Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:38

EUSKALHERRIA;2010-05-20;Sustapen Ministerioaren lanak, batez beste, urtebetez atzeratuko dira. 2010ean 3.200 milioi euro aurrezteko, besteak beste, lanen eskaintzak atzeratu eta hasitako lanak geratuko dituzte

Sustapen Ministerioaren lanak, batez beste, urtebetez atzeratuko dira

2010ean 3.200 milioi euro aurrezteko, besteak beste, lanen eskaintzak atzeratu eta hasitako lanak geratuko dituzte. Azpiegituren alorrean etorkizunean «ezer ez da berdin izango», Blancoren arabera

Lierni Alkorta-Iñaki Petxarroman.

Espainiako Gobernuaren inbertsio murrizketen ondorioz Sustapen Ministerioaren trenbide eta errepideetako lanak batez beste gutxienez urtebetez atzeratuko direla iragarri zuen atzo Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroak. Espainiako Kongresuko Sustapen Batzordean eginiko agerraldian eman zuen horren berri Blancok, eta inbertsio murrizketa ahalbidetzeko lanen eskaintza berriak atzeratu, epeak luzatu, hasitako lanak behin-behinean geratu eta hainbat gauzatze kontratu ere bertan behera utziko dituztela jakinarazi zuen.

Ondorioak «lurralde osoan» izango dira, gainera, Blancoren arabera, datozen lau urteetarako iragarritako azpiegituren eraikuntza planak berriz ere programatzea ekarriko baitu horrek. Edonola ere, ez zuen xehetasunik eman murrizketek eragingo dieten azpiegitura zehatzen inguruan; orokorrean mintzatu zen Blanco.

Areago, Sustapen ministroaren arabera, azpiegituren eraikuntzari dagokionean, etorkizunean «ezer ez da berdin izango», inbertsioen murrizketek «2011tik harago ere ondorioak izango dituztelako». Momentuz, 2010. urtean gutxienez 3.200 milioi euro aurreztu beharko ditu Blancok gidatzen duen ministerioak. Eta beste hainbeste 2011. urtean, Espainiako Gobernuak iragarritako inbertsio publikoaren murrizketaren «egokitze handiena» Sustapen Ministerioak pairatuko baitu, Blancoren beraren hitzetan.

Egokitze horiek guztiek «inbertsio programa guztia berriro planteatzea» eragin dute, Blancoren esanetan. Izan ere, Sustapen ministroaren arabera, Espainia azken hamabost urtean hedapen ekonomikoa «agortezina» balitz bezala bizi izan da: «Egoeraren araberako diru sarrerak egiturazkoak balira bezala».

«Gehiago eraiki aurretik, dauzkagunei errendimendu hobea ateratzeko gai izan behar dugu». Beraz, beharrezkoak diren azpiegiturei lehentasuna emango diete, Blancoren hitzetan: «Ekonomiaren lehiakortasunari eta kohesio sozialari egiten dioten ekarpenagatik». Hala, trenbideak, abiadura handikoa eta konbentzionala, lehentasunak dira Blancorentzat. Aurrerantzean idatziko diren proiektuetan, baita egun idazten ari direnetan ere neurriak txertatuko dituztela iragarri zuen Blancok, besteak beste, errepideen, trenbideen, aireportuen eta portuen eskaeren eta ustiapenen aurreikuspenei buruzko analisia. Neurri horiekin, eskaeraren «benetako beharretara» egokitu nahi ditu inbertsioak Sustapen ministroak.

Hainbat proiektu murrizketetatik kanpo geratu dira, ordea. Inbertsio publiko-pribatuaren ezohiko planaren bidez egin daitezkeen lanak izango dira horiek, Blancoren arabera. Hau da, kapital pribatuaren lankidetzarekin abiaturiko proiektuak.

«Ipuinak»

Jose Blanco Sustapen ministroaren hitzak «ipuinak» dira EAJrentzat. Hala esan zuen Espainiako Kongresuko Sustapen Batzordean Jose Ramon Beloki EAJko parlamentariak. «Urtez urte, literatura saldu zaigu, lan publikoen proiekzioaren eta kontrolaren plan argi bat zegoela esanez». Gezurra esan izana leporatu zion, beraz, Belokik Blancori. Horregatik, bere alderdia «guztientzat zertxobait gutxiago» formularekin ez dela ados egongo aurreratu zuen.

Era berean, Belokik galdetu zuen nola den posible zalantzan uztea AHTaren moduko lan bat «1994an Europan lehentasunezko gisara izendatu zena eta eman dituen urrats guztiak eman dituena» kohesio sozialagatik eta arrazoi ekonomikoengatik.

Espainiako Sustapen Ministerioak esaten dituenak «inork» ez dituela sinetsi behar ere adierazi zuen Belokik. Harago ere joan zen, eta zera esan zuen: «Zalantza handiak ditut, izan diren jokamolde batzuk ikusita, norbaitek ez ote lukeen Fiskaltzara jo behar».

 

Sustapen Ministerioaren lanak, Euskal Herrian



Errepideak bertako erakundeen eskuduntza izanda, trenbideetan, portuetan eta aireportuetan ari da egiten Espainiako Sustapen Ministerioa lan nagusiak Hego Euskal Herrian. Hauek dira haren obra nagusiak, eta haien egoera.

Abiadura handiko trena. Martxan ditu abiadura handiko trenaren lanak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriki sinatu du akordio bat Nafarroako Gobernuarekin Castejon eta Iruñea arteko lanak hasteko. Obren finantzazioa bermatzeko Hego Euskal Herriko bi gobernuekin hitzarmenak eginda dauzka Sustapen Ministerioak. Hitzarmenen arabera, Euskal Y-aren gastuak banatu ditu Jaurlaritzarekin: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zati bateko lanak Sustapen Ministerioak ordainduko ditu, Adifen bidez. Eta Ezkio-Itsaso eta Irun arteko lanak Jaurlaritzak. Ondoren, kupo bidez itzuliko lioke dirua Espainiako Gobernuak. Nafarroako Gobernuaren kasuan, antzeko eskema da: Castejon eta Iruñea arteko zatiaren 700 milioietatik 400 Nafarroako Gobernuak jarriko ditu, eta gainerakoak Madrilek. Martxan duen lanik garestiena da: guztira 8.000 milioi euro inguruko kostua izan dezakete Euskal Y-ak eta Nafarroako korridoreak.

Loiuko aireportua. 191 milioi euroko inbertsioa du aurreikusia Loiuko aireportua handitzeko lanetan. Obrak martxan daude dagoeneko, eta hasiera batean 2012an amaitzeko helburua dute. Obraren bidez, aparkaleku berria eta terminal berria egiten ari dira, sarrera-irteerak egokitzen, geldirik dauden hegazkinentzako espazioa handitzen, eta zentral elektriko berria eraikitzeko industrigunea antolatzen.

Noaingo aireportua. Urrian inauguratzekoak dira Noaingo aireportuko terminal berria. Kontrol dorre eta pista berria egiten ari dira, eta 28,2 milioi euroko inbertsioa egin du Aenak.

Hondarribiko aireportua. Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza iaz ados jarri ziren honetan: aireportuko pista 200 metroz luzatzea, 150 Mendelu auzo aldera, eta 50 itsaso aldera. Proiektua hasi gabe dago.

Bilboko portua. Aurten hasi dituzte Muskizko Arena hondartzatik hondarra ateratzen Bilboko portuan dragatze lanak egiteko. Guztira, 10 milioi metro kubo hondar aterako dituzte.

Pasaiako kanpoko kaia. Egitasmoa tramite ezberdinetan dago une honetan: hain zuzen ere, ingurumenaren iraunkortasunerako txostena egiten ari da Portuko Agintaritza. Erakunde horrek aitortu du, dagoeneko, obrak bizpahiru urtez atzeratuko direla, eta aurrekontua eta eremua erdira murriztuko duen proiektu berritua ari dela egiten. 750 milioi euroko aurrekontua izango luke proiektu berriak.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia