Begiradak
Xabier Isasi Balanzategi. - Unibertsitateko irakaslea
Landless language
Iñaki Arregi Ihartza ermuarrak bere bizitzaren urterik oparoenak bere hizkuntzarako lurralde bila eman zituen. Bere jaioterria, Ermua, garai batean, euskararen lurraldea bazen ere, urteak joan eta trenak etorri eremu erdalduna bihurtu zen, oso erdalduna. Etxeko euskara minez Iñaki familiarekin Markinara joan zen, Peru Abarkaren eta euskararen lurraldera aterpe bila. Ermuan bi gizalditan ozta-ozta euskaldunak gehiengoa izatetik erabat zokoratutako gutxiengoa izatera igaro da.
Iñakiren haurtzaroan, 1960an, Ermuan 3.029 pertsona (INE) bizi ziren, artean Bizkaiko eskualde euskalduneko udalerri nahiko euskalduna zen. Hogei urte geroago, 1981ean, 18.705 biztanle zenbatu ziren Ermuan, horien artean 2.200 bat euskaldun. Biztanleriaren izugarrizko hazkuntza horren eraginez euskara erabat bazterturik geratu zen. Iñakik, beste askoren antzera, bazterketa hori ikusi barik bizi behar izan zuen.
Ez da erraza norbera nagusia izan eta bere etxean, halabeharrez, maizter bizi behar izatea, oso mingarria dela esango nuke. Arbaso euskaldun baten odoleko erdaldun batentzat ulergarria, eta onargarria, izan daiteke euskararen galera. Akaso, bere arbasoen hizkuntza zaharrak halako jakin-minen bat pitz diezaioke. Baina norberaren hizkuntzaren galera hori zuzen-zuzenean bizi behar izatea oso lazgarria da, aztoratu eta sumintzen gaitu. Udalerri erdaldunetan bizi den euskaltzalearengan euskararen berreskurapenak dakarren bizipoza eta udalerri euskaldunetako euskararen galerak dakarren arrangura sentimendu antagonikoak dira, baina oso intentsitate maila desberdinekoak dira. Kasurako Euskaldunon Egunkaria lehenbizikoz kalean ikusteak eman zigun alaitasuna ez da, inondik ere, konparagarria egunkariaren indarrezko itxierak sorrarazi zigun amorruarekin.
Oso zaila da arrangura eta amorruaren tankerako sentimendu negatiboetatik indar positibo eta eraikitzaileak ateratzea, sarri askotan mendeku-instintua pizten zaigu-eta. Alabaina, hori da gure ariketarik zailena: galerak dakartzan sentimendu negatiboetatik indar positiboak eta eraikitzaileak lortzea. Iñaki Arregi, nire ustez, eredu horietako bat izan dugu. Izan liteke bere jaioterrian indarrez arrotz bihurrarazi zutelako, izan liteke bere hizkuntza-kontzientziak horrela eskatzen ziolako, Iñaki bere hizkuntzaren biziraupenerako lurralde bila engaiatu zen.
Iñakik Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (Uema) aurkitu zuen euskararen lurraldea. Bera izan da hasiera-hasieratik erakundeko koordinatzaile nagusia eta mankomunitatearen eragilerik nekagaitzena. Iñakik ondo baino hobeto zekien lurralderik gabeko hizkuntza berandu baino lehenago desagertzera kondenaturik dagoela, bere jaioterrian bertan ikusi zuen-eta.
Euskarak bizirauteko, aurrenik eta behin, hiztunak behar ditu, paperean eta liburuetan bizi behar du, Interneteko amaraunean bizi behar du, eremu digitalean, publizitatean, telebistan, irratietan eta ikastetxeetan. Leku guztietan bizi behar du euskarak. Baina euskara hizkuntza bizia izan ahal izateko lurraldea ezinbestekoa du deitu Euskal Herria edo Uema, euskararen hiztun-elkarteak bizitzeko etxea behar du. Eskerrik asko Iñaki, ez adiorik.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
