BERRIA hedabideen fundazioa
Hedabideen akuilu
EKT Euskarazko Komunikazio Taldeak BERRIA hedabideen fundazioa sortu du. Fundazio horren lehen proiektua BERRIA beka da, hedabide, enpresa edota proiektu berriak sustatzeko egitasmoa.
Naiara Elola.
IruñeaEuskal kultura eta batez ere euskarazko hedabideak sustatu eta laguntzeko asmoz, BERRIA hedabideen fundazioa sortu du EKT Euskarazko Komunikazio Taldeak. 2003tik, sortu zenetik, EKT euskarazko hedabideak sortzeko eta bultzatzeko lanean aritu da. Besteak beste, bere ekimenez telebista, Internet eta prentsa enpresak sortu ditu; BERRIA egunkaria, esaterako. Baina, Joxean Lizarribar EKTko Administrazio Kontseiluko lehendakariak jakinarazi duenez, duela bi urte, taldearen bosgarren urteurrenaren bueltan, beste urrats bat egin behar zelakoan, fundazio bat eratzeko ideia hasi ziren aztertzen. Hala, bi urtez egitasmoa lantzen aritu ostean, 2009ko urte amaieran gauzatu zen, BERRIA fundazioa sortuz. «EKTko Administrazio Kontseiluak pentsatu zuen bazela garaia bereak ziren proiektuak sortzeaz gain eremu zabalagoan lan egiteko, proiektu berriak gauzatzeko laguntzak emateko eta sektoreak dituen prestakuntza beharrei erantzuten hasteko, taldera soilik mugatu gabe», esan du Lizarribarrek.
BERRIA beka da fundazioaren lehen ekimena. «Euskarazko hedabideen garapena helburu izanik, jarrera ekintzaileak sustatu nahi ditugu, egungo dinamikei eustearen gainetik», dio Joanmari Larrarte EKTko kontseilari ordezkariak. Euskarazko hedabideen eremuarekin lotura zuzena duten proiektuak sortzen lagundu nahi dute BERRIA bekaren bitartez. «Hedabide berri bat, ikerketa gune bat edo langileen prestakuntza sakontzeko proiektuak aurkez daitezke, besteak beste.
Hedabideen aldaketaz ohartuta
Azkenaldian, komunikabideak aldaketa garaian direla eta, teknologia berrien hazkundeak horien garapena zalantzan jarri duela irizten dio fundazioak. Gainera, Larrarteren irudiko, «era askotako baliabideak falta dira proiektu berriak pentsatu, landu eta horien bidegarritasuna aztertzeko». Azken finean, hori da BERRIA bekaren helburua: proiektu interesgarria izan daitekeen ideia, enpresa, hedabide edo ikergune bat abiatzeko aldez aurretik egin beharreko gogoeta eta lanketa patxadaz egiten laguntzea. Beraz, argi utzi du Larrartek beka ez dela enpresa berri bat martxan jartzeko; bai, ordea, hura sortu aurretik ondo pentsatzeko eta bidegarritasun azterketak egiteko.
Hala, beka 15.000 eurokoa izango da, eta urtebetez gauzatu ahal izango da garatu beharreko proiektua. «Ideia bat izan baina denbora eta baliabideak falta dituenari laguntza eman nahi zaio denbora hori har dezan, baliabide horiek eskura ditzan eta ideia baino ez dena proiektu egingarri bihur dezan», adierazi du Larrartek. Dena den, proiektu bat martxan jartzeko ez dela nahikoa lanketa eta bideragarritasun azterketak txukun egitea, «ondoren baliabideak eta kapitala behar direlako agitasmoak abiatzeko», EKTko Kontseilari ordezkariak adierazi duenez. Hala ere, fundazioak ez du baztertzen horretan ere parte hartzea, baina hori ondoren hartu beharreko erabakia izango dela jakinarazi du Lizarribarrek.
Bekaren nondik norakoak
BERRIA bekako hautagai izan nahi dutenek ekainaren 11 baino lehen aurkeztu beharko dituzte egitasmoak, idazkaritza@berriafundazioa.net helbide elektronikora. Deialdira banaka edo taldeka aurkeztu ahal izango da, baina ezinbestekoa da parte hartzen duenak bere curriculum laburra bidaltzea, proiektuaren ideia ahalik eta zehatzen azaltzen duen txostenarekin batera. Larrartek argitu duenez, proiektu bat baino gehiago aurkeztu ahal izango ditu pertsona edo talde bakoitzak. Beka erdietsiko duen proiektua aztertzeaz bost laguneko epaimahai bat arduratuko da. Epaimahai horren osaketaren berri ekainaren 11 baino lehen emango duela agindu du BERRIA fundazioak.
BERRIA fundazioak martxan jarri duen proiektuaren beharra aldarrikatu dute bai Lizarribarrek, baita Larrartek ere. Izan ere, BERRIA bekaren bitartez, euskarak hedabideen arloan duen hutsuneak betetzen lagundu nahi du fundazioak. Larrarteren hitzetan, «apurka-apurka euskararen errealitatea aldatzen jarraitu nahi dugu».
Motzean
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
