Hondakinen planaren erakustaldia luzatu egin dute
Nafarroako talde ekologistek helegitea aurkeztu diote planari, parte-hartzerik gabe onartu dela argudiatuta
Erredakzioa.
IruñeaHondakinak kudeatzeko plana erakusketan edukitzeko epea azaroaren 15 arte luzatzea erabaki du Nafarroako Gobernuak. Maiatzaren 31n argitaratu zuten Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin-behineko planaren onarpena; aldizkarian, zehaztu zuten uztailaren 23 arte egongo zela plana ikusgai, helegiteak aurkezteko eta ekarpenak jasotzeko. Herenegun ezker abertzalearen eta Nafarroa Bai koalizioaren salaketak jaso zituen, horregatik, planak. 45 eguneko epea motzegia zela iritzita, erakustaldia luzatzeko eskatu zuten. Atzo Nafarroako mankomunitateetako ordezkariekin bildu ziren Nafarroako Gobernuko ordezkariak; Begoña Sanzberro Ingurumen kontseilaria eta Amelia Salanueva Herri Administraziorako kontseilaria izan ziren bileran gobernuaren ordezkari, eta mankomunitateetako ordezkariei jakinarazi zieten erakusketako epea luzatzea erabaki dela, plan berriaren «garrantziagatik eta konplexutasunagatik». Gobernuak Iruñerriko Mankomunitatearekin eta Nafarroako Hondakinen Kontsortzioarekin batera hartu du erabakia, eta irailean eta urrian parte-hartze prozesu bat abiatzeko asmoa agertu du.
Parte-hartze hori falta izan delakoan, hain justu, planaren aurkako helegitea aurkeztu dute Greenpeace, Ekologistak Martxan eta 3R (Bakandu, Berrerabili, Birziklatu) erakundeek. Hondakinen plana bertan behera uzteko eskatu dute; taldeen esanetan, Europako araudiek behartzen dute hondakin planak egin aurretik parte-hartze prozesuak egitera. Kudeaketa planean, gainera, ez dutela helbururik zehaztu eta errauste plantaren ordezko aukerak ere ez direla aztertu salatu dute talde ekologistek: «Alderantziz egin da plana: errauste planta bat egiteko asmotik abiatu, eta gero txostena egin da, saihestezina dela esateko». Ekologistek nabarmendu dute «negozioa» dela hondakinak erraustea, eta Nafarroak galdu egingo duela 20 urtean hondakinen kudeaketan izan duen «abangoardia». Ikatzezko zentral termikoek baino CO2 gehiago isurtzen dute errauste plantek, talde horien esanetan, eta energia sortzeko ere ez dira errentagarriak.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
