Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:55

EUSKALHERRIA;2010-06-20;PSE-EEk ez du atez ateko bilketarik egingo agintzen duen udalerrietan. Garestiagoa dela, pertsonen intimitatea urratzen duela eta «zikinkeria sustatzen» duela ohartarazi du

PSE-EEk ez du atez ateko bilketarik egingo agintzen duen udalerrietan

Garestiagoa dela, pertsonen intimitatea urratzen duela eta «zikinkeria sustatzen» duela ohartarazi du

Erredakzioa.

Donostia

Hondakinak atez ate biltzea sistema «oso garestia» dela eta osasunari kalte egiteko mugan dagoela uste du PSE-EEk. Horregatik erabaki du agintzen duen udalerrietan ez duela ezarriko bilketa sistema hori. Iñaki Arriola PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusiak eman du sozialisten «konpromiso» horren berri.

Hondakinen kudeaketari buruzko jardunaldi bat egin zuen atzo PSE-EEk. Donostian bildu ziren alderdiko kideak, eta sistema ezberdinak aztertu ostean, bosgarren edukiontzia -soilik materia organikoa hartzeko erabiltzen dena- sistema egokiagoa dela ebatzi dute. Arriolak zehaztu du Hernanin, Oiartzunen eta Usurbilen ezarri den bilketa sistemak pertsonen intimitatea urratzen duela eta «zikinkeria sustatzen duten ordutegiak inposatzen» dituela.

Atez ateko bilketa garestiagoa da, Arriolaren esanetan: «Sistema propioa jarri behar da martxan, langileak kontratatu behar dira, eta kamioi bereziak erosi behar dira». Gainera, hainbat udalerritan hondakinen edukiontziak lurperatu egin direla ohartarazi du; horretan egindako lana «alferrik galtzera» darama atez atekoak, Arriolak dioenez: Hernanin, esaterako, edukiontziak lurperatzen 200.000 euro galdu direla adierazi du.

Biometanizatze plantak

«Hondakinak kudeatzen ditugunon betebeharra herritarrei eguneroko lana erraztea da, ez konplikatzea», zehaztu du Arriolak. Alde horretatik, PSE-EEko kideei egokiago iruditzen zaie bosgarren edukiontzia jartzea, eta eredu hori konpostatze eta biometanizatze planta industrialekin osatzea, «hondakinei ahalik eta energia errendimendu handiena ateratzeko».

Gaur manifestazioa egingo da Donostian, errauste plantaren aurka. 12:00etan abiatuko da, Bulebarretik. Hainbat taldek eta eragilek egin dute bat deialdiarekin. Atzo, besteak beste, atxikimendua adierazi zuten Ezker Batuak eta Berdeek. Jostailuzko motorretan joango diren haurrek irekiko dute martxa.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia