Dignidad y Justiciak ez dauka epaiaren aurkako helegitea jartzeko asmorik
Espainiako egunkari batek dio AVTk ere «zailtasunak» dituela epaiaren argudioei aurre egiteko
Erredakzioa.
DonostiaEgunkaria auzian herri akusazio gisa aritu den Dignidad y Justicia elkarteak ez du Egunkaria-ren absoluzioaren kontrako helegiterik aurkezteko asmorik. Hala jakinarazi du haiekin harremanetan jarri eta gero Radio Euskadik. Era berean, El Mundo egunkariaren arabera, erabaki bera hartuko luke AVTk. Kazeta horrek dio elkarte horrek «zailtasunak» dituela Espainiako Auzitegi Nazionalaren argudioei aurre egiteko. Hori baieztatuko balitz, «albiste ona» litzatekeela adierazi du Iñaki Uria Egunkaria-ko kontseilari ordezkari ohiak: «Epaia behin betiko bihurtuko litzateke eta ez genuke [Auzitegi] Gorenaren zain egon beharko». Hala ere, azken unera arte «zuhurtziaz» jokatu behar dela ohartarazi du.
Epaia eman duen epaimahaiaren aurrean aurkeztu behar da kasazio helegitea. Halakorik aurkezten ez bada, epaimahaiak behin betikotzat joko luke epaia eta akusazioek ezingo lukete jo goragoko auzitegi batera, kasu honetan Auzitegi Gorenera.
Apirilaren 12ko epaian zuzenketa bat egin behar izan zuen epaimahaiak -Egunkaria-ren itxiera eguna Egin-en itxiera egunarekin nahasi zuen-, eta apirilaren 21ean jakinarazi zuen epai definitiboa. Horrek atzeratu egin du helegitea jartzeko epea. Uriak zuhurtzia eskatu du, eta epea amaitu arte helegitea sartzeko aukera baztertzerik ez dagoela adierazi. «Abokatuekin hitz egin nuen eta esan zidaten ebazpena jasotzen denean hasten dela epea, eta jakinarazpena iragan ostiralean jaso genuen. Teorian, orduan hasten da epea», azaldu du.
Argudio sendoak
Uriaren arabera, AVTk eta Dignidad y Justiciak «zail»daukate helegitea aurkeztea, eta absoluzio epaian jasotako argudioen «sendotasuna» nabarmendu du. «Zaila da absoluzioa ematen duen ebazpen bati helegitea jartzea. Gainera, ebazpenak duen irmotasunarekin zailagoa da, beste kolpe bat izango litzateke haientzat. Bestalde, diru kontuak daude, haien aukeren gainetik geratuko litzateke helegitearen kostua», azaldu du Uriak Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean.
Haren esanetan, «ebazpenak agerian uzten du zuzenbide estatuak ez duela funtzionatzen. Egunkari baten itxiera, torturak... Gauza askok erakusten dute zuzenbide estatuak ez duela funtzionatzen».
Gainera, salatu du kazeta itxi zutenetik auzipetuen «errugabetasun presuntzioa» ez dela errespetatua izan. «Atxilotzen zaituztenean armategi bat izango bazenu bezala sartzen dira etxean, bost eguneko inkomunikazioa, torturak... Sozialki eta mediatikoki ere badakigu nola dagoen errugabetasun presuntzioa».
Absoluzio ebazpenarekin, baina, Uriak uste du epaileek «ohartarazi» egin dituztela Espainiako Estatuko «zenbait estamentu». «Guardia Zibila, herri akusazioak, marko legal osoa, Egunkaria-ren itxiera eta torturak ahalbidetu zituen Auzitegi Nazionala».
Hutsuneak
Bilboko Euskalduna jauregian herenegun egin zuten ekitaldia ere izan du hizpide, eta azken zazpi urteotan auzipetuei laguntza eman dieten «guztiak» izan zituztela gogoan azaldu du; «Bilbora etortzerik izan ez zutenak barne», gaineratu du. «Ezin ditugu azken zazpi urteotan laguntza eman diguten guztiak bildu. 'Eskerrik asko eta goazen aurrera' esan nahi genien».
Ekitaldian parte hartu zuen Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentea, Hark, baina, hutsuneak sumatu ditu parte-hartzaileen artean. «Euskadiko Autonomia Erkidegotik Lopez lehendakariaren Jaurlaritza eta haren bazkide PP eta UPD falta ziren». Bere blogean idatzitako artikulu batean Urkulluk esan du Egunkaria auzian Justiziak ez duela ondo funtzionatu. Auzia oraindik zabalik dagoela eta «galdera ugari erantzun gabe daudela» nabarmendu du. «Egunkaria itxi zuten. Kaltea eginda dago, eta ez dago hori konpontzeko modurik». Horren harira, Patxi Lopezek eginiko adierazpenak kritikatu ditu. «Del Olmo epaileak egindako akatsak berandu zuzendu dituzte, azken minutuan. Sistemak ez du ondo funtzionatu lehendakari jauna, esan dezagun argi eta garbi», dio buruzagi jeltzaleak.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
