Iurretako lanak baimenik gabe hastea egotzita, Adif auzitara eraman dute
AHTan 6,8 milioi euro jarri ditu Jaurlaritzak, Gipuzkoako lanen «erritmo onari» eusteko asmoz
Erredakzioa.
GasteizEspainiako trenbide sarea kudeatzen duen Adif enpresako zuzendariaren eta hark kontratatutako enpresetako baten aurka salaketa jarri du AHT Gelditu! Elkarlanak Durangoko Auzitegian. Iurretan (Bizkaia) AHT abiadura handiko treneko lanak hasi zituztela eta ez zutela horretarako baimenik leporatu diete. Zehazki, Orozketa auzoan lurrak mugitzen hasi zen salatutako enpresa, trenbidearen bidea egiteko eta AHTaren lanetarako zabortegia egiteko -garai batean ere zabortegia egon zen Orozketan-. Lur mugimenduak Eusko Jaurlaritzaren baimenik gabe hasi zituztela salatu du AHT Gelditu! Elkarlanak auzitegian. Garai batean Orozketan zabortegia egon zenez, lurrak mugitzen hasteko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak baimena eman behar zuela adierazi du taldeak.
Bestalde, datozen hilabeteetan Gipuzkoan eskaini edo emango diren AHTaren lanetarako, Jaurlaritzak 6,8 milioi euro jarriko dituela jakinarazi dute. Euskal Y-aren lanek «erritmo ona» daramatela eta, haiei eusteko asmoa agertu du Jaurlaritzak. Diruaren erdia -3,3 milioi euro- trenbide sareko plataformak eraikitzeko lanen zuzendaritza fakultatiboa egiteko erabiliko dira. Beste erdia -3,5 milioi euro- Ezkio-Itsasoko geltokiko eta Ezkio-Itsaso eta Beasain arteko plataformen eraikuntza laguntzeko erabiliko da, zehazki, lan horien laguntza zerbitzua hasteko. Urtea amaitu aurretik Gipuzkoako sei zati berritako lanak ematea espero du Jaurlaritzak.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
