Marian Beitialarrangoitiak alkatetzan jarraituko du, Gorenak absolbitu egin baitu
Hernaniko alkateak «maitasun adierazpena» egin zuela dio Espainiako Auzitegi Gorenak, eta errugabetu egin du
ANVko mitin hartan «tortura salaketa» egin nahi zuen alkateak, Gorenaren irudiko
Oihana Elduaien.
Marian Beitialarrangoitia ez dute Hernaniko alkatetzatik kenduko. Errugabea dela ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta kendu egin dizkio «terrorismoa goratzea» egotzita Espainiako Auzitegi Nazionalak jarritako urtebeteko espetxe zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa. ANVren mitin batean «Igor Portu, Mattin Sarasola eta Espainian eta Frantzian sakabanatuta dauden preso eta iheslari politiko guztiak: maite zaituztegu!», esan zuenean, «haiekiko maitasun eta gertutasun pertsonal bat kanporatu zituen» Beitialarrangoitiak, Gorenaren irudiko, eta, dioenez, hori ezin daiteke zigortu.
Igor Porturi eta Mattin Sarasolari Barajasko T4ko atentatua egitea egozten dietela azpimarratu izan dute akusazioek, eta mitin batean haiei «maite zaituztegu» esanda haiek egindako ekintzak goratzen direla. Baina Gorena ez dago ados argudio horretan. Izan ere, martxoaren 3an sinatu eta atzo publiko egin zuten autoaren arabera, kontuan hartu behar da mitin hura baino sei egun lehenago Guardia Zibilak Portu eta Sarasola atxilotu zituela, haiek tortura salaketak egin zituztela jakina zela, eta, gainera, Donostiako Lurralde Auzitegiak ikerketa ere abiatu zuela. «Ez zen terrorismoaren goratzerik izan, ezta Porturen eta Sarasolaren goratzerik ere T4an izan zuten jardueragatik. Baizik eta gertatu zirela dioten tortura salaketa bat egon zen, eta haiekin lotuta, egoerari aurre egiten laguntzeko berotasuna eta gertutasuna bidali zizkien, maite zaituztegu espresioarekin zehaztuz», dio Gorenaren autoak. Hitz horiek mitina izan zen Anaitasuna polikiroldegian harrera ona izateak - «eta hala izan zuen», dio- ez du ezer aldatzen, Gorenaren arabera.
Zigor Salako bost epailek sinatu dute errugabetze epaia, eta Julian Sanchez Melgar magistratuak boto partikularra idatzi du, eta azpimarratu berretsi egin beharko litzatekeela Hernaniko alkateari Auzitegi Nazionalak jarritako zigorra.
Gorenaren epaiak onartzen du «terrorismoaren goratzearen» eta adierazpen askatasunaren artean «gatazka» dagoela. Horregatik, kasu bakoitza zehatz aztertu behar dela dio, bai esandako hitzei bai testuinguruari xehetasun handiz erreparatuz. Nabarmendu du mitina egin zen kiroldegian ez zela izan «ETAren jarduera goratzeko inolako oihurik, omenaldirik edo lelorik». Beraz, «terrorismoa goratzeko» helbururik ez zeukatela ondorioztatu du.
Hori dena kontuan hartuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak Beitialarrangoitia zigortuz kaleratutako epaia «funtsik gabea» da, Gorenaren irudiko. Izan ere, zigorra jartzeko «inolako dudarik gabeko» ziurtasuna behar dela ekarri du gogora, eta Auzitegi Nazionalaren epaia «canon horretatik urrun» dagoela dio.
Espainiako Konstituzioak hura ukatzen dutenak ere «babesten» dituela azaldu du Gorenak, «ez baitu ordenamendu juridikoarekiko eta Konstituzioarekiko errespeturik eta atxikimendurik exijitzen». Horregatik, pertsona batek «iritzi arriskutsuak» emateko eskubidea baduela dio, «herritarren sektore batekin talka egin eta haiei egonezina sortu arren».
Zigortzeko beste motiboak
Nolanahi ere, Gorenaren arabera, 2008ko martxoko mitin hartan Beitialarrangoitiak egin zituen zigortzeko moduko hitz batzuk. «Gorputz polizial guztiek» torturatu egiten dutela esan zuen Hernaniko alkateak, eta hori Zigor Kodean jasota dagoen «Segurtasun indarrekiko irain larrien» delitu bat izan zitekeela uste du.
Akusazioek delitu hori ere leporatzen zioten Hernaniko alkateari hasieran, baina erretiratu egin zuten geroago. Beraz, Gorenak dio, motiboak egon zitezkeen arren, Auzitegi Nazionalak ezin izan zuela gai horri buruzko iritzirik azaldu, eta gauza bera gertatzen zaiola berari ere.
Estatuaren Abokatuaren eskaera inolako euskarririk gabe geratu da
Auzitegi Nazionalak inhabilitazio zigorra jarri zionean, alkatea kargutik kentzeko eskatu zion udalbatzari
O.E.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
