Egin Bidea Bakeari
Bakearentzako aulkiak
Gatazka konpontzeko ardura dutenak eser daitezen eskatzeko, hilean bitan aulkiak atera eta eseri egiten dira 'Egin Bidea Bakeari' ekimenekoak. Hiru urte daramatzate hutsik egin gabe batzen.
Oihana Elduaien.
Aulki jokoan dabiltzala irudi luke. Baina ez dago musikarik, ez dago dantzarik eta ez dago motel ibiltzeagatik jokotik kanpo geratu den inor. Borobilean eserita daude, nahi duten guztiak, nor bere aulkian, isiltasuna arma hartuta. «Urte asko dituen gatazka baten parte» sentitzen direla eta «hitzaren, elkarrizketaren eta partaidetzaren bidez» hura «gizatiartzea eta indarkeria-ezaren aldeko baliabidean bideratzea» nahi dutela aldarrikatzen dute. Helburu horrekin, eta gatazka hori konpontzeko eseri behar dutenei jar daitezen eskatzeko, hiru urte daramatzate, hilaren aurreneko eta hirugarren ostegunetan, Bulebarrean borobilean esertzen, Egin Bidea Bakeari ekimenaren barnean.
Bakean bizitzeko eta elkarbizitzeko eskubidea dutela uste dute, baina eskubide hori ez zaie errespetatzen. Sufrimendu asko dago Euskal Herrian. Beren inguruan ikusten dituzte sufrikario horietako batzuk, eta berei tokatu zaizkie beste batzuk. Sufrimenduak bezala, ideologia ezberdinetako jendea da batzen dena. Konponbiderako goseak batzen duen jendea. «Ez gaude prest inguruan zein guk geuk jasaten dugun sufrimendu egoera lazgarriaren aurrean ezer egin eta esan gabe geratzeko. Hori dela eta, hemen esertzen jarraituko dugu, harik eta benetako bake prozesua abian jartzeko ardurak dituztenak dagokienean eseri arte».
Aulkien inguruan dantzan eta jolasean hasi ez badira ere, behin baino gehiagotan izan dute musika lagun. Bisitari bereziak izan dituzte kasu batzuetan, eta Pako Aristi, Mikel Markez zein Amaia Zubiria, adibidez, partaide izan dituzte. Atzo, kantua ez ezik dantza ere izan zuten lagun. Hirugarren urteurrena ospatzeko euskal dantzak izan zituzten. Urte bakoitzeko kandela bat piztu zuten, eta loreak ere izan zituzten inguruan. Kolore biziko loreak ziren, lortu nahi duten bake motaren adierazgarri: «Bake beroa, alaia, bizia, bazterketarik gabekoa, egunean adostua eta kolore anitzekoa».
Erosotasuna xede
Ekimenaren bultzatzaileek mimo handiz zaindu dute bertaratu nahi duen guztiaren erosotasuna. Hargatik, pertsona mailan aritu dira guztiak, eta Sabino Ormazabalek dion bezala, pertsonak jarri dituzte beti siglen aurretik. Ideologia askoko jendea batu ziren hasieratik, eta horretan jarraitzeko helburua zuten. Bilatzen zutena jasoz testu bat adostu zuten, eta hori dute adierazpen bakar. Eta norberak bere iritziak dituen arren, talde gisa ez dute balorazio politikorik egiten. Testu horren bueltan, eta aulkiak euskarri, 35etik 50 lagun ingurura batzen dira. Bilbora ere hedatu zen ekimena, eta herri gehiagotara zabaltzea ere nahi lukete antolatzaileek. Joxe Mari Iturriozek aitortzen du, ordea, beren ahalmena ez dela handia. Beraz, herrietan ekimena beren egin nahi dutenak esertzen hastea erabakiko balute, pozarren geratuko lirateke.
Gonbidapen bereziak ere egin izan dituzte. Esate baterako, Donostiako Udaleko zinegotziak gonbidatu zituzten kasu batean, artistak, kazetariak, graffiti egileak... Hiru urtean gauza asko egiteko eta gertatzeko beta baitago. Euria egin zuen duela hiru urte, aurreneko eserialdian. Euri jasa itzela. Erasotik babesteko, kioskoan zeuden etxegabeei bertan egoteko baimena eskatzera joan zen kideetako bat. Hitz egitetik bueltan zetorrela, zakur batek hozka egin, eta anbulatoriora joan behar izan zuen. Ertzaintzaren furgoneten artean ere eseri ziren beste batean. Haiek inoiz ez dute arazorik izan, baina tokatu izan zaie beste mobilizazio batzuen parean egokitzea. Egun hartan, Bulebarrera sartu ziren Ertzaintzaren furgonetak, eta haietako bi eserialdia egiten den tokiaren inguruan zeuden. Beren aulkiak atera, eta hantxe eseri ziren, bi furgoneten artean.
@Gaiari buruz informazio gehiago lotu nahi izatera, bisitatu ekimenaren bloga:
http://www.blogak.com/eginbideabakeari
Datuak
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
