Aritza Escandon.
Kultur Kabia-ko zuzendariaNerabeek euskarazko egitasmo masiboak kontsumi ditzaten, euren iritzia kontuan hartzea oinarrizkoa delakoan da Escandon, «osterantzean errebelatu egiten baitira».
«Ezin dugu erantzun nerabeek egiten ez dutena edo egingo ez dutena eskainiz»
Lierni Alkorta.
Lasarte-OriaAtzo eta gaur Lasarte-Orian (Gipuzkoa) egiten ari diren Udaltop Udaletako Euskara-Zerbitzuen II. Topaketetan, Euskararekiko motibazioan eragin: nerabeentzako kontsumo masiboko egitasmoak hitzaldia eman zuen, atzo, Aritza Escandonek (Bilbo, 1977). Kultur Kabia enpresako zuzendaria da: euskaraz eginiko kultura hedatu eta kultur zerbitzuak antolatzeaz arduratzen dira. Haren ustez, ezinbestekoa da euskarazko egitasmo masiboak nerabeengana ailegatzeko horizontaltasuna garatzea eta gustuko duten hori ematea.
Oro har, gaur egun, zein da nerabeen eta euskararen arteko harremana?
Oso adin korapilatsua da, zentzu positiboan. Aldaketa asko gertatzen dira, eta, gainera, gizartearekin batera gero eta indibidualistagoak dira, urbanoak eta teknologia berrietan alfabetatuak. Beraz, adinagatik, erraz jasotzen dituzte kanpoko eraginak, eta, gaur egun, dena edo gehiena erdaraz etortzen zaie. Egoera horren aurrean pentsatzen dugu euskaraz gauza erakargarriak egin ahal direla, hizkuntz ohituretan-eta eragiteko.
Zein estrategia erabil daitezke nerabeengan euskara sustatzeko?
Gauza asko egiten dira, eta egin daitezke. Zoritxarrez, ezer ez dago soberan. Zoritxarrez diot, zeren horrek adierazten du beharra badagoela, egoera normalizatu batean ez gaudelako. Laburbilduz, estrategietako bat nerabeei protagonismoa ematea da. Hori erraz esaten da, baina oso gaitza da garatzen. Euren iritzia kontuan hartzea ez da aski. Protagonismoa eman behar zaie, harreman horizontalak garatu eta eurak partaide sentiarazi. Osterantzean, adin horretan errebelatu egiten dira. Zerbait formala, hierarkikoa, goitik etortzen zaiena eskaintzen badiegu, errebelatu egingo dira.
Aipatu duzu nerabeak urbanoak direla, eta teknologietan adituak. Horrek nola eragiten du estrategia horiek lantzerakoan?
Guk ezin dugu erantzun nerabeek egiten edo egingo ez duten gauza bat eskainiz, nahiz eta kalitatezkoa edo ona izan. Kontuan hartu behar dugu urbanoak edo modernoak direla, eta ezin duguna da egin indarrez sartu guretzat oso ona dena, eurentzako ez bada ezer. Eskatzen dutena edo nahi dutena eman behar zaie.
Nola lor daiteke sare sozialetan helduak integratzea eta euskara bide horietatik sustatzea?
Goitik beherako egiturak ez errepikatzeko, lortu behar dugu eremu horietan sartzea, baina probokatzeko asmoz, ez aginduak emateko asmoz. Modua horixe da, umiltasunez aritzea, maila horizontalean eta probokatzeko asmoarekin. Eta apurka etorriko dira gauzak.
Hitzaldian aipatu duzu garrantzitsua dela erdal eremuetan ezagunak diren euskaldunak hurbiltzea ere.
Herri txikia gara, eta horrek baditu abantailak. Adibidez, erdaldun moduan ezagunak diren euskaldunak erakartzea, aukerak zabaltzeko. Eraginak biderkatzeko da hori, eta nerabeen erreferenteak euskaraz entzuteko. Gero, esan dezaten: «Joe, nire idoloak euskaraz egiten du».
Udalek zer-nola eragin dezakete nerabeengan euskara sustatzeko programa hauetan guztietan?
Galdera potoloa da hori. Lehenengo, diagnosi bat eginez, egoera soziolinguistikoa barne. Eta, gero, lehentasunak jarriz. Garatzen diren ekintzak ere lagundu behar dituzte. Askotan akatsa izan daiteke udaletik dena egin nahi izatea, herriko elkarte edo baliabideak aprobetxatu barik. Hemen gakoa da sinergiak eta baliabide guztiak aprobetxatzea, eta baliabideak ez dira soilik diru partidak.
Euskarazko ludikotasunari garrantzia eman behar zaiola diozu. Baina euskal ereduetan oinarrituta ala eredu globalizatuetan oinarrituta?
Eurek eskatzen dutena. Interesatzen dena da euskaraz egitea eta erreferentzia guztiak euskaraz izatea eta modu masiboan kontsumitzen diren gauzak izatea. Kontua da, fenomeno mediatikoak behar direla, arlo batekoak nahiz bestekoak. Ez da bat ala bestea, behar dira modu masiboan kontsumituko diren produktuak. Bestelako jarduerak ere beharrezkoak dira, hori ez dut ukatu nahi.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
