eskaintzen dira.
Zein dira euskara elkarteek landutako hitzarmengintzaren oinarriak?
Entitateekin hizkuntzaren normalizazioan aurrerapausoak ematea adostean eta urrats horiek egitean datza. Euskara elkarteek laguntza ematen diete entitateei, eta entitateei ere onurak ekartzen dizkie euskalduntzeak: erabilera bera indartzea, herrian prestigioa handitzea, ekitaldietan parte hartzea... Entitateen borondatearen araberakoa da, eta euskara elkarteen lana da haien borondatea gurera ekartzea.
Zein eragin du ingurune soziolinguistikoak?
Nire ustez, hitzarmengintza garatzeko garrantzitsuagoa da euskara elkarteak berak duen egituraren sendotasuna; elkarte txikiagoetan gehiago kostatzen da. Testuinguru soziolinguistikoak planteatzen diren helburuak eta lehentasunak alda ditzake.
Alor horretan ere baliabideak beharrezkoak izango dira...
Gauzak ondo egiteko baliabide txukunak behar dira. Egitasmoa sendoagoa eta iraunkorragoa izango da, elkarte gehiagorekin egin ahal izango dugu lan...
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
