Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:26

EUSKALHERRIA;2010-03-09;Barakaldoko lau akusatuek ukatu egin dute kutxa automatikoa erre zutela. Fiskalak 33na urteko kartzela eskatu du, eta defentsak dio akusatuak beste leku batean zirelako frogak dituela

Barakaldoko lau akusatuek ukatu egin dute kutxa automatikoa erre zutela

Fiskalak 33na urteko kartzela eskatu du, eta defentsak dio akusatuak beste leku batean zirelako frogak dituela

Aitziber Laskibar.

Espainiako Auzitegi Nazionala Barakaldoko (Bizkaia) lau gazte epaitzen hasi da: Sendoa Jurado, Unai Frias, Asier Gomez de la Red eta Jon Villanueva. 2008ko otsailaren 10ean, Barakaldon, BBV banketxearen kutxa automatiko bati su ematea egozten die fiskalak, eta 132 urteko espetxe zigorra eskatzen du horregatik; bakoitza 33 urtez espetxeratzeko. Horrez gain, BBVri 35.559 euro ordain diezaiotela galdegin du fiskalak. Atzo hasi zen gazteen aurkako ahozko saioa Auzitegi Nazionalean, eta epaileak deklaratzeko aukera eman zienean, fiskalaren akusazioa ukatu zuten laurek. Areago, otsailaren 10 hartan beste leku batean zeudela ziurtatu zuten: Bilboko Santutxu auzoan zeudela, festan. Alfontso Zenon abokatuak BERRIAri adierazi dionez, baditu hori egiaztatzen duten frogak.

Barakaldon kutxa automatikoari eraso zioten egun hartan Inauteriak ziren Santutxun. Eta, akusatuek atzo epaileari azaldu ziotenez, han ziren laurak festan. Zenonek azaldu duenez, argazkiak ere egin zizkieten Santutxun, eta abokatuak aurkeztuak ditu lau akusatuak mozorro eta guzti agertzen diren irudiak.

Autoen matrikulak

Atxilotu zituztenean sakelako telefonoan polizien auto batzuen matrikulak gordeak zituztela dio fiskalak, eta hori akusazioa indartzeko frogatzat aurkeztu du. Villanuevak atzo azaldu zuenez, «norbait segika» zutela nabaritua zuten aspalditik, eta jarraika zituzten autoen zenbakiak gorde zituzten. Epaileari gogorarazi zionez, eraso hura gertatu baino lehenago akusatuek norbait jarraika zutela salatua zuten epaitegian. «Goizean esnatzen nintzenetik gauean etxera iristen nintzen arte auto batzuk jarraika izaten nituen alde guztietan», kontatu zuen atzo Villanuevak. Jendaurrean ere salatua zuten jazarpena lau gazteek. 2008ko urtarrilaren 19an Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Donostian egin zuen agerraldian parte hartu zuten, eta jazarriak zirela salatu zuten beste hainbat pertsonarekin.

Jurado eta Frias 2008ko maiatzaren 6an atxilotu zituen Ertzaintzak, Barakaldoko kutxa automatikoa erre izana egotzita, eta Gomez de Salazar eta Villanueva, 2008ko uztailaren 1ean Espainiako Poliziak. Preso dituzte ordutik.

Lau akusatuek deklaratu ondoren, dozena bat ertzainek eman zituzten azalpenak atzo ahozko saioan, akusazioaren lekuko gisa. 2008ko otsailaren 10ean BBVk Barakaldon duen kutxa automatikoa sutan zegoen abisua jaso zutela, bertaratzeko «bi minutu baino gutxiago» behar izan zutela, eta sua ertzainek beraiek itzali zutela azaldu zuten. Denborarik ez galtzearren ez zietela su-hiltzaileei deitu ere egin azaldu dute ertzainek, eta «berehala» itzali zituztela garrak. Eskuko su itzalgailua nahikoa izan zuten horretarako.

Gaur beste 30 bat ertzain deklaratzekoak dira lekuko gisa. Asteazkenean ez da saiorik izango, eta espero dute ostegunean epaiketa amaitzea. Hala, akusatuak epaiaren zain geratuko dira.

Gurasoen protesta

Gurasoak elkartearen ustez, kutxa automatiko bati su eman izana egotzita 33na urteko zigorra eskatzea gehiegikeria izateaz gain, euskal gazteriaren aurkako «kriminalizazioaren» beste adibide bat da epaiketa hau; frogarik gabe eraikitako «epaiketa politikoa». Hori dela eta, auzia salatzeko eta gazteak askatzeko eskatuz elkarretaratzea egin zuten atzo Bilboko Epaitegiaren aurrean.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia