NUPek egokitu ditu irakasgaiak Bolognara
Irailetik aurrera hasiko dira ematen titulazio berriak; EHU da egokitzapena berrestea falta duen bakarra
Erredakzioa.
IruñeaBologna prozesura egokitzeko bidea amaitu du NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Unibertsitateak udazkenean aurkeztu zuen proposamena: 14 gradu, 22 master eta 21 doktorego hezkuntza eredu berrira egokitzeko. Beharrezko onespenak jasota, Nafarroako Gobernuak atzo aztertu zuen, eta ontzat eman. 2010-2011ko ikasturtean hasiko dira, hortaz, Bolognara egokitutako irakasgaiak ematen. Aurten bi irakasgai -Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasle izatekoak- eta master bat -Bigarren Hezkuntzako irakasleak trebatzekoa- egokitu ditu Bolognara NUPek; ikasturtea larunbatean bukatuko dute ikasle horiek. Eta, aurrerantzean, Bolognara egokitutako ikasketak egingo dituzte ikasle guztiek.
Orain EHU Euskal Herriko Unibertsitatea da titulazio guztiak Bolognara egokitzeko dauzkan unibertsitate bakarra. Irailean 89 graduko ikasketa aurkeztu zituen EHUk, baina azken azterketak eta Eusko Jaurlaritzaren onespena falta zaizkio. Deustuko Unibertsitatean, Mondragon Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitatean ikasturte honetan eman dituzte Bolognara egokitutako ikasketak. Ipar Euskal Herrian, berriz, badira sei urte Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Eremua ezarri zutela. EHUk ere laster jaso beharko luke azken onespena; 2010-2011ko ikasturtetik aurrera, titulazio guztiek Bolognara egokituta egon behar dute.
NUPek amaitu du egokitze prozesua. Aurrerantzean, graduak eskainiko ditu unibertsitateak, diplomatura, lizentziatura eta ingeniaritzen ordez. Ikasketen osteko master eta doktorego ikasketen ordez, berriz, graduondokoak eskainiko ditu. Lau urteko iraupena izango dute gradu guztiek. Graduondokoek, berriz, urte bat edo bi iraungo dute. Ipar Euskal Herrian ezberdinak dira titulazioak: graduek hiru urteko iraupena dute, eta graduondokoak bi urtekoak dira. Ikasleak ebaluatzeko, berriz, ECTS Kredituen Transferentziarako Europako Sistema deitutako kredituak erabiliko dira. Graduek, Hego Euskal Herrian, 240 kreditu dituzte; Ipar Euskal Herrian, 180 kreditu dituzte. Graduondoek, berriz, 60 eta 120 kreditu artean dituzte. Ikasleak Europan barrena mugitzeko eta unibertsitate batetik bestera aldatzeko erraztasunak eman nahian sortu da ECTS.
Ikasturtea bi seihilekotan banatuko da NUPen aurrerantzean. Taldeak ere aldatuko dira: irakasgai teorikoetarako talde handiak egingo dituzte, eta irakasgai praktikoetan txikitu egingo dituzte taldeak.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
