Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:52

EUSKALHERRIA;2010-06-18;Debagoieneko Mankomunitateak atez ateko bilketaren alde egin du. Mankomunitateko Ingurumen Batzordeak aho batez onartu du, eta Gobernu Juntak berretsi behar du orain

Debagoieneko Mankomunitateak atez ateko bilketaren alde egin du

Mankomunitateko Ingurumen Batzordeak aho batez onartu du, eta Gobernu Juntak berretsi behar du orain

Mikel Peruarena.

Donostia

Debagoieneko Mankomunitateko Ingurumen Batzordeak oniritzia eman dio, aho batez, hondakinak atez ate biltzeko egindako proposamenari -Aralarreko, EAJko eta ezker abertzaleko ordezkariak batzen dira ingurumen batzordean, baita hautetsi independente bat ere-. Heldu den astelehenean bilduko da mankomunitateko Gobernu Junta, eta orduan hartuko du atez atekoa ezartzeari buruzko behin betiko erabakia. Ingurumen batzordeak eskualde osorako eman du erabakia, baina proposatu du legegintzaldi honetan Antzuolan eta Elgetan hastea atez ateko bilketarekin. 2012 edo 2013rako mankomunitateko zortzi herrietara zabaltzea lortu beharko litzatekeela ere adierazi dute batzordeko ordezkariek. EAJko ordezkariak nabarmendu du ez dagoela atez ateko bilketaren aurka, baina nahiago duela bosgarren edukiontzia; nolanahi ere, ez du proposamenaren aurka egin.

Ekainaren 9an eman zuen baiezkoa batzordeak; baina apirilaz geroztik mahai gainean eduki du atez ateko bilketari buruzko txosten bat. Jordi Colomer eta Jon Kortabarria teknikariek egin dute azterketa hori, jakiteko eskualdean atez atekoa jartzeak zer eragin izango lukeen, eta ondorio argia atera dute: atez atekoa ekonomikoki eta ekologikoki bideragarria eta gomendagarria dela ondorioztatu dute. Atez ateko bilketarekin, eta etxean konposta egitearekin, teknikariek kalkulatu dute mankomunitateak 930.000 euro aurreztuko dituela 2010etik 2016ra.

Colomer eta Kortabarriak nabarmendu dute etxean konposta egitea osagarri garrantzitsua dela atez atekoarentzat, hondakin kopurua murrizteko. Industria atez ateko bilketan sartzea eta zabor gehiago sortzen dutenek gehiago ordaintzea ere proposatu dute. Horrekin batera, Usurbilen, Hernanin eta Oiartzunen egiten den legez, etxean konposta egiten dutenei hobariak jartzea eta zaborraren tasak %10 eta %40 artean gutxiago kobratzea ere proposatu dute.

4,3 milioi euroko kostua izango luke Debagoienan atez atekoa ezartzeak, teknikarien esanetan; orain bertan zaborraren tasekin kopuru hori baino 145.000 euro gutxiago biltzen direla azaldu dute eta, hortaz, bideragarri ikusten dutela atez atekoa ezartzea. Txostenean nabarmendu dute, bestalde, Debagoieneko herritarrek elkartasun tradizioa, kooperatibismoaren ezagutza eta ingurumen kontzientzia dituztela; atez atekoa ezartzeko, baldintza egokitzat jotzen ditu horiek. Gipuzkoako birziklatze ehuneko altuenetakoa du Debagoienak: hiri hondakinen %32 inguru bereizita biltzen du. Baina, mankomunitateko ordezkariek diotenez, gelditu egin da ehuneko hori, eta ez du gora egiten. Horregatik eskatu zuten, hain justu, atez ateko bilketari buruzko txostena, bilketa selektiboa eta birziklatzea handitzeko helburuarekin.

100.000 gipuzkoar

Egun Gipuzkoako hiru herritan biltzen dira hondakinak atez ate: Usurbilen, Hernanin eta Oiartzun. 36.000 herritar inguru dira, hortaz, bilketa sistema hori dutenak. Aurreko astean beste bost herrik iragarri zuten atez atekoa ezartzeko asmoa: Amasa-Villabona, Aduna, Alegia, Anoeta eta Ikaztegietak. Debagoieneko zortzi herriek bat egingo balute, 100.000 herritarren baino gehiagoren hondakinak bilduko lirateke atez ate Gipuzkoan.

Debagoiena



Herria. Biztanleak.

Antzuola.	1.900


Aretxabaleta.	6.300


Arrasate.	23.166


Bergara.	15.075


Elgeta.	960


Eskoriatza.	3.921


Leintz-Gatzaga.	243


Oñati.	10.780


Guztira.	62.345

Erraustearekin Gipuzkoa ez «zigortzeko» eskatu diote Aldundiari



Gipuzkoarrak errauste plantarekin ez «zigortzeko» eskatu diote Erraustearen Kontrako Gipuzkoako Taldeen Koordinakundeak eta Usurbilgo Itunak Gipuzkoako Foru Aldundiari. Etzi Donostian manifestazioa egingo da, Moratoria. Errauste plantarik ez lelopean, 12:00etan, eta hara joateko deia ere egin dute. «Sei urteko luzapenarekin, erakutsiko dugu atez ateko bilketarekin emaitza paregabeak lortzen direla», adierazi dute: «Gipuzkoan hondakinen kudeaketa garbi eta osasuntsua egin daiteke». Salatu dute, bestalde, EITBk «erretiratu eta isilarazi» egin dituela manifestaziora dei egiten zuten soinu deiak.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia