Zero Zabor xedea zabaltzeko aliantza sortzeko dei egin die Usurbilgo Itunak gipuzkoarrei
Manifestazioa egingo dute hilaren 20an, eta diputazioari eskatuko diote inoren osasuna «arriskuan ez jartzeko»
Agurtzane Solaberrieta.
DonostiaEzohiko tokia aukeratu zuten atzo Usurbilgo Ituna sinatu duten alderdi politikoek, sindikatuek eta talde ekologistek Gipuzkoako Diputazioari errauste planta sei urtez gelditzeko eskatzeko: Donostiako Onkologikoa. Izan ere, euren arabera, errausketak herritarren osasunari kalte egiten dio, «minbiziari ateak zabaltzen dizkio», eta ez dute onkologikoari begira bizi nahi. «Inork ez du eskubiderik, ezta ahaldun nagusiak ere, inoren osasuna arriskuan jartzeko». Hain zuzen, horixe izango da ekainaren 20an Donostian egingo duten manifestazioan exijituko dutena: sei urteko atzerapena, haurrei etorkizun osasuntsua bermatzeko. «Etorkizuna da jokoan dagoena, gure haurrei utziko diegun ondarea», adierazi zuten. Manifestazioa 12:00etan abiatuko da Bulebarretik. Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak eta Maria Luisa Sanchez Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinakundeko ordezkariak hartu zuten hitza, sinatzaile guztien izenean.
Manifestazio hori ez da izango hilabete honetan errausketaren aurkako mobilizazio bakarra. Bihar, Orion, errauste plantaren aurkako eguna antolatu dute.
Soluziobide integrala
Hondakinen arazoari soluziobide integrala ematearen aldekoak dira. Horretarako, zaborrik sortuko ez duen hondakinen kudeaketa eredu bat behar dela uste dute. Eredu horren bihotza atez ateko bilketa, konpostatzea eta birziklatzea dira, euren irudiko. Horregatik, Gipuzkoa zero zabor lurraldea izan dadin, gipuzkoarrei dei egin diete Zero Zabor ereduaren aldeko aliantza osatzeko, alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileak bilduko dituena. Eurek konpromisoa hartu dute ahalik eta esparru gehienetan zero zabor politikak bultzatzeko eta, batez ere, atez ateko gaikako bilketa bultzatzeko.
Baina hori bideratu ahal izateko, diputazioari «aukera txiki bat» eskatu diote, eta errauste planta atzeratzeko. Gipuzkoarrengan konfiantza izateko eskatu diote. Izan ere, Usurbilgo Itunaren sinatzaileak ziur daude gipuzkoarrak prest daudela erronka horri erantzuteko. «Herritarrak ez dira arazoa, soluzioa baizik». Usurbilen, Hernanin eta Oiartzunen egiten ari direna jarri zuten adibide gisa, izan ere, euren arabera, erakusten ari dira ez dagoela hondakinak errausteko «inolako beharrik». Atez ate hondakin gehiago bilduko balira errauste planta «gosez hilko» litzatekeela uste du Errekondok.
Halaber, atzerapenak ados jartzea ekarriko lukeela diote. «Errauste plantak ez du babesik. Gipuzkoarron borondatearen aurka bultzatzen ari dira».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
