Errauste planta geratzea du xede Gipuzkoa Zero Zabor taldeak
Zubietako errauste plantak ez duela «ez hankarik ez bururik» adierazi dute sortu berri den mugimenduko bultzatzaileek
Bat egin dute igandean erraustearen kontra Donostian egingo den manifestazioarekin
Ainara Arratibel.
DonostiaAtez atekoaren aldeko eta erraustearen aurkako taldeek bat egin, eta Gipuzkoa Zero Zabor gizarte mugimendua sortu dute. Ekonomiaren zein osasunaren ikuspegitik Zubietako (Donostia) errauste plantak ez duela «ez hankarik ez bururik» aldarrikatu, eta Gipuzkoa «zero zaborreko lurraldea» izatea lortu nahi du mugimendu berri horrek. «Gaur egun 37.000 gipuzkoarrek atez ateko bilketa egiten dute. Gipuzkoa Zero Zaborraren aitzindariak dira. Zubietako proiektu toxikoa geratuko dugu, jatekoa kenduta», adierazi du mugimenduko kide eta Usurbilgo Atez Ate Dudipe! bilguneko ordezkari Ainhoa Arrospidek.
Orain arte Gipuzkoan egin den hondakinen kudeaketa «ezin txarragoa» izan dela salatu du Arrospidek. «Zabortegi handi eta kutsagarriak bultzatu dituzte. Orain, gainera, hori egin dutenek errauste planta toxikoak bultzatzen dituzte konponbide gisa. Baina ez batak eta ez besteak ez dute zaborren arazoa konpontzen».
Hala, Arrospidek adierazi du Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dutela «eskubiderik herritarren osasuna arriskuan jartzeko». «Europako araudia zuhur beteko dutela esango digute, eta puntako teknologia ekarriko dutela. Baina ez digute esango ez dagoela gorputza toxikatzen ez duen dioxinarik. Eta hori da, hain zuzen, errauste plantarekin egingo dutena: lurra, ura, airea eta gorputzak dioxinaz eta furanoz bete».
Arrospidek azaldutakoaren arabera, errauste plantan sortuko denaren %30 errauts edo zepa moduan irtengo da. «Hondakin arriskutsu eta toxiko horiek, gai arriskutsu eta kutsagarrietarako zabortegietara eraman beharko dituzte. Beraz, Carlos Ormazabalek gezurra esaten du errauste plantek zabortegiekin amaituko dutela ziurtatzen duenean».
Gainera, krisi garai honetan halako azpiegitura batean «ia 500 milioi» gastatzea «dirua xahutzea» dela nabarmendu du Arrospidek. «Gipuzkoako udal guztiak ekonomikoki itoko dituen proiektua da. Minbizia eragiten duen proiektu bat ordaindu beharko dugu herritarrok gure poltsikotik».
Atzeratzeko eskaria
Hori guztia kontuan hartuta, errauste planta sei urtez atzeratzeko eskatu dute, eta Zero Zabor programa ezartzeko. Horren bidez hondakinen gaikako bilketa eraginkorragoa, eta birziklatzea nahiz konpostatzea bultzatzea lortuko litzatekeela dio Arrospidek. Ikerketaren beharra ere nabarmendu du. «Birzikla ezin daitezkeen materialak nola birziklatu ikertu behar da».
Mugimenduak bat egin du erraustearen aurka igandean Donostian egingo den manifestazioarekin. Usurbilgo Itunak deitu du protestara, eta 12:00etan abiatuko da Bulebarretik Osasunaren alde, Atzeratzea, Errausteari ez leloarekin. «Beren seme-alaben etorkizuna zaindu nahi duten gurasoei eta beste Gipuzkoa bat nahi duten gazte guztiei bertan parte hartzera deitzen diegu. Denen artean errauste planta geratzea lortuko dugu».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
