Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:32

EUSKALHERRIA;2010-03-19;'ANZA AUZIA'. MOBILIZAZIOAK. Debekuak egon arren Anzaren heriotza salatu dute herriz herri. Ikasleek eguerdian egin dituzte protestak, ikastetxe eta unibertsitateetan, eta gauean herri eta auzo gehienetan mobilizatu dira Bilbon istiluak izan dira arratsaldean, eta gutxienez pertsona bat atxilotu dute

Debekuak egon arren Anzaren heriotza salatu dute herriz herri

Ikasleek eguerdian egin dituzte protestak, ikastetxe eta unibertsitateetan, eta gauean herri eta auzo gehienetan mobilizatu dira

Bilbon istiluak izan dira arratsaldean, eta gutxienez pertsona bat atxilotu dute

Erredakzioa.

Jon Anzaren heriotza argitu dadin exijituz ekimen ugari egin zituzten atzo Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak horietako asko debekatu zituen arren. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta LABek antolatu zituen mobilizazioetan handia izan zen polizien presentzia, bereziki hiriburuetan eta eskualdeetako hiri nagusietan.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan goizean antolatuta zeuden elkarretaratzeetatik bakarra egin zen: Donostiakoa. Askatasunaren hiribidean egitekoa zen elkarretaratzea, baina poliziei iskin eginez, 200 lagun bildu ziren Grosean, eta manifestazio egin zuten. Arratsaldean kartelak zituzten hainbat lagunek auzo horretako errepide nagusia moztu eta bengalak bota zituzten airera.

Gasteizen Andre Mari Zuriaren plazan egitekoa zen ekimena debekatu egin zuen Ertzaintzak eta pertsona bat identifikatu zuen gutxienez. Iruñean LABek deituta PSNren egoitzan eginiko elkarretaratzea ere desegin eta bi pertsona identifikatu zituen Espainiako Poliziak.

Herrizaingo Sailak jakinarazi zuenez, arratsaldean istiluak izan ziren Bilbon. Indautxu auzoan edukiontziak atera zituzten bidera, eta Ertzaintzak hainbat karga egin zituen. Laudion (Araba), berriz, pertsona bat atxilotu zuten.

Lankide ohiak

Jon Anza zenaren lankide ohiek ere egin zuten protesta atzo. Sokoa kooperatibako lankide ohiek eguerdian egin zuten elkarretaratzea Hendaiako Joncaux-eko itzulgunean. LABek deituta berrogeita hamar bat lagun hurbildu ziren Zer egin duzue Jonetaz? galdera pausatzera. Gertatutakoari buruz dagoen bertsio ofiziala ez dutela onartzen eta egia osoa nahi dutela adierazi zuten. Xavier Arin Anzaren lankideak gertatutakoa argitu arte mobilizaturik geldituko direla azaldu zuen.

Unibertsitatean ere egin zituzten ekimenak goizez. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campuseko sarrera nagusiko atea kateatu egin zuten eta olioa bota zuten bertan. Beste sarreran giza katea egin zuten, auto eta autobusei sarrera galaraziz. Bizkaiko EHUko beste campusetan elkarretaratzeak egin zituzten, Arangoitiko Magisteritza Eskolan eta San Mameseko Ingeniarien Goi Eskolan esaterako. La Casillako Ingenieritza Eskolan, berriz, omenaldia egin zioten Anzari.

EHUko Gasteizko campusean Anzaren heriotza salatzen zuten pankarta eta kartel guztiak kendu zituzten ertzainek. Polizien presentzia handia ikusita, manifestazioa bertan behera uztea erabaki zuten. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan 55 lagun elkartu eta manifestazioa egin zuten. Gauza bera egin zuten Mondragon Unibertsitatean.

Gasteizko Koldo Mitxelena institutuan ere egin dute elkarretaratzea, eta batuta zeuden guztiak identifikatu ditu Ertzaintzak.

Arratsaldean ere mobilizazioak izan ziren herri gehienetan. Durangon, esate baterako, 300 lagun batu ziren, pankartako leloa aldatu behar izan bazuten ere, Bermeon 200 batu ziren. Azpeitian 250 bat batu ziren, eta manifestazioa arazorik gabe egin zuten arren, kalez jantzitako polizia batek pankarta eraman zutenei argazkiak atera zizkien. Arrasaten 143 lagun batu ziren, eta Ertzaintzaren presentzia ikusita, Alde Zaharretik atera gabe egin zuten protesta, Zarautzen 68 batu ziren, Ordizian 60 bat lagun batu ziren, eta elkarretaratze ibiltari antzeko bat egin zuten Ertzaintzaren begiradapean. Donibane Garazin 43 lagun batu ziren, Hazparnen 30, Uztaritzen 70, Baionan 70, Basusarrin 10, Senperen 17, Azkainen 40, Donibane Lohitzunen 52, Bidarten 10 eta Baionan 70.

Asteazkenean okzitaniarrek zuten Paueko prefekturaren aitzinean elkartasuna adierazi. Libertat talde okzitaniarrak deiturik, Que volem la vertat sus Jon Anza! Solidaritat dad la familha de Jon e dab l'esquerra basca pankartaren gibelean 50 bat lagun bildu ziren.

Kartzeletan ere egin dituzte protestak, itxialdiak, baraualdiak eta prantoak, besteak beste.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia