Hondakinen plana ez dela iraunkorra salatu du NaBaik
Ezker abertzaleak eskatu du konpostatze eredua indartzeko eta plana eztabadaitzeko epea handitzeko
Erredakzioa.
IruñeaNafarroan urtero 290.000 tona hondakin inguru sortzen direla eta horietatik 200.000 errauste planta batean erretzea ez dela iraunkorra uste du Nafarroa Bai koalizioak. «Ematen du hondakinak ezabatzeko ereduaren alde egitea erabaki duela Nafarroako Gobernuak», adierazi du NaBaik. Ezker abertzaleko Iruñeko hautetsiak ere hondakinen kudeaketa planaren aurka agertu dira: «Hondakinak gutxitzeari, prebentzioari, berrerabilpenari eta birziklatzeari buruz ez du helbururik zehaztu planak».
Nafarroako Gobernuak eta Iruñerriko Mankomunitateak joan den ekainaren 3an aurkeztu zuten hondakinak kudeatzeko plana. Bertan jasotzen da 2015. urterako errauste planta bat martxan jartzeko proposamena. 231 milioi euro inguruko kostua izango luke azpiegiturak. Txentxo Jimenez eta Aitor Etxarri NaBaiko parlamentariek agerraldia egin zuten atzo, hondakinen planari buruz koalizioak duen iritzia jakitera emateko. Ez dute begi onez ikusi 45 egunez jartzea plana erakusketan. Ordea, uste dute gobernuak denbora asko «galdu» duela plana «ezkutatzen».
Mikel Gastesi ezker abertzaleko zinegotziak ere salaketa bera plazaratu du eta, Iruñeko Udalean aurkeztu duen mozioaren bidez, Nafarroako Gobernuari eskatu dio plana eztabaidatzeko parte-hartze prozesu bat abiatzeko. NaBaik, berriz, uste du sei hilabete behar direla plana erakusketan uzteko eta parte-hartze prozesu bat irekitzeko. Amelia Salanueva Herri Administraziorako kontseilariaren eta Begoña Sanzberro Ingurumen kontseilariaren agerraldiak eskatu ditu NaBaik. Eta galdegin du Iruñerriko, Erriberako, Izarbeibarko, Mairagako eta Montejurrako mankomunitateak Nafarroako Parlamentuan agertzea, planari buruz duten ikuspegia azaltzeko.
Gastesik aurkeztutako mozioan, erraustea alboratu eta konpostatzea indartzearen alde agertzeko eskatzen du. Errausteak gizartean «ezinegona» sortzen duela, eta garestia dela adierazi du Gastesik. Bestalde, %80 birziklatzeko aukera ematen duten kudeaketa ereduak daudela adierazi du.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
