Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:45

EUSKALHERRIA;2010-06-10;Ion Telleria atxilotu dute Lapurdin, haren aurkako euroagindua dela eta. Gazte independentisten aurkako operazioan ez zuten aurkitu azaroan; Segiko «buruzagitzat» jo du Grande Marlaskak

Ion Telleria atxilotu dute Lapurdin, haren aurkako euroagindua dela eta

Gazte independentisten aurkako operazioan ez zuten aurkitu azaroan; Segiko «buruzagitzat» jo du Grande Marlaskak

Jenofa Berhokoirigoin.

Baiona

Frantziako Poliziak atzo goizean atxilotu zuen Jon Telleria gaztea Lapurdin. Inkesta iturriek jakinarazi dutenez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande Marlaska epaileak bere aurka egindako euroagindu eskaeraren barnean egin dute atxiloketa. Grande Marlaskak Segiko «buruzagitzat» jo du gaztea. Baionako polizia etxera eraman dute, eta barda arratsean, edizio hau ixteko orduan, han jarraitzen zuen. Polizia iturriek jakinarazi dutenez, «48 ordu barne, Paueko Auzitegira eramango dute». Bertan jakingo du zehazki zer dioen bere aurka pausaturiko euroaginduak.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, azaroaren amaieran gazte independentisten aurka egin zuten polizia operazioan Telleria atxilotzen saiatu ziren, baina ez zuten etxean aurkitu.

Berez Idiazabalgoa da (Gipuzkoa), baina azken hilabete hauetan Urruñan (Lapurdi) bizi da, «bizitza erabat publikoa eginez», AAMk zehaztu duenez.

Goizeko 11:00 aldera atxilotu dute. Hainbat hedabidek zehaztu duenez, Urruñan gertatu da; haatik, AFP informazio agentziaren arabera, Senperen (Lapurdi) izan da. Polizia iturriek erran dutenez, bizikletan zihoala atzeman dute. Telleriak berak atxiloketaren berri eman du lankide bati deituz. Info7 irrati katean langile da gaztea. Polizia operazioa jakin bezain laster, «elkartasun osoa eta besarkadarik beroena» adierazi diote lankideek beren Interneteko gunean. «Logika errepresibo» hori gaitzetsi dute agiri baten bidez.

«Kriminalizazioaren adibide»

Gazte Independentistek atxiloketa salatu dute agiri baten bidez. Euskal gazteria independentistaren aurka Frantziako eta Espainiako estatuek daramaten «kriminalizazio kanpainaren beste adibide bat» dela adierazi dute. Hau da, gazte independentisten aldarrikapenei «kasu egitetik urrun», Frantziako Estatuak, «Espainiako Gobernuaren kolaborazioarekin», errepresioaren «apustua» egina duela argi dute.

Atzoko atxiloketarekin, «historia errepikatzen» dela ere erran dute. Hain zuzen, gazte mugimenduan lanean aritzeagatik Lapurdin atxilotu Carlos Renedo, Gaizka Likona eta Asier Coloma Espainiaratzeko erabakia plazaratu zuen maiatzaren 25ean Paueko Auzitegiak. Horiekin batera atxilotutako Olatz Izagirreren aurkako euroagindua onartzen ote duen asteartean jakinaraziko du epaileak.

Telleriak «independentziaren alde lan guztiz publikoa» egiteagatik atxilotu dutela zehaztuz, argi utzi dute ildo berean borrokan jarraituko dutela.

Telleriaren askatzea aldarrikatzeko, hirurogei bat lagun elkartu ziren barda 19:00etan Urruñan, eta 80 bat Idiazabalen.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia