Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:32

EUSKALHERRIA;2010-03-28;Herrien eskubideen aitortza bakerako bidea dela ondorioztatu du Conseuk. Herritarrei deia egin zaie jardunaldien itxiera ekitaldian Udalbiltzako auzipetuei elkartasuna adieraztera joateko

Herrien eskubideen aitortza bakerako bidea dela ondorioztatu du Conseuk

Herritarrei deia egin zaie jardunaldien itxiera ekitaldian Udalbiltzako auzipetuei elkartasuna adieraztera joateko

Xan Harriague.

Donostia

Euskal Herrian eta mundu osoan herrien eskubideen aitortza da bakea, elkarbizitza eta demokrazia bermatzeko giltza. Hori izan da Udalbiltzak eta Conseuk, Europako Estaturik gabeko Nazioen Konferentziak, Donostian antolatu dituen nazioarteko jardunaldien atzoko ondorioa. Baina Aureli Argemi Ciemeneko presidentearen arabera, alegia, nazioarteko nazio eta etnien zentroko presidentearen arabera, lanean jarraitu beharra dago eskubide kolektiboak onartuak eta errespetatuak izan daitezen.

Conseuko sortzaileetariko bat den heinean, nazioarteko jardunaldiak irekitzeko ardura Argemik izan zuen. Lan horretan Loren Arkotxa Udalbiltzako presidentea izan zuen lagun erakunde antolatzailearen buru bezala. Egun osoan Euskal Herriko eta nazioarteko 60 bat lagunek parte hartu zuten goizeko eta arratsaldeko hitzaldietan. Kataluniako ordezkaritza nabarmena izan zen, Argemirekin berarekin, August Gil Matamala abokatuarekin, Pep Cruanyes Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Koordinadorako kidearekin eta Laura Vilagra Decim.cat taldeko kide, Santpedorreko alkate eta ERCko diputatuarekin. Erresuma Batutik etorrita, bertan egon zen Bill Bowrin Eskubideen eta Demokraziaren aldeko Europako Abokatuen Elkarteko presidentea, Alemaniatik, Thomas Schmidt, elkarte bereko idazkaria, Irlandatik, Kathleen Funchion Sinn Feineko kidea. Eta, Britaniatik, Yann Choucq abokatua eta militante nazionalista historikoa. Gisa berean, asko izan ziren joandako herritarrak, besteak beste Udalbiltzako auzipetuak eta Ramon Labaien Donostiako alkate ohia.

Hitza hartzean, Argemik herrien eskubideen historia ekarri zuen gogora legearen ikuspegitik. 1948an, Nazio Batuek onartutako Giza Eskubideen Nazioarteko Ituna motz gelditu zen, haren ustez. Norbanakoen eskubideak «nahiko ongi» definitu zituen arren, eskubide kolektiboak landu gabe utzi zituela salatu zuen, ohartaraziz ez dela gaur egungo irakurketa bat, garai hartan hainbat izan zirelako ituna nahikoa ez zela errateko altxatu ziren ahotsak. Nazio Batuek «herria» kontzeptua definitzea saihestu zutela gogora ekarri zuen, nabarmenduz eskubide horien jabeak zeintzuk ziren zehaztu gabe gelditu zela. «Herriak ez dira esplizituki existitzen nazioarteko zuzenbidean». Baina, haren ustez, ezinbestekoa da hutsune hori lehenbailehen betetzea. «Herrien eskubideak ez badira errespetatzen, giza eskubideak mugatu egiten dira». Udalbitza auziari erreparatuz, auto-antolakuntzarako eskubidea eman zuen horren adibide.

Udalbiltza auzia adibide

Preseski eskubide hori aipatu zuen Arkotxak, bera eta beste 21 Udalbiltzako langile edo kideren egoera gogora ekarriz. Datozen asteetan Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte, erakunde «terrorista» bateko kideak izatea egotzita. Alta, Arkotxak argi utzi nahi izan zuen edozein herriri dagozkion instituzioak sortu eta garatzeko eskubidea baizik ez dutela erabili. «Horrelako urraketa adibideek oso argi erakusten dute asko dagoela oraindik ere egiteko eskubide kolektiboen alorrean». Eta, horren aurka, ezinbestekotzat jo zuen eskubide guztien arteko lotura eta banaezintasuna nabarmentzea.

Haien eskarmentuan oinarrituta horretan aritu ziren Gil Matamala eta Bowrin abokatuak. Biek ala biek giza eskubideen eta eskubide kolektiboen arteko lotura azaltzen jardun zuten agerian utziz lehenak bigarrenari egiten dion ekarpena. Baina, gisa berean, herrien eskubideak garatu nahi dituzten estaturik gabeko nazioek haien bidean dituzten oztopoak, zailtasunak, kriminalizazioa eta errepresioa aipatu zituzten.

Arratsaldean kasu praktikoetan sakontzen aritu ziren. Cruanyesek eta Vilagrak hizpide izan zituzten joan den urteaz geroztik Kataluniako hainbat herri eta hiritan egiten ari diren independentziari buruzko herri galdeketak. Emaitzak baino haratago, horrek eragiten duen ariketa demokratikoaz aritu ziren. Vilagrak ez dauka dudarik herri galdeketak egiten joan ahala sinesgarritasuna lortzen ari direla, eta independentziaren aukerak gero eta pisu gehiago duela. «Duela zenbait urte, ia-ia ezkutatzen genuen independentista ginenik. Orain, guztiz normala da». Are gehiago, haren ustez, ilusio berpiztea lortu dutela uste du. Alde praktikotik begiratuta, Cruanyesek nabarmendu zuen gai izan direla erakusteko herritarrek berek egin dezaketela prozesu elektoral bat berme guztiekin, instituzioen oniritzirik gabe ere. Berak ez dauka dudarik horren aurka egin dezakeen gobernurik ez dagoela.

Gaur, 11:30ean bukatu dira jardunaldiak. Bertan parte hartu duten bederatzi abokatu eta adituren artean herrien eskubideen aldeko adierazpen bat aurkeztuko dute. Mundu osoan osatuko den estaturik gabeko nazioen sarerako Conseuren ekarpena izanen da. Baina hori baino haratago, ekitaldia aprobetxatuko dute Udalbiltzaren aurkako auzia salatzeko eta 22 auzipetuei elkartasuna adierazteko. Horrenbestez, Udalbiltzan parte hartu duten hautetsi guztiak, eragile eta politiko guztiak eta herritarrak deituta daude.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia