Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:29

HARIAN;2010-03-11;'LOIOLAKO HEGIAK' LIBURUAREN AURKEZPENA. «Eskema aldatuta ere, berriro hartu beharko dira Loiolako edukiak». 'Loiolako hegiak' izenburupean, bake prozesuari buruzko liburua aurkeztu du Imanol Murua Uria BERRIAko kazetariak Prozesuko hiru protagonista zuzenekin egindako elkarrizketan oinarritua dago

«Eskema aldatuta ere, berriro hartu beharko dira Loiolako edukiak»

'Loiolako hegiak' izenburupean, bake prozesuari buruzko liburua aurkeztu du Imanol Murua Uria BERRIAko kazetariak

Prozesuko hiru protagonista zuzenekin egindako elkarrizketan oinarritua dago

Jokin Sagarzazu.

Donostia

Hautsi zen Loiolako bake prozesua, baina negoziatzaileek ez zituzten eraitsi zubi guztiak. Uste hori du, behintzat, Imanol Murua Uriak. Gainera, aurrera begira, sinetsita dago azken negoziazio prozesuan sortu zen «konfiantzak» ondorioak izango dituela. «Baliteke komunikazio kanalak egotea, baina orain gertatzen ari denaz ez dakigu ezer», dio lanbidean urte luzez aritu denaren eskarmentuarekin. Hain zuzen ere, horrek, jakin min horrek eraman zuen Berriako kazetaria negoziazio prozesu hartara; eta handik Loiolako hegiak izenburu duen liburuarekin itzuli da. «Prozesua gaizki atera izanak zerikusia izan du, ziurrenik, liburua idaztea erabaki izanarekin. Zer arraio gertatzen da? Galdera horretatik etorri zitzaidan liburu hau idazteko gogoa», adierazi dio Muruak bere editore Xabier Mendiguren Elizegiri, liburuaren aurkezpenaren karietara eginiko elkarrizketan. Tene Mujika bekaren laguntzari esker egin ahal izan du liburua Muruak -Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak ematen dute, beka hori, historia hurbilaz idazteko-. Buru-belarri aritu da 2009. urte osoan, eta atzo aurkeztu zuen fruitua. Elkar argitaletxeak eta BERRIAk argitaratu dute liburua.

2006ko udazkenean PSE-EEko, Batasuneko eta EAJko buruzagiek Loiolako santutegian egindako negoziazio prozesua da lanaren «muina». Muruaren arabera, bertan landutako gaiek agerian utzi zituzten gatazka politikoaren gakoak zeintzuk diren. Kazetariak nabarmendu duenez, Loiolan bost korapilo askatzen saiatu ziren negoziatzaileak: nazio izaera, erabakitzeko eskubidea, aitortu beharreko beste eskubideak, lurraldetasuna eta akordioa gauzatzeko prozedura. Akordioa lortzear izan zirela dio, zirriborroa ere hitzartu zutela, baina ixtear zela porrot egin zuela. Hala ere, Muruak uste du lan garrantzitsua egin zela han. «Euskal gatazka politikoa konponbidean jar zezakeen formulazio idatzi batera iritsi ziren Loiolan. Eta hori erreferentzia izan daiteke etorkizunean: agian, eskema ez da errepikatuko, baina edukiak berriro hartu beharko direla uste dut».

Baina zergatik egin zuten porrot Loiolako elkarrizketek? Prozesuaren haustura aztertzeko orduan, Muruarentzat garrantzitsua izan da ETAren su-etenaren ondoren prozesuan sartuta zeuden eragileen jokaera aztertzea. Kazetariaren arabera, Batasunak «mesfidantzaz» jokatu zuen, Espainiako Gobernuak ez zituelako betetzen ETArekin hitzartuak zituen «konpromisoak». «Horregatik saiatu zen Batasuna azken jokalekua lotzen, eta hortik konponezina».

Hala, Muruak argi du azken negoziazio prozesua ez dela Loiolan egindako saioetara mugatzen. «Su-etenaren ondoren prozesua krisi larrian sartu zen, hondoratzen hasia zegoen prozesua salbatzen hasteko urgentziazko ahalegina izan zen Loiolakoa». Orduan sartu zen EAJ negoziazioa mahaian. «Loiolako mahaia, hiru alderdien arteko negoziazio horiek ez zeuden prozesuaren ibilbide orrian», nabarmendu du Muruak.

Loiola: aurretik eta ondoren

Loiolara iritsi aurretik bide luzea egina zuen prozesuak. 2001ean hasten du kontakizuna Muruak; Jesus Egiguren sozialistak eta Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak Elgoibarko Txolarre baserrian egiten zituzten bilera sekretuetan. «Ez zen garai egokia bileretan aritzeko. Gobernuan zen PP. Ezker abertzalearen aurkako jazarpena handia zen, hilketa ugari egon ziren...». Genevan (Suitza) jarraitzen du historia: Egiguren eta Josu Urrutikoetxearen arteko negoziazioetan. Handik Oslora (Norvegia): PSOEk Espainiako Gobernuaren izenean eta ETAk akordioa nola itxi zuten kontatzen du, prozesuko ibilbide orria nola hitzartu zuten, eta horren ondorioz nola ETAk su-etena eman zuen. Ondoren Loiola, haustura, eta Barajasko atentatua. «Zer kontatua badago Barajaskoaren ondorengoari buruz. Gorabehera handiko orduak eta egunak izan ziren. Xehetasunekin kontatzen saiatu naiz», dio Muruak.

Prozesuak erabat hautsita zirudienean, Genevako landetxe batean bildu ziren, ETA eta Espainiako Gobernua mahai batean, PSOE eta Batasuna bestean, nazioarteko lekukoen begiradapean. Azken saioa izan zen hori. Muruak nabarmendu duenez, liburuko atal horretan dago informaziorik «berriena eta ezezagunena». «Jakina da elkarrizketa haiek izan zirela, baina elkarrizketa haien nondik norakoak uste dut liburu honetan aterako direla lehenengo aldiz».

Kontraesanak bai, baina gutxi

Liburua osatzeko, Jesus Egiguren, Iñigo Urkullu eta egun preso dagoen Arnaldo Otegirekin egon zen hizketan Murua. Haien kontakizunak bildu, besteekin eta beste iturri batzuekin egiaztatu eta berriz galdetu. Kazetariak aitortu duenez, alde handiagoa espero zuen batzuen eta besteen arteko kontakizunetan. «Bakoitzak bere erara kontatu dizkit negoziazio taktikak, proposamenak eta hausturaren zergatiak. Baina esan behar dut, Loiolakoari dagokionez, ez daudela hainbeste kontraesan». Izatekotan, Genevako azken bileretan nabaritu ditu aldeak Muruak, Egiguren eta Otegiren bertsioetan.

Prozesuko hiru protagonista horiengana ez ezik, beste pertsona batzuengana jo du kazetariak. Halaber, garai hartako dokumentuak aztertu eta jaso egin ditu gehigarri gisa liburuan.

Hitzaldia



MARTIN UGALDE FOROA

Gaur, 19:00etan. Liburuaren nondik norakoak azalduko ditu gaur Imanol Murua Uria kazetari eta idazle zarauztarrak Andoainen, Martin Ugalde Foroan. Berria Telebistak zuzenean emango du hitzaldia, bere webgunearen bitartez:

www.berria.info

Imanol Murua Uria

Belfastetik Euskal Herrira



Imanol Murua Uriak (Zarautz, Gipuzkoa; 1966) Argia eta Jakin aldizkarietan eta Egunkaria, Egunero eta BERRIA egunkarietan egin du lan. Orain, lan utzialdian dago BERRIAn. Atzo aurkeztutakoaz gain, beste hainbat liburu ere idatzi ditu: Su etena Belfasten (1996, Susa; Humberto Unzuetarekin idatzi zuen), Palestina zauritua (1998, Susa), Geronimo (1999, Elkar), Jesus Atxa Agirre (2008, Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritza), Euskaltzaindia, Ekin eta Jarrai (2009, Euskaltzaindia; Joan Mari Torrealdairekin) eta Esan eta Egin. Joxe Elorrietari elkarrizketa (2009, Manu Robles-Arangiz Institutua).

Liburua



LOIOLAKO HEGIAK

Egilea. Imanol Murua Uria.

Argitaletxea. Elkar eta BERRIA.

Orrialde kopurua. 314.

Salneurria. 20 euro dendetan, eta 15 euro BERRIAren bidez: www.berria.info / 943304345.

Loiolako bileretako protagonistak



PSE-EE

PSE-EEk bi ordezkari nagusi izan zituen Loiolan. Batetik, Jesus Egiguren, alderdiko presidentea. Hura izan zen bake prozesuaren sustatzaile nagusietakoa, Arnaldo Otegirekin batera. Bilera batean Jose Antonio Pastor izan zen haren partez. Bigarren ordezkaria Rodolfo Ares izan zen; PSE-EEko antolakuntza idazkaria eta PSOEko batzorde eragileko federaleko kidea orduan. Espainiako Gobernuaren konfiantzazko gizona izan zen negoziazioetan.

BATASUNA

Arnaldo Otegi izan zen Batasunaren ordezkaritzako burua. Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea eta bozeramailea izan da. Espetxean dago egun. Rufi Etxeberria ere Loiolako bilera guztietan izan zen. HB eta Batasuneko mahaikide izana da, eta Aljerko eta Lizarra-Garaziko prozesuetan ere esku hartu zuen. Ezker abertzaleko hirugarren ordezkaria Olatz Dañobeitia izan zen hasieran, eta Arantza Santesteban gero. Espetxean dago Santesteban.

EAJ

EAJren orduko EBBko presidente Josu Jon Imazek eta Iñigo Urkullu BBBko buruak osatzen zuten ordezkaritza. Biak izan ziren bilera denetan.

Negoziatzen aritu zirenek ez zuten horren berririk eman nahi. Loiolako santutegiko Arrupe etxean aurkitu zuten babeslekua. Han izan da Berria Telebista, Imanol Muruarekin batera.

Diskrezioaren izenean

J. Sagarzazu.

Donostia



Ez zen egia. Atean hori jartzen bazuen ere, bilera gela hartan ez zeuden Deustuko Unibertsitateko irakasle batzuk bilduta. Jesusen lagundiko arduradun gutxi batzuek eta Donostiako gotzainak zekiten bakarrik bilduta zeudenak benetan nortzuk ziren. Sekretuan ari zirelako, diskrezioa behar zuten. Horregatik jo zuten Elizaren atea.

Imanol Muruaren arabera, Loiolako negoziazio prozesuko protagonistek hara jo zuten diskrezioa ezinbestekoa zutelako, eta sekretua mantentzeko lagun ontzat zeukatelako Eliza. Akordioa lortuz gero ere, adostutakoa Elizaren babesean utzi nahi zuten, Vatikanoaren esku edo Jesusen Lagundiaren esku. Baina ez zuten akordiorik itxi. Negoziazioak amaitu ziren eta konfiantza eta diskrezioa urratzen hasi zen.

Loiolako Basilikaren eta Gogartetxearen aldamenean bildu ziren, Arrupe etxean. Inguruko bazterren lasaitasunak pizten duen hausnarketarako gogoa baliatzen dute han ostatu hartzen dutenek.

Eta negoziazioen lekuko mutu izan zen Arrupe etxeko bilera gelan izan da Berria Telebista, Imanol Muruarekin batera. Eraikinaren beheko solairuan, eskuinean dagoen gelan bildu ziren auziko protagonistak. Bilera gela bat, atsedenerako eta otorduetarako gela bat eta beste bi gela txiki, delegazioek bilerak egin zitzaten. Eraikineko beste geletara pasatzeko ateak itxita zeuden eta ostatuko bezeroek debekatuta zeukaten bertan sartzea. Bildutakoek noiz edo noiz bilera gelatik ostatuko harrera gelara daraman korridorea zeharkatu zuten, harreran dagoen inprimagailua eta fotokopiagailua erabiltzeko. Ustez, inork ez zituen ikusi. Etenaldietan ere ateratzen ziren, bilera gela eta eraikinaren itxituraren arteko lorategira, telefono deiak egitera, hankak luzatzera...

Hamabi aldiz bildu ziren han. Irailaren 20an hasi eta azaroaren 15ean amaitu zuten. Bilera gelako mahaiak U itxura hartuta antolatu zituzten. Erdiko mahaian, basilika ikusteko aukera ematen zuen leihoaren parean, EAJko ordezkariak eseri ziren. Mahaiaren ezkerrean, Iñigo Urkullu eta eskuinean Josu Jon Imaz. Urkulluren alboan, Batasunekoak: Rufi Etxeberria, Olatz Dañobeitia hasieran, eta horren ordez Arantza Santesteban gero, eta Arnaldo Otegi. Horien parean, PSE-EEkoak. Jesus Egiguren ezkerrean -Jose Antonio Pastorrek ordezkatu zuen behin-, eta eskuinean, Imazen alboan, Rodolfo Ares.

Arrupe etxerainoko bidea ere diskrezio osoz egiten zuten ordezkaritzetako kideek. Eraikinaren itxiturara ate automatikodun metalezko atea zeharkatuta sartzen ziren. Autotik jaitsi eta lau pauso emanda bilera gelan ziren. Muruak kontatzen duenez, diskrezioa gehien zaintzen zutenetakoa Imaz zen. Bisera eta betaurreko beltzekin iristen zen bilera gelaraino.

Geografia ikastaroa

Bilerak sekretuak baziren ere, hasi eta berehala egunkari batek eman zuen bileren berri. Egia, bai, baina erdizka. Elizondon (Nafarroa) biltzen zirela zabaldu zuten. Muruak jasotzen duenez, negoziatzaileen ustea da polizien entzuketetan oinarrituta-edo filtratu zela informazioa, Eliza ondoan entzun eta Elizondorekin nahastuz. Otegik Muruari esana da Elizondo non zegoen ere ez zekiela Aresek.

Hori ez da Loiolako bilerekin Muruak jaso duen pasadizo bakarra. Liburuaren egileak jakin izan duenez, kontuak ordaindu gabe joan zirela handik Deustuko ikasleak. Zorra kitatzera bueltatuko diren ez diote adierazi, baina.



@Loiolako bideo erreportajea ikusteko :

www.berria.info

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia