Milaka lagunek euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute, Iruñean
Kontseiluak jakinarazi duenez, Iruñean euskararen alde inoiz egin den manifestaziorik jendetsuena izan da. Euskaraz bizitzen ez uzteko arrazoirik ez dagoela salatu dute manifestazioan
Naiara Elola.
IruñeaMilaka eta milaka lagunek aldarrikatu zuten atzo Iruñeko karriketan barrena Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea. Euriaren mehatxuei aurre egin, eta Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako jende andanak bat egin zuen iragan martxoan Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak egindako manifestaziorako deiarekin.
Arratsaldeko seiretan abiatu zen manifestazioa Golem zinemetatik. Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea lelopean egin zen protesta saioak errepidearen bi aldeetan bildutako jende andanaren txalo zarten artean ekin zion bideari. Kontseiluak ez du zehaztu nahi izan manifestazioan parte hartu zuen lagun kopuruaren zifra. Hala ere, Iñaki Lasa Kontseiluko Ildo Politiko eta Institutzionaleko arduradunaren hitzetan, mugarria izango da: «Nafarroan euskararen alde inoiz egin den manifestaziorik jendetsuena izan da». Benetan hunkituta agertu zen Lasa. Azken hiru hilabeteetan egindako lanaren fruitua jaso izanaren irudipena zuen.
Dena den, argi utzi zuen Nafarroan eta Euskal Herri osoan euskararen alde lanean jarraitu behar dela. «Gure aldarriak ez dira manifestazio honetan geratzen, bihar ere euskararen normalizazioaren alde lanean jarraitu beharko dugu».
Festa giroa nagusi
Manifestazioaren leloa Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea zen, eta ehunka lagunek Euskaraz bizi nahi dut zioen kartela harro erakutsi zuten. Festa giroan egin zen manifestazioa, trikitixa, batukada eta joaldunen laguntzaz. Manifestazioaren ibilbidea 2,5 kilometrokoa zen, eta, BERRIAk jakin ahal izan duenez, manifestazioak bi kilometro pasatxoko luzera hartu zuen. Gazteluko plazara protesta saioan parte hartu zuten lehenak, 19:05ean edo iritsi ziren, Anje Duhalderen Euskarak ez du bere bidea galduko abestia entzuten zela. Azkenak, ordea, 20:00 aldera iritsi ziren manifestazioaren helmuga eremura. Ordurako, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia hasia zen manifestazioaren adierazpena irakurtzen. Benetan eskertu zuen Bilbaok, Lasak egin bezala, herritarren parte-hartzea. «Euskaraz bizi nahi dugu, euskaraz ez bada, ez delako bizitzea guretzat», adierazi zuenBilbaok. Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren eraginez euskaraz ezin dela «duintasunez» bizi salatu zuen.
Zorion hitz beroak izan zituen manifestazioan parte hartu zuten euskaltzale guztientzat. «Pozteko milaka arrazoi dugu, zuetako bakoitza pozteko arrazoi bat da», aitortu zuen Kontseiluko idazkari nagusiak.
Manifestazioaren aldarriak
Kontseiluko buruak ezinbestekotzat jo zuen Nafarroan hizkuntza politika berri bat ezartzea. Bilbaok nabarmendu zuen, politika horrek ikuspegi osoa behar duela izan, «sail artekoa eta sektore artekoa, hizkuntza eskubideak eta erabilera soziala ipar dituena». Bestalde, gogorarazi zuen derrigorrezkoa dela euskararentzat estatus juridiko egokia erdiestea. «Berdintasun printzipioaren kontra doa herritarrei eskubide eta betebehar desberdinak aitortzea», salatu zuen. Euskara berezkoa ez ezik, lehentasunezko bihurtzea helburu garrantzitsuenetakoa da Bilbaoren irudiko.
Horrez gain, gogora ekarri zuen, hainbat neurri hartu behar direla euskararen normalizazioari bultzada emateko. Besteak beste, belaunaldi berriak osorik euskalduntzea bermatuko duen hezkuntza sistemaren erreforma eskatu zuen, eta alor sozioekonomikoan euskalduntzeko neurri eta proiektu eragingarriak ezartzea ere garrantzitsua dela esan zuen. Horretarako, baliabide bakarra elkarlana dela uste du. Kontseilua lankidetzan aritzeko prest dagoela argitu zuen: «Euskalgintza prest egongo da normalizazioan urratsak egiteko, horretarako gertu daudenekin aritzeko, eta gaurtik [atzo] ekingo diogu lanari, Euskaraz bai! esanez».
Santi Zelaia.
IruñeaMaren Ulazia. - Eibar (Gipuzkoa)
Alfredo Mina. - Burlata (Nafarroa)
Eunate Cia. - Iruñea
Leire Zabaltza. - Iruñea
Urtzi Goienaga. - Iruñea
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
