Atez atekoa jartzeko asmoa dute Tolosaldeko bost herritako udalek
Amasa-Villabona, Aduna, Anoeta, Alegia eta Ikaztegietako alkateek errauste planta atzeratzeko eskatu dute
Erredakzioa.
DonostiaAtez ateko zabor bilketaren sistema jartzeko pausoak emango dituzte Amasa-Villabonan, Adunan, Anoetan, Alegian eta Ikaztegietan (Gipuzkoa). Herri horietako alkateen arabera, Tolosako mankomunitateak Tolosaldean bosgarren edukiontzia jartzeko proposamena egin berri du, hondakin organikoak biltzeko; bost herriotako alkateen erantzuna «argia» izan da, ordea: ezezkoa. «Gure udalerrietan atez ateko sistema jarri nahi dugula esan dugu mankomunitatean». Hala, orain, mankomunitateko lehendakariaren erantzunaren zain daude Amasa-Villabona, Aduna, Anoeta, Alegia eta Ikaztegietako udal ordezkariak. Erantzuna «dena delakoa izanda ere» erabakiak atzera bueltarik ez duela eta mankomunitatetik atez atekoaren aurkako erantzuna jasotzen badute ere «udalen bidez atez ateko sistema jartzeko pausoak» emango dituztela iragarri dute, ordea. Areago, mankomunitatearen proposamena ez dutela ulertzen adierazi dute.
Gipuzkoan «urrats sendoak» egiten ari dira bost herriotako alkateen irudiko. Hala, Usurbilen, Hernanin eta Oiartzunen lortutako emaitzak «zoriontzekoak» direla, eta sistemara atxikiko liratekeen herriok ez direla hutsetik abiatzen nabarmendu dute. Egun, Tolosaldean hondakinen %30 inguru birziklatzen da, herri horietako alkateen arabera. Gogora ekarri dutenez, ordea, Usurbilen atez ateko zabor bilketaren bidez «%80tik gorako birziklapen tasak lortu dituzte». Bosgarren edukiontziaren sistemaren emaitzak ere «ezagunak» eta «konparagarriak» dira alkateon irudiko: «Bosgarren edukiontziarekin herritarren %15ek bakarrik hartzen dute parte, eta atez atekoarekin, herritar guztiek».
Gipuzkoan «zero zabor» programa bat ezartzea «gero eta posibleagoa» da bost herriotako alkateen hitzetan. Beraz, errauste plantaren proiektua sei urtez atzeratzeko eskaera egin diote foru aldundiari. Eskaera berberarekin Usurbilgo Itunak eta Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinakundeak deituta ekainaren 20an Donostian egingo den manifestaziora joateko ere eskatu diete herritarrei.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
