Sei urteko kartzela jarri die Gorenak lau gazteri, Segikoak izateagatik
Auzitegi Nazionalak gazteei ezarritako zigorra berretsi du Gorenak, defentsarako abokatuen helegite guztiak atzera botata
Gorenak dioenez, helburuak bihurtzen ditu delitu berez delitu ez liratekeen ekimenak
Aitziber Laskibar.
Segi gazte erakundeko kide izatea egotzita, seina urteko espetxe zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi Gorenak Garikoitz Mujika, Eneko Aizpuru, Zigor Ruiz eta Asier Tapiari. Akusatuen defentsarako abokatuek aurkeztutako kasazio helegiteak atzera bota, eta Auzitegi Nazionalak jarritako zigorrak berretsi ditu Gorenak. «Erakunde terrorista osatzen duen legez kanpoko elkarteko kide» izatea leporatu die; Segiko kide izanik, ETAko kide izatea.
Jendaurreko agerraldietan parte hartu izana eta egunkarietan iritzi artikuluak idatzi izana baliatu dute auzitegiek gazteei delitu egin izana leporatzeko, eta, Jarrai, Haika edo Segi gazte erakundeetan lan egin dutelakoan ETAkoak izatea egotzita, orain arte Espainiako auzitegiek jarritako zigorrak errepikatu ditu.
Orain zigortu dituzten lagunak 2005. urtean epaitzekoak ziren, Haika-Segi auzian epaitutako 33 lagunekin. 24 gazteri bi urte eta erdi eta hiru urte eta erdiko zigorrak jarri zizkien Auzitegi Nazionalak, ETAri laguntza eman izana egotzita. Armarik erabiltzen ez duten erakundeak ezin direla erakunde armatutzat jo argudiatu zuen orduan Auzitegiak. Baina, gerora, zigorrak gogortu egin zituen Gorenak helegiteei erantzuterakoan. Gazte erakundeak ETAren zati zirela eta gazteak ETAko kide zirela esan zuen, eta seina urteko kartzela zigorrak jarri zizkien epaitutako 24ri. Epai hark aurrekaria sortu zuen, eta ondoren Jarrai, Haika edo Segiko kide direlakoan epaitu dituzten guztiei ezarri diete zigor bera.
Akusatuen defentsak aurkeztutako helegite guztiak atzera bota ditu Gorenak, lau gazteen zigorrak berresteko kaleratu berri duen 125 orriko autoan. Abokatuek helegiteetan ohartarazi zutenez, auzitegiek Segiren jardunak eteteko agindu baino lehenagoak dira zigortutako batzuei delitu egin izana egozteko oinarri diren ekimenak. Tapiari ETAko kide izatea egozteko oinarri bakarra, esaterako, 2001. urteko martxoan auzitegiek Haikako hainbat gazte atxilotu eta gazte erakundearen jardunak eteteko agindu ondoren erabakia salatzeko egindako prentsaurrekoan idazki bat irakurri izana da. Segiko kide gisa aritu zen Tapia, epaileen ustez, eta «erasoari erantzuteko» deia egin zuen.
Abokatuek argudiatu zutenez, Segi oraindik ez zegoen legez kanporatuta, eta, beraz, haren izenean aritzeak ezin zuen delitu izan. Izan ere, edozein ekintza delitutzat har dadin, ustezko delitua egin den unean indarrean dagoen legeak espresuki jaso behar du ekintza hori delitu dela. Epaimahaiak zigorra ontzat emateko argudiatu duenez, «batzuetan legearen hizkuntzak abstraktua izan behar du, eta legelariak araua errealitatera egokitu behar du».
Zigortuei egozten zaizkien ekintza zehatz bakarrak izanik euren iritziak jendaurrean emateko agerraldiak egin edo artikuluak idaztea, edo protesta eta bileretan parte hartzea, hori zigortzea eskubide zibil eta politikoak urratzea litzatekeela ere esan zuten abokatuek. Baina Gorenaren ustez, «talde terroristako kide izateko delitua ez da arau hauste zehatzen bidez soilik egiten, berez delitu diren helburuak bilatzean bertan baizik». Bestalde, adierazpen eskubideak mugak dituela dio, eta adierazpen askatasunerako eskubidea «gehiegizkoa» dela delitua «jarrera terroristak laguntzea» denean. Epaileen ustez, jendaurreko agerraldiak egitean, gazteek «ETAren helburuei laguntzen zieten, nolabait».
Gainera, epaileen ustez, ETAren «helburuak lagun ditzaketen ekimenak egiten dituztenak erakunde terroristako kidetzat jo behar dira, kide horiek zuzenean indarkeria ekintzetan parte hartu ez arren». Areago, ekimenen bat «terrorista» den edo ez zehazteko, helburua kontuan hartu behar dela dio: «Terrorismoa ez da beti erakunde armatuarekin lotzen; ekimen horrekin lortu nahi den helburuak zehazten du izaera terrorista». Gazte erakundeek ETAren helburuei mesede egiten diela uste du Gorenak eta, beraz, gazteak ETAko kidetzat jo behar direla.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
