Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:53

EUSKALHERRIA;2010-06-19;Zabor gehiago sortzen duenari, garestiago. Atez atekoak errefusa gutxitzen eta gaikako bilketa handitzen du, Jordi Colomer teknikariaren hitzetan; emaitza horiekin udalek diru sarrera gehiago eta gastu gutxiago dituztela esan du.

Atez atekoak errefusa gutxitzen eta gaikako bilketa handitzen du, Jordi Colomer teknikariaren hitzetan; emaitza horiekin udalek diru sarrera gehiago eta gastu gutxiago dituztela esan du.

Zabor gehiago sortzen duenari, garestiago

Mikel Peruarena.

Donostia

Katalunian zigortu egiten da, hondakinak gaika biltzen ez badira; hondakinak nahasita biltzen dituztenek gehiago ordaintzen dute, eta jasotako dirua hondakinak bereizita biltzeko ahalegina egiten dutenei banatzen zaie. Gipuzkoan ez dago halakorik; Katalunian balego, Hernaniren gisako herri batek 55,2 euro jasoko lituzke bereizita bildutako eta tratatutako hondakin organiko tona bakoitzeko. Gaur egun, 130,63 euro ordaintzen ditu Hernanik Lapatxeko konpostatze zentrora eramandako organiko tona bakoitzeko. Katalunian balego, 75,37 euro ordainduko lituzke. Baina hori «politika fikzioa» da, Jordi Colomer teknikariaren hitzetan: «Kontua da hondakinak nahasten dituztenei oso zail jartzea, eta bereizten dutenei erraztea; orain arte kontrakoa egin da».

Hitzaldia eman zuen atzo Colomerrek Donostian, Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren egoitzan. San Marko Mankomunitatearentzat lan egiten du Colomerrek, aholkulari gisa. Atzo atez ateko bilketaren onura ekonomikoak azaldu zizkien hitzaldira bildutakoei. Ia hiru orduko saioan, teknikariaren hitzak adi entzun zituzten aretoan bildu ziren entzuleek, 50 batek; haien artean ziren atez atekoa jarri duten herrietako eta Debagoieneko, Bortzirietako (Nafarroa) eta beste eskualde batzuetako zinegotzi eta teknikariak.

Funtsean, Colomerrek azaldu du errefusa, berreskuratu ezin den atala dela kostu gehien sortzen duen hondakin zatia. Errefusa tratatzeagatiko prezioak etengabe egin du gora Gipuzkoan: 2001ean, errefus tonako 20 euro ordaintzen zituzten udalek; 2006an 60 euro ordaintzen zituzten; 130 euro ordaintzen dituzte egun. «Errefusa ahalik eta gehien murriztea da gakoa», errepikatu du Colomerrek. Atez atekoa tresna eraginkorra da horretarako, teknikariaren esanetan: errefusa %80 ingurutik %15 ingurura gutxitu liteke eta, horrekin, kostua heren bat edo laurden bat murriztu. Hondakin organikoak etxean konpostatzea ere sustatzen du atez atekoak, eta horrek asko murrizten ditu gastuak. Ontzi arinei eta paperari dagokionez, udalentzat diru iturri direla nabarmendu du teknikariak; atez atekoarekin, handitu egiten dira bereizita bildutakoak, eta, beraz, diru sarrerak.

Itsasun merkeago

Konposta egitea errefusa tratatzea baino merkeagoa dela ziurtatu du Colomerrek. Baina konposta egitea inguruko herrialdeetan baino garestiagoa da Gipuzkoan: Lapatxeko konpostatze zentroan, jasotako tonako, 130 euro kobratzen diete udalei. Aldea nabarmena da inguruan begiratuta: Itsasuko konpostatze plantan, Lapurdin, 50 euro kobratzen dute organiko tona jasotzea; Gasteizkoan, 64,35 euro. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari eskumenak utzi dizkieten udalek merkeago dute hondakin organikoak tratatzea: udal horiek 97,97 euro ordaintzen dute organiko tonako. Hernani, Oiartzun eta Usurbil dira gai organiko gehien bereizita biltzen duten herriak; eta haiek dira tonako gehien ordaintzen dutenak, eskumenak kontsortzioari eman nahi ez dizkietelako.

«Gaikako bilketa moteldu egin dezake zerga sistemak; hori da oraingo egoera», ziurtatu du Colomerrek. Usurbilen hasiak dira, merkataritzan, hondakin gehiago sortzen dutenei gehiago kobratzen; tasa justua esaten diote. Etxean konposta egiten dutenei ere hobariak jarri dizkiete Hernanin, Oiartzunen eta Usurbilen. Zero Zabor xedearekin ari direnek, atez atekoa ezarri ostean, hor izango dute hurrengo erronka.

mperuarena@berria.info

 

Errauste plantaren inguruko kutsadura neurtuko dute aurten



Gipuzkoako errauste planta eraikitzekoa den inguruetako kutsadura neurtuko dute CSIC Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. Aurten egingo dute ikerketa, errauste planta jarri aurreko kutsadura zenbatekoa den jakiteko; airea, lurra, landaretza eta esnea ere aztertuko dituzte -behiak larreetatik elikatzen baitira-. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak lankidetza hitzarmen bat sinatu du EHUrekin eta CSICrekin, ikerketa egiteko. Andoain, Astigarraga, Lasarte-Oria, Hernani, Urnieta eta Usurbilen egingo dituzte azterketak.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia