Litioa, harribitxi berria
Afganistanen 820.000 milioi eurotan balioetsitako meategia aurkitu dute, mineral preziatuz horniturik
Ane Urrutikoetxea.
Altxor guztiak ez dira urre eta zilarrezkoak. Afganistanek landu gabeko diamantea aurkitu du bere lurretan: litioz hornitutako meategia. Geologo estatubatuarrek bi urte zeramaten lurraldea ikertzen, eta 820.000 milioi eurotan balioetsi dituzte litioaz gain, urrez, kobrez, kobaltoz, burdinaz eta niobioz hornituriko hobia. Orain arte Bolivia zen litio erreserbarik handiena zuen herrialdea. Aurkikuntzak aurreikusi ezin daitezkeen aldaketak ekarriko ditu herrialdean.
Desiratua bezain urria da litioa. Zilar koloreko metal bigun hori ezinbestekoa da teknologia tresnak egiteko. Ordenagailu zein sakelako telefonoen bateriak metal horrekin egiten dira, eta horrek litioa harribitxiak bezain preziatua bihurtzen du. Azken bost urteetan hamar aldiz biderkatu da horren balioa: 2003an tona batek 285 euro balio zuen, eta 2009an, 2.500 euro.
Autoaren industriarentzat ere, litioa ezinbestekoa da. Etorkizuneko auto hibridoak, elektrizitatea eta orain arteko erregaiak konbinatzen dituztenak, egin ahal izateko pisu gutxiko bateriak egin behar dituzte, baina tamaina eta indarrari uko egin gabe. Litioa da ezaugarri horiek berma ditzakeen metalik egokiena.
Aurkikuntzak sekulako aldaketak eragingo ditu Afganistango ekonomian. Opioa da herrialdearen diru iturri nagusia, eta herrialdearen %90 nekazaritzatik bizi da. Gas iturriak ere badituzte, estatubatuarrek kudeatuta. Altxorrez betetako meategiak industria berriak eta atzerriko enpresen inbertsioak ekarriko dituela aurreikusi du Jauad Omar-ek, Meategi eta Industria ministroak: «Zorionez, geologo estatubatuarrek aurkitutako meategia ez da bakarra. Afganistanek mineralez betetako hobi gehiago ere badauzka».
Sei hilabete barru hasiko dira meategia ustiatzen. Uahid Omar Gobernuko bozeramailearen esanetan, metalak modu egokian ateraz gero herrialdeak etorkizun oparoa izango du: «Aspaldian jaso dugun albisterik onena da. Aurkikuntzak herrialde garatua bihurtuko du Afganistan. Ahal bezain laster hasiko gara ustiatze lanetan, ondoren mineralak atera eta enkantean ipintzeko».
Dena den, ustiaketa lanek urte luzez iraungo dute, herrialdeak azpiegiturak falta baititu. Bertako Gobernuak Ameriketako Estatu Batuetako lan talde baten eta nazioarteko enpresen laguntzaz bideratuko ditu lanak. Txinako Metallurgical Group enpresak eta Jiangxi Copper Co. kobre ekoizleak jada inbertitu dute Kabulgo hegoaldeko hobi batean.
Etorkizuna, lainopean
Aurkikuntza egoera politiko gatazkatsuan iritsi da Afganistanera. Herrialdeak etengabeko gerra egoera bizi du 2001eko irailaren 11an gertatutako atentatuaren ostean AEBek inbaditu eta talibanak boteretik bota zituztenetik. Orduz geroztik, nazioarteko indarrek eta bertako gobernuak ez dute konponbide baketsurik lortu. Aurkitutako mineralak lurralde osoan zehar daude sakabanaturik, iparraldetik hegoaldera. Pakistango muga inguruan ere badira, eta bertan talibanen mehatxua nabarmenagoa da. Egoerak norantz joko duen asmatzea ezinezkoa da; baliteke talibanek galdutako lurrak berreskuratzen saiatzea, haien balioa jakin ostean.
Horretaz gain, baliteke herrialde boteretsuak gatazkan sartu nahi izatea, nolabaiteko probetxua ateratzeko asmoz. AEBak Txinara begira jarri dira. Dena den, Barack Obamaren gobernuak aurkikuntza ona izango dela adierazi du. Ez litzateke mineralek eragindako lehen gataka izango, koltanak zein diamanteak hainbatetan sortu baitituzte liskarrak.
Hamid Karzaik soldadu afganiarrak erabiliko ditu Kandaharren
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
