Medikuarenean ordaintzea aztergai
Maria Kutzek dio, Espainiako Gobernuak medikutara joateagatik ordaintzea proposatuko balu, aztertuko luketela
Eusko Jaularitzak proposatu du pentsiodun aberatsenek botikengatik ordaintzea
Ainara Arratibel-Aitor Renteria.
«Osasun sistemaren iraunkortasuna bermatzeko, herritarrek medikutara joateagatik ordaintzea aztertzen ari gara». Espainiako Osasun ministro Trinidad Jimenezek asteartean egindako adierazpen horiek, hautsak harrotu ditu. Atzo bertan, gaiaz mintzatu ziren Nafarroako Osasun kontseilaria Maria Kutz eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopez. Kutzen arabera, une hau «ez da egokia» neurri hori hartzeko. «Dena den, Madrildik proposamenen bat bidaltzen badigute, aztertuko dugu». Lopezek, berriz, iragarri zuen berriro aztertuko dutela pentsiodunek botiken gastuari egiten dioten ekarpena. «Pentsio handiena duten erretiratuek errezeta bakoitzeko diru bat ordaintzea aztertzen ari gara».
Europako Batasunean dagoeneko herrialde askotan ordaintzen dute medikutara joategatik. Horretarako moduak askotarikoak dira. Portugalen, adibidez, herritarrek hiru euro ordadintzen dituzte medikuarengana joaten diren aldiro. Alemanian herritarrek diru kopuru finko bat ordaintzen dute hiru hilero, eta horrekin nahi duten aldiro joan daitezke medikutara.
Osasun kontseilariek Jimenezekin egin zuten azken bileran, gaia aztertu zutela aitortu du Kutzek. «Kontuan izan behar da, krisia dela-eta osasun gastuak murrizteko hainbat neurri hartu direla. Eztabaida hor dago. Baina denak bat etorri ginen ez zela unerik egokiena neurri hori indarrean jartzeko».
Gainera, nabarmendu du «beti» agertu izan dela halako neurrien aurka. Alabaina, hemendik aste batzuetara, «herritarrak osasun zerbitzuek duten kostuaz jabetu daitezen», emandako arretaren gastuei buruzko faktura emango die gaixoei Osasunbideak.
Lopezek ukatu egin du medikutara joateagatik ordaindu behar izateari buruz hitz egin duela. «Demagogia alde batera utzi, eta eztabaidatu behar dena da pentsiodun aberatsenek botiken zati bat ordaindu ahal duten». Neurri horrekin «justizia soziala» egingo litzatekeela uste du. «Ez al da bidegabea langabezian dagoen gazte batek botikengatik ordaindu behar izatea, eta pentsiodun aberats batek ez?».
Gastuak gutxitzeko neurrien artean, Jaurlaritzak 8,73 milioi murriztu nahi du botiketan gastatutako dirua. Horretarako, besteren artean, generikoen erabilera bultzatuko du.
Botiken gastua gutxitzea izan da, hain zuzen, Espainiako Gobernuak defizita murrizteko iragarritako neurrietako bat. Murrizketa horiei lotuta mintzatu da aste honetan Jimenez, medikuarengana joateagatik ordaindu behar izatearen inguruan. «Ez dugu uste unerik egokiena denik neurri hori indarrean jartzeko, behartsuenei egingo bailieke kalte. Gainera, ez dugu garbi nola aplikatuko litzatekeen. Zalantzak eta desadostasnak handiak dira». Dena den, aitortu du Osasun kontseilariei hitz eman diela neurria aztertuko duela. «Gure zeregina osasun sistema indartzea da. Horretarako aukera guztiak aztertuko ditugu, baita medikutara joategatik ordaintzea ere».
Jimenezek ukatu egin du neurriak krisi ekonomikoarekin lotura duela. «Osasun ministro guztiek mahai gainean izan dute gai hori. Duela 20 urtetik aztertzen ari dira kontu hori. Gainera, kalkuluak egin ditugu, eta diru sarrerak oso txikiak izango lirateke». Espainiako Ogasunerako estatu idazkari Carlos Ocañak, ordea, adierazi du defizita murrizteko dekretu legean, neurria sartzekotan egon direla. «Ez dugu sartu, baina aukerak hor jarraitzen du».
Iparraldeko eredua
Ipar Euskal Herrian Gizarte Segurantzak ez ditu eri baten gastu guztiak bere gain hartzen. Eredua publikoa, erdi publikoa eta pribatua da. Pribatuan prezio libreak dituzte, baina kalte-ordainak Gizarte Segurantzak finkatutako kopuruetan ordaintzen dira. Zuzenean espezialistarengana joanez gero, finkaturiko kalte-ordainei dagokien zatia itzuliko die Gizarte Segurantzak. Gainerakoa eriak ordaindu beharko du. Halaber, bisita bakoitzeko euro bat ordaitzen diote sendagileari.
Erietxean igarotako egun bakoitzeko hemezortzi euro ordaindu behar ditu gaixoak. Erietxe psikiatrikoetan egoteagatik, kopurua 13,5 eurokoa da. Gizarte Segurantzak ez du beregain hartzen egonaldi hori, eta herritar askok mutuak hartzen dituzte, Gizarte Segurantzak ordaintzen ez dien diru guztia edo zati bat jasotzeko.
Akordioa Lapurdiko eta Gipuzkoako osasun etxeen artean
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
