Nazioen Mundua
Autodeterminaziorantz
Ospe eta ardura handiko hainbat eragileren babes plurala jaso eta gero, eta astiro-astiro bada ere, Nazioen Mundua, erabakitzeko eskubidearen aldeko proiektua, hazten ari da Goierri aldean.
Xan Harriague.
BeasainIdiazabalen jaio zen. Hazteko eta ikasteko kanpora joan behar izan zuen, ordea, baina betiere herrira itzultzeko asmoarekin. Sorterrian garatu nahi zuen eta herriaren esku utzi ikasitakoa. Nazioen Mundua zuen izena, eta atzo ongietorri beroa egin zioten Beasaingo Igartza jauregian. Dagoeneko ez da haurtzaroko idiazabaldar xume ura, harekin batera autodeterminazio eskubidearen alde lan egiteko Goierriko 30 bat eragileren babesa eta konpromisoa lortu baitu. Idiazabalgo kimua Goierriko kimu bihurtu da, eta denborak erakutsiko du Euskal Herrikoa bihurtuko ote den.
Babes plurala jaso du Nazioen Mundua proiektuak Goierrin erabakitzeko eskubidearen alde lan egiteko zabaldu berri duen adierazpenak. Duela mende batzuk egiten zen bezala, banan-banan pasatu ziren hura sinatzera Markel Olano Gipuzkoa ahaldun nagusia (EAJ), Karmele Aierbe eta Asier Imaz (ezker abertzalea), Mikel Leunda (EA), Patxi Aierbe (Aralar), Xabier Mendiguren Elizegi (idazlea eta editorea), Iñaki Murua (Bertsozaleen Elkartea) eta Gurutze Irizar (Fatimetu Saharako Lagunen Elkarteko kidea), besteak beste. Jauregia eta adierazpena jasotzen zuen pergaminoak Erdi Aroa ekartzen zuen gogora; Nafarroako Erresumaren baitan Euskal Herria bere buruaren jabe zen garaia, hain zuzen ere.
Baina Igartzako adierazpenaren oinarria eta helburua autodeterminazio eskubidea da, eta hura soilik. «Litekeena da Igartzan elkartu garenok Euskal Herriarentzat proiektu, egitura nahiz etorkizun ezberdinak nahi izatea, baina demokrazian oinarritzen den erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrerak ekarri gaitu hona». Euskal Herriaren nazio izaera defendatu zuten, baita dagokion erabakitzeko eskubide unibertsala ere. Funtsean, hori zen Nazioen Munduaren herri ekimena sortu zuten idiazabaldarren helburua; alegia, ideia, joera eta adin guztietako jendearen «gogoz eta grinez» erabakitzeko eskubidearen alde lan egitea. Horretarako ezinbestekotzat jo zuten herri ekimena izatea. Politikarien esku uzteko gai «garrantzitsuegia» zela pentsatu zuten, eta herritarrak eragile zuzenak izanen ziren egitura sortu zuten. Ikasteko asmoz, Eskoziako ereduak ezagutzen ibili ziren, eta handik honako irakaspen hau ekarri zuten: «Batzuek zein besteek erabakitzeko eskubidea modu naturalean bizi dute han». Hori lortu nahi dute preseski hemen. Geroztik Katalunian izan dira, eta orain beste urrats bat egitea erabaki dute. Horren harira datorren ekainaren 5ean, Larraitzen, ekimena babestu nahi duten guztiek babesten ahalko dute, han aurkeztuko baitute autodeterminazioaren aldeko Goierriko herri ekimena
Giro onean
Nazioen Munduaren antolatzaileek suertea izan zuten eguraldiarekin. Eguzkiak gogor jotzen zuen jauregiko paretetan. Baina haien barnean, goxo egiten zuen, ardo batez eta pintxoren batez gozatzeko lasai ederrean. Horrela aritu ziren bertan bildu ziren goierritarrak, batak besteekin hitz egiten zuten bitartean. Erdi Aroan ere horrela ibiliko ziren, baina atzoan ez zegoen jaun- txorik. Jauntxoa autodeterminazioa eskubidea zen.
@Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.nazioenmundua.net
Kanpaina
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
