Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:50

EUSKALHERRIA;2010-06-11;Jazarpena salatzen ari ziren hiru gazte atxilotu dituzte Erroman. Segiren kontrako polizia operazioaz geroztik falta ziren hiru gazteak; prentsaurrekoa ematekotan ziren

Jazarpena salatzen ari ziren hiru gazte atxilotu dituzte Erroman

Segiren kontrako polizia operazioaz geroztik falta ziren hiru gazteak; prentsaurrekoa ematekotan ziren

Agentziak.

Espainiaren eta Frantziaren aldetik jasaten duten «jazarpena» salatu nahi zuten, baina horretara iritsi aurretik Italiako Polizia jazarri zaie, eta atxilotu egin ditu Fermin Martinez, Artzai Santesteban eta Zuriñe Gojenola. Espainiako Polizia eta Guardia Zibila, azaroan Segiren kontrako operazioan 34 gazte independentista espetxeratu zituztenean, hiru horiek atzematen ere saiatu ziren, baina ez zituzten topatu. Atzo agertu ziren hirurak, Erroman.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburua han zela baliatuz, prentsaurrekoa emateko asmoa zuten hirurek, Erromako Legebiltzarraren aurrean. Deialdian azaldu zutenez, euskal gazteriak Espainiako eta Frantziako estatuen aldetik jasotzen duen «jazarpena» salatu nahi zuten, eta bi estatuei gatazkaren konponbide politiko eta demokratikoa eskatu.

Hori egin aurretik atxilotu zituzten, ordea. Lekukoen testigantzarik ez dagoenez, ez dago argi atxiloketak nola izan ziren. Nolanahi ere, Espainiak Erroman duen enbaxadako iturriak aipatuz Efe berri agentziak zabaldu duenez, merkataritza gune batean atxilotu zituzten, beren egoeraren berri ematen zuten eskuorriak banatzen ari zirela. Iturri horien arabera, pankarta bat zabaltzen hasi ziren, eta orduan atxilotu zituen Poliziak; polizia etxera eraman zituzten, identifikatu, eta Espainiari jakinarazi zioten bila zebiltzan hiru gazte atxilotu zituztela. Izan ere, hiru lagun horiek bilatzeko eta atxilotzeko agindua emana zuen Espainiak.

Hiru gazteak polizia etxera eraman zituzten, eta oraingoz ez dago haien berririk. Ikusteko dago Italiak Espainiaratze prozesua abiatuko duen.

Atxiloketa horiek salatzeko elkarretaratzeak egin ziren hainbat herritan, besteak beste Lekeition. Eta elkarretaratzearen ostean Ertzaintzak kargatu egin zuen han bildutakoen aurka.

Telleria, aske

Frantziak aske utzi du Ion Telleria, herenegun Lapurdin atxilotu zuen gaztea. Hura ere Segiren kontrako operazioan atxilotzen saiatu ziren, baina ez zuten aurkitu. Idiazabalgoa (Gipuzkoa) da, baina Urruñan bizi da. Atzo, Paueko Auzitegira eraman zuten, eta aske utzi zuten. Nolanahi ere, Telleriak Auzitegira agertu beharko du asteartean, bere kontrako euroaginduari buruzko saioa egingo baitute.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande Marlaskak eman zuen Telleria atxilotzeko agindua, eta Segiko «buruzagitzat» jo zuen. Gazte independentisten bozeramaile izandakoa da Telleria, Ainara Bakedanorekin batera. Bakedano ere ez zuten aurkitu azaroko operazioan. Bere burua Auzitegira aurkeztera zihoala atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta zuzenean epailearen aurrera eraman ordez, inkomunikatu egin zuten. Inkomunikazio garaian tortura gogorrak jasan zituela salatu zuen, eta gauza bera egin zuten operazio hartan atxilotu zituzten hainbat eta hainbat gaztek.

Operazio horrekin lotuta, beste lau lagun ere atxilotu ditu Frantziako Poliziak, Lapurdin: Carlos Renedo, Gaizka Likona, Asier Coloma eta Olatz Izagirre.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia