Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:49

EUSKALHERRIA;2010-06-10;6,7 milioi euroko aurrekontua du Bizikidetza Planak, 2011ra arte. Egitasmoari «sostengu kritikoa» eman dio EBk, plana «garatzea atzeratzea baino inportanteagoa» delako

6,7 milioi euroko aurrekontua du Bizikidetza Planak, 2011ra arte

Egitasmoari «sostengu kritikoa» eman dio EBk, plana «garatzea atzeratzea baino inportanteagoa» delako

Erredakzioa.

Bilbo

PSE, PP eta UPDren erabateko babesarekin, EBren «sostengu kritikoarekin», Aralarren eta EAren «arbuio irmoarekin» eta EAJren oniritzirik gabe jarriko da martxan irailean Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetza Demokratikorako eta Terrorismoaren Deslegitimaziorako Plana. Herrizaingo, Justizia eta Hezkuntza Sailek egitasmoa aurkeztu zuten atzo Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza eta Giza Eskubideen Batzordeetan; Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak iragarri zuenez, 2011ra bitartean 6,7 milioi euroko aurrekontua izango du planak.

Azalpenen ostean, planarekiko jarrera hartu zuten alderdiek. Egitasmoari erabateko babesa adierazi zioten PPk, PSEk eta UPDk. EBk «sostengu kritikoa» azaldu zion, «plana garatzea atzeratzea baino garrantzitsuagoa» delakoan. EBk ontzat jo du «terrorismoaren biktima guztiak» barneratu izana, baina gaitzetsi egin du ekintzen «planifikazio eza».

Aralar, ordea, planaren aurka agertu da: «Ez da hezkuntza plan bat, terrorismoaren aurkako politika ikasgeletara eramateko egitasmoa baizik». ETArena ez den edozein indarkeria «ia desagertzen» dela gaineratu du. EAk ere ez du proiektua gustuko, eta euskal gizarteari barkamena eskatzeko galdegin dio Patxi Lopez lehendakariari, «planak ETArekiko tolerantzia agertu izan dela iradokitzen duelako». ELA, LAB eta EILAS sindikatuek ere berriro adierazi dute ez datozela bat «planaren forma eta edukiekin».

EAJk, aldiz, berretsi du planak «aurrerapausoak» dituela, baina ez diola egitasmoari erabateko sostengua emango. Iñigo Urkullu EAJren EBBko burua harago joan da bere blogean: «Lehendakariaren irudiaren zerbitzura dagoen tresna politikoa da plana».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia