Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:37

EUSKALHERRIA;2010-05-07;Herritarren babesa giltzarri. Paul Riosek, Xabier Letonak eta Martxelo Otamendik ez daukate dudarik euskal herritarrek betebehar handia dutela bake prozesu bat abiatzeko, hura eskatuz eta lagunduz.

Paul Riosek, Xabier Letonak eta Martxelo Otamendik ez daukate dudarik euskal herritarrek betebehar handia dutela bake prozesu bat abiatzeko, hura eskatuz eta lagunduz.

Herritarren babesa giltzarri

Xan Harriague.

Donostia

Joan den apirilaren 15ean, Bruselako Adierazpenerako atxikimenduak biltzeari ekin zion Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak. Orduz geroztik lan horretan jardun du, han-hemenka hitzaldiak antolatuz eta apirilaren 27an adierazpenari atxikimendua eman dioten gizarteko 50 pertsona esanguratsuren zerrenda plazaratuz. Balizko bake prozesua bideratzeko herritarren parte-hartzea ezinbestekotzat jotzen du. Giltzarria da, haren ustez, Bruselako Adierazpenak Espainiako Gobernuari eta ETAri eskatzen diena bete dadin.

Martxoaren 29an, bakegintzan eskarmentu handia duten 21 lagunak, tartean lau Nobel saridunak, sinatutako Bruselako Adierazpena plazaratu zuen Brian Currinek, Hegoafrikako bake bitartekariak. ETAri su-eten iraunkorra eta egiaztatzeko modukoa eskatu zioten, eta Espainiako Gobernuari «behar bezalako» erantzuna ematea. Horren ildotik, hilabete eskasera, Bruselako Adierazpenari erantzun eraikitzaile bat emateko eskatu zien ezker abertzaleak ETAri eta Espainiako Gobernuari.

Egoera horri buruz aritu ziren herenegun Donostian Paul Rios Lokarriko koordinatzailea, Xabier Letona Argia astekariko zuzendaria eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria. Haiek entzutera eta iritziak ematera 40 herritar bildu ziren.

Hirurak bat datoz, herritarren babesa, parte-hartzea eta laguntza beharrezkoa dela. Horren harira, Riosek argi utzi nahi izan du bake bidean une erabakigarria izan daitekeela honako hau. Azken hilabeteetan aldaketa handia izan dela ez dauka dudarik, eta horren adibide ematen ditu ETAren eta ezker abertzalearen «jarrera aldaketak». Jakin badaki egoera ahula dela oraindik, baina sinetsi nahi du bake prozesu bat ireki daitekeela. Konfiantza eskatu du, eta aldaketarik ez dagoela diotenei arduragabe jokatzea leporatu die.

Letonaren arabera, berriz, «bake prozesu baterako motorrak berotzen» ari dira, eta norberak ikusi behar du zer ekarpen egiten ahal duen. Bruselako Adierazpena baino gehiago, ezinbestekoa ikusten du ezker abertzalea egiten ari den prozesua babestea, beste ideologia bat izanda ere. Balizko bake prozesu batean, berriz, garrantzitsutzat jotzen ditu Anoetako Adierazpena eta Mitchell printzipioak.

Egungo egoeran, Otamendik uste du ezker abertzalearen jarrera ez ezik beste eragile guztien jarrera aztertu behar dela. Besteak beste, Otegi eta Diez eta ezker abertzaleko beste zortzi kide atxilotu zituztenean, ez dauka dudarik ezker abertzalearen estrategia aldaketa eragotzi nahi zutela. Ezker abertzaleari begira, ordea, uste du, euskal herritarrengan konfiantza izan behar duela.

 

Datozen hitzaldiak



Maiatzaren 12an, Eibarren. Paul Rios Lokarriko koordinatzailea eta Garbiñe Biurrun epailea.

Maiatzaren 13an, Durangon. Paul Rios Lokarriko koordinatzailea eta Josu Amezaga EHUko irakaslea.

Maiatzaren 18an, Zarautzen. Juan Jose Alvarez EHUko katedraduna eta Iñaki Arzak Lokarriko kidea.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia