SOS Arrazakeriari gezurretan aritzea leporatu dio Gipuzkoako Diputazioak
Etorkin adingabeekin ari diren 30 hezitzailek nabarmendu dute Debako Oilur zentroak helburuak bete dituela
Mikel Peruarena.
Donostia«Nahikoa da» esateko ordua dela iruditu zaio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Adingabe etorkinak babesteko egiten duen lana «etengabe kalumniatzen» dela azaldu du, eta «bakean lan egiten uzteko» eskatu dio Gipuzkoako SOS Arrazakeriari. Iragan astean salaketa egin zuen SOS Arrazakeriak. Adierazi zuen etorkin adingabeentzako Debako Oilur zentroan adingabeen eskubideak urratu direla, eta Diputazioari eskatu zion «akatsetatik» ikasteko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Haur, Nerabe eta Gazteen zuzendari Jose Ignacio Insaustik ahoan bilorik gabe erantzun du: «SOS Arrazakeriak informazio oker, partzial eta faltsua eman du Endoiako zentroari buruz».
Prentsaren aurrera agertu zen atzo Insausti. Aldamenean izan zituen etorkin adingabeekin lan egiten duten Bideberri, Dianova, Horbel eta Urgatzi-Babesten enpresetako 30 bat hezitzaile eta langile. Mahaian eserita etorkin adingabeen programaz arduratzen den Yolanda Perez eta Urgatzi-Babesten enpresako Mikel Lizarralde eta Agurtzane Garcia. Urgatzi-Babesten enpresak kudeatzen ditu Debako Oilur eta Elgetako Aixola zentroak. Debako zentroak «bere helburua» bete duela adierazi, eta bertan egindako lana defendatu dute guztiek.
«Komunikabideetan agertu denaren larritasunagatik agertu gara hedabideen aurrean», adierazi du Insaustik, prentsaurrekoaren berezitasuna nabarmenduz. Diputazioak eztabaida saihestu duela ohartarazi du, «SOS Arrazakeriako pertsona batzuek ahalegina egin dute, ordea, hezitzaileen lana hondatzeko, eta hezitzaileen lana zalantzan jarri du». Eta horri erantzun argia eman nahi izan dio Diputazioak. Insaustik azaldu du eztabaida mediatikoak ez diola gaiari eta hezitaileen lanari mesederik egiten. Baina hezitzaileen lana eskertu eta babestu beharra dagoela uste du: «Erabat minduta eta nazkatuta daude hezitzaileak». Oilur zentroan lanean aritutako hamalau hezitzailek ere agiria aurkeztu dute, Debako zentroko lana babesteko, eta SOS Arrazakeriari erantzuteko.
«Mesede egin dio sareari»
Oilur zentrotik «30 eta 40 gazte artean» igaro dira. Lauk izan ezik, beste guztiek gizarteratzeko bidea hartu dutela jakinarazi du Insaustik: «Gutxi batzuek ez dute aukera baliatu. Ez dute nahi izan, edo, agian, ez diete utzi. Baina inork ezin du ukatu aukera eman diegula. Debako programak mesede egin dio sare guztiari». Aixola zentroko zuzendari Agurtzane Garciak baieztatu egin du hori. Debako zentroak «lan ona eta eraginkorra» egin duela azaldu du.
Etorkin adingabeak artatzeko sarearen barruan hiru zerbitzu daudela oroitarazi du Insaustik: oinarrizkoa, terapeutikoa eta espezializazio handikoa. Azken programa horren barruan sortu zen Debako Oilur zentroa. «Portaera gatazkatsu disruptiboak, kontsumo arazoak, gizartera egokitzeko zailtasunak eta delituak» egin zituzten hogei bat gazterentzat zabaldu zuten. «Debako zentroaren funtzioa adingabeak berregokitzea da», zehaztu du Insaustik. Programa berezi guztietan, bai helduekin, bai adingabeekin, «pertsona berreskuratzea» izan ohi da lehen ahalegina, Insaustiren hitzetan, «gero beste heziketa eta aisialdi jarduera batzuei ekiteko. Lehenik isolatu egin behar da arazoak dituen pertsona hori, izaera lantzeko eta bere arazoei begira jartzeko».
«Adingabeek eskubideak dituzte, baina baita betebeharrak ere», nabarmendu du Insaustik: «SOS Arrazakeriak egin duen txosten horretan ez zaio aipamen bakar bat ere egiten adingabeen betebeharrei». Hezitzaileak eta beste zerbitzuetako adingabeak «arriskuan» egon izan direla nabarmendu dute, eta hori ez dela SOS Arrazakeriaren txostenean ageri. Debako gazteei tratu txarrak eman izana ere ukatu egin dute. Mikel Lizarraldek ohartarazi du berriz ere salaketa anonimoak jasotzen badituzte, epaitegietara joko dutela.
SOS Arrazakeria: «Diputazioak ez die gure salaketei erantzun»
Debako zentroko hezitzaileen agiria
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
