Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:38

HARIAN;2010-05-19;GIZON ETA EMAKUMEEN ARTEKO BERDINTASUNA. ELKARTE GASTRONOMIKOAK. Maskulinitatearen gotorleku. EAEko Defentsoriak egin duen txosten baten arabera, elkarte gastronomikoak kultur eta gizarte eragile garrantzitsuak dira, botere sareak sortzen eta iraunarazten dituzten lekuak eta prestigio iturrietarako sarbide.

EAEko Defentsoriak egin duen txosten baten arabera, elkarte gastronomikoak kultur eta gizarte eragile garrantzitsuak dira, botere sareak sortzen eta iraunarazten dituzten lekuak eta prestigio iturrietarako sarbide.

Maskulinitatearen gotorleku

Agurtzane Solaberrieta.

EAEko Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako Defentsoriak Elkarte gastronomikoen garrantzia eta eragina gizartean txosten berezia kaleratu berri du. Elkarte gastronomikoak ikuspegi antropologikotik zein ikuspegi juridikotik aztertu dituzte, eta ondorioa argia da: elkarte gastronomikoek oraindik ere baztertu egiten dituzte emakumeak. Bi elkartetik batek emakumeak ez ditu bazkide gisa onartzen. Dena dela, bada datu positibo bat: azken hamarkadan sortutako elkarteen bi herenak mistoak dira.

BERRIAk azterketa antropologikoari jarri dio arreta. Eta horretan ere, ondorioa argia da: gizonek boterea eta prestigioa mantentzeko gotorleku gisa dituztela elkarteak, maskulinitate eredu jakin batez gozatu ahal izateko.

1. Funtzio soziala

Azterketatik ondoriozta daiteke elkarte gastronomikoek funtzio garrantzitsua betetzen dutela gizartearentzako diren ekitaldietan; adibidez, herriko festetan. Eurek antolatzen dituzte festak, eta horietan parte hartzen dute. Azterketak dioenez, ekitaldietan izaten duten parte-hartze eta protagonismo horri esker, elkarteak goratu egiten dira, emozioa eragiten duten eta kolektiboaren sentimenduak berpizten dituzten ekitaldien ardura izaten dutelako, hala nola danborradak, ikurrinaren igoera, pregoia... «Inguruaren kohesioa erraztu eta komunitatekoa izatearen sentimendua sorrarazten dute, euren existentzia berrestearekin batera». Beste xehetasun bat ere nabarmendu dute: ekitaldi horietan elkarteek eta erakundeek une garrantzitsuak partekatzen dituzte eta, horren ondorioz, elkarteek gizartean duten balorazioa indartzen da .

2. Prestigio iturri

Hain zuzen, garrantzia duten ekitaldietan parte hartuta edota erakundeekin loturak izanda, elkarte gastronomikoetako zein elkarteetako bazkideen «prestigioa» handitzen da. Txostengileen arabera, horrek guztiak eragina du bazkideen estatusean.

Bestetik, elkarteek gastronomiarekin duten lotura beste faktore bat da haien prestigio soziala areagotzeko. Izan ere, gastronomia euskal etnizitatean nortasun ezaugarri garrantzitsua bihurtu da, eta, egun, euskal gastronomiak errekonozimendu handia du, ospea eta izen ona. Hala, elkarteak horren onuradun bihurtu direla uste dute. «Elkarteetatik emakumeak baztertzen badira, emakumeek ezin dute prestigio iturri horietatik edan».

3. Argudioak

Emakumeen bazterketa justifikatzeko batzuek eta besteek erabiltzen dituzten argudioak ere aztertu dituzte.

Lehenik eta behin, bazterketa justifikatzeko, elkarteek emakumeen inguruan estereotipoak eratu dituztela diote, hala nola: emakumeak gaitz guztien errudunak dira (gizonak kontrolatzen dituzte, liskarrak sortzen dituzte, agindu egin nahi dute...) eta ez dituzte elkarte gastronomiko batean elkarrekin egoteko behar diren gizonen ezaugarriak. Adituen esanetan, estereotipoak bi helburutarako ezartzen dira: batetik, bestetasuna markatzeko, kasu honetan emakumeena eta bazterketa justifikatzeko; eta, bestetik, estereotipoak sortu eta zabaltzeko, eta horri esker, boterea ezartzeko, hegemonia, alegia.

Hala, estereotipo horien bidez, elkarte gastronomikoa nolabait «etxetik babesteko» leku bihurtu nahi dute, hau da: leku erosoa betebeharrak ahazteko, emakumeen aginduetatik alde egiteko eta, lanaren ostean, umore ona arnasteko. Eta, bestetik, inplizituki ulertzen da emakumeak definitzen dituzten ezaugarri horiek ez daudela gizonengan, eta are gehiago, gizonek kontrakoak diren ezaugarriak dituztela, hots, adiskidetasuna, konfiantza, lankidetzarako eta partekatzeko gaitasuna... Elkarte gastronomikoen espiritua azaltzen dutenak, hain zuzen. Horregatik, ohikoak dira honelako adierazpenak : «Berezko soziedadeak izateari utziko diote» edota «beste gauza bat bihurtuko dira».

Bestetik, tradizioa zalantzan jar ezin daitekeen argudioa oso zabalduta dago. «Beti izan da horrela», da ohikoena. Hala, txostenaren arabera, tradizioa argudio gisa erabiltzen da gauzak bere horretan mantentzeko eta zenbait praktikaren inkoherentziak eragiten duen zalantza saihesteko; adibidez, emakumeak baztertzea berdintasunaren alde dagoen gizarte batean. Dena dela, adituen arabera, tradizioak, adierazpen kultural gisa, ez dira aldaezinak: «Berez, garai berrietara egokitzeko gaitasunak ahalbidetu du tradizioek denboran iraunaraztea».

Bazkideek erabiltzen duten beste argudio bat da emakumeek «oso modu onean» onartzen dutela egun batez eurei zerbitzatzea. «Hala, sinetsarazi nahi dute bazterketak emakumeei onurak ekartzen dizkiela». Emakumeen alde egiten dela, azken batean. Egoera hori emakume batzuek onartu egiten dutela ikusten da txostenean; izan ere, zenbait emakumerentzat elkartera joatea da etxeko lanez aske izateko une bakarra. Horren inguruan, txostenak ohartarazten du egoera horiek bazterketa gisa interpretatu behar direla, besteak beste, ezagutza eta prestigioa ematen diotelako espazio debekatuari (elkarteko sukaldeari). Hala, etxeko sukaldearen eta elkartekoaren arteko bereizketa argia sortu dela uste dute: lehenengoa emakumeena da; bigarrena, gizonena. Hala, elkarteetan prestatzen den janariak ezaugarri maskulinoak ditu (profesionaltasuna, prestigioa, balioa...), eta bereizi egin behar da emakumeek etxean prestatzen duten janaritik. «Elkartean denbora eskaintzen zaio. Etxean, ordea, betebehar bat da».

Ildo horretatik, egileek adierazgarritzat jo dute tradizioz emakumeenak ziren ezagutza eremuak gizonezkoek hartzean gertatu dena: lehen pribilegio eta balio sozialik ez zuten ezagutzak prestigio iturri bihurtu dira. Adibide gisa jarri dituzte joskintza, ile-apainketa, sukaldaritza eta gastronomia. «Ezagutza batek nola lortzen du prestigioa?».

Bada beste argudio bat ere: elkarteetan umeak onartu ala ez. Umeen presentziak eragin duen arazoa emakumeei sarrera baimentzearekin lotzen dute elkarte diskriminatzaileek. «Zaintza soilik emakumeen erantzukizuna dela adierazten da».

Hala, argudio horien ondorioz, txostenak nabarmentzen du elkarte gastronomikoek genero harremanak ulertzeko modu jakin bat eta sexu hierarkizazioa iraunarazten laguntzen dutela.

4. Salbuespenak

Hala ere, emakumeen betorako salbuespen bat badagoela egiaztatu dute ikerketan: garbitzailea, eta, kasu batzuetan, sukaldaria. «Ez die inolako gatazkarik sortzen emakumeak sukaldera sartzeak, eurentzako janaria prestatzeak eta gune guztiak garbitzeak». Oro har, elkartean inor ez dagoenean sartzen dira, eta gauez lan egiten duten «ipotxen antzekoak» direla diote, hurrengo goizerako lana dagoeneko eginda baitago. «Anonimoak dira, ikusezinak, eta, era berean, eraginkorrak eta beharrezkoak. Ez dira mehatxu bat; izan ere, haien presentzia eta funtzioa kontrolatuta eta mugatuta baitago», ondorioztatzen du txostenak.

5. Maskulinitatea

Defentsoriak ondorioztatu du gizonek, maskulinitate eredu zehatz bat birsortzen jarraitzeko eta emakumeen «kolonizazioari» aurre egin ahal izateko, espazio bat izateko beharra dutela. Gainera, debekuaren bidez, gizonek elkarteetan duten boterea betikotuko litzateke. Antzera gertatzen da herriko festetako ekitaldi nagusietan emakumeei parte hartzeko debekua ezarrita. «Horren atzean, prestigioa eta boterea galtzeko beldurra dago, hau da, maskulinitatearen ezaugarriak».

Honako ideia hau ere azpimarratzen da txostenean: ezin dira elkarte gastronomikoak emakumeen leku gisa ulertu, elkarteak «bizizalearen» irudiari lotuta baitaude, «bizi onaren» zale denari, janariaz eta edariaz gozatzeari, lagunekin egoteari. Ezaugarri horiek gizon euskaldunarenak direla esan ohi da, baina «inolaz ere ez» emakumeen ezaugarriak.

asolaberrieta@berria.info

%58,5



Emakumeak bazkide gisa onartzen ez dituztenen ehunekoa. EAEko elkarteen %58,5ek ez dituzte onartzen emakumeak bazkide gisa. Kopuru hori Gipuzkoan %45,8koa da, Bizkaian %79koa eta Araban %56,6koa. 1998tik aurrera sortutako elkarteen %63 mistoak dira.

%71,1



Hiriburuetako hiru elkartetik batek ez ditu onartzen emakumeak. Herri txikietan joera nabarmenagoa da emakumeak bazkide gisa onartzeko: %57,1ean ez dituzte baztertzen. Haatik, hiriburuetako elkarteetan (%71,1) emakumeak baztertu egiten dituzte.

323 elkarte elkarrizketatu ditu Defentsoriak



EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsoriarentzat lan egin duen enpresak 323 elkarte gastronomiko elkarrizketatu ditu, eta honako tresna hauek erabili dituzte: bakarkako eta taldekako elkarrizketak; parte-hartzearen behaketak; telefonoz egindako inkestak; eta kasuaren azterketak.

1.415



Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoen elkarte kopurua. Azterketaren arabera, Araban 220 elkarte daude, Bizkaian 464 eta Gipuzkoan 731, hau da, guztira 1.415 elkarte daude egun. 20.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan daude elkarte gastronomikoen erdiak baino gehiago.

1843



Lehen elkarte gastronomikoa sortu zen urtea. La Fraternal izenarekin sortu zen lehen elkarte gastronomikoa, 1843. urtean, helburu jakin batekin, estatutuetan jaso bezala: jateko eta abesteko gunea izatea.

Proposamenak eta estrategia orokorrak



Emakumeen eskubide urratzea gainditzeko, Defentsoriak hainbat proposamen egin ditu:

Erakundeen eginbeharra. Indarrean dagoen legedia betearaztea. Bestetik, erakundeei eskatzen die elkarte diskriminatzaileekin dituzten loturek dakartzaten ondorioei buruz kontzientzia hartzeko, eta, elkarte horietara ahal den gutxien joateko, komunikabideetan ez agertzeko eta elkarte horiek pertsona publikoekin duten lotura indargabetzeko.

Komunikabideen zeregina. Elkarte diskriminatzaileak hedabideetan gutxiago agertzea. 2008ko abenduaren 24an Teleberri-n agertutako moduko albisteak saihestea: elkarte horietako menu baten berri eman zuten, bazkideak janaria prestatzen zeudeneko irudiak erakutsiz. Horrelako erreportajeak elkarte mistoetan egitea proposatzen dute. Elkarte horiek gehiago atera behar dutela uste dute, berdintasuneranzko bilakaera positiboa erakutsiz.

Elkarte gastronomikoen espiritua eta helburuak aldatu gabe, eta tradizioa egokituz, elkarte asko daude egun gizonez eta emakumez osatuta. Horren adibide dira Donostiako Kresala eta Hernaniko Sagastialde.

«Bukatu egingo da bazterketa»

A. S.



U rte asko ditu Donostiako Kresala elkarteak. 1967. urtean sortu zen, kultura eta kirol eremuan gazteak eta familiak elkartzeko helburuz. Parrokiak berak bultzatuta sortu zuten. Donostiako beste elkarte askok bezala, zeresan handia du hiriko hainbat festatan. Bere lekua du. Gaur egun, elkartearen barruan hainbat talde dituzte, hala nola dantza taldea, mendi taldea eta danborrada. Eta elkarte gastronomiko gisa ere funtzionatzen du. Kanpoko jendearentzat, taberna txiki bat dute, eta elkartean sukaldea eta mahaiak bazkideek soilik erabil ditzakete. Gaur egun 550 bazkide ditu Kresalak: 300 familia dira eta 250 norbanakoak. Familiako edozein kidek du elkartea erabiltzeko aukera, nahiz eta boto bakarra izan.

Kresala betidanik egon da guztientzat irekita, Antxon Ormaetxea Kresalako presidentearen esanetan. Hau da, inoiz ez dute emakumea baztertu. Horixe izan da beste elkarte askorekin duen aldea. Dena dela, gogoratu du garai batean danborradan soilik gizonezkoek parte hartzen zutela. 1980. urtean, ordea, danborradan emakumeei ere lekua egitea onartu zuten. Ormaetxeak dio istiluak eta eztabaidak eragin zituela erabaki horrek. «Istiluak izan ziren, kanpoan zein elkartean bertan. Elkarte batzuek ez zuten nahi, baina lortu genuen gure elkartean gehiengoak emakumeek ere danborradan parte har zezaten onartzea. Lehenengoak izan ginen urrats hori egiten». Antxon Ormaetxeak dio pixkanaka-pixkanaka elkarte askok eman dutela pauso hori, eta gaur egun Donostian elkarte gastronomiko asko ez direla baztertzaileak. «Gizartean izaten ari diren aldaketetara egokitzen ari dira. Betikoek, ordea, ez dute urrats hori egin nahi». Arrazoien artean matxismoa egon daitekeela uste du, dena dela, ez da ausartu bestelako arrazoi batzuk aipatzen. «Gure elkartean emakumeak beti izan dira zuzendaritzetan, eta erabakietan zeresana izan dute».

Elkarte berriak, ildo berean

Gero eta gehiago dira gizon eta emakumez osatutako elkarteak sortzen dituztenak. Horren adibide da Hernaniko Sagastialde elkartea (Gipuzkoa). Nerea Miranda egun Sagastialde elkarteko bazkidea da. Bera izan zen, beste auzotar batzuekin batera, elkartea sortzeko beharra mahai gainean jarri zuena. Goizuetarra da izatez, eta Hernanira bizitzera joan zenean auzotarrak elkartzeko lokal edo gune baten premia sumatu zuen. «Goizuetan bizi ginenean elkartea asko erabiltzen genuen, eta hona etorri ginenean horren falta sumatu genuen. Gainera, Sagastialde auzo berria da, taberna gutxi daude, eta bikote gazte asko gaude. Hala, etxez etxe orri bat banatu genuen eta lehen bilerara jende asko etorri zen. Proiektu polita izan zitekeela ziur nengoen».

Horrela hasi zen elkarte gastronomiko bat sortzeko lehen urratsak egiten. 2002an hasi zuten abentura. Berak hartu zuen elkartea irekitzeko lanaren zama, eta, azkenik, 2007ko otsailaren 23an inauguratu zuten. Lau urtez izan da Miranda Sagastialde elkarteko presidente. Elkartea zabaltzeko gutxiengo bat adostu zuten: 50 lagun. Behin 50 lagun elkartu eta elkartea eraikitzeko dirua jarri zutenean, hasi zituzten elkarteko obrak eta proiektua bera gorpuzten. Denborarekin handituz joan da elkartea, eta egun 80 bazkide ditu. Gainera, 15- 20 lagun daude itxaron zerrendan, elkartean sartzeko gogoz. Mirandak azaldu duenez, norbanakoez gain, bikote gisa ere izan daiteke bazkide, nahiz eta boto bakarra izan. Elkartea erabiltzeko eskubidea, ordea, bikoteak du.

Garbi zuten hasiera-hasieratik elkartea mistoa izango zela, eta emakumeak ere bazkideak izango zirela. Eskubide guztien jabe izango zirela, alegia. Beste bat gehiago; ez gutxiago, ez gehiago. Mirandaren esanetan, gainera, emakumearen betekizuna oso garrantzitsua da euren elkartean. «Emakumeak bodegaren ardura izan dezake, diru kontuena, eta erakutsi dugu oso ondo egiten dugula. Elkarteko giroa ez da ezberdina. Oso giro polita dugu elkartean. Giro on hori beste elkarteetara ere zabalduko dela ziur nago. Bukatu egingo da bazterketa. Etorkizuna halaxe dator».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia