Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:24

EUSKALHERRIA;2010-03-07;MARTXOAK 8. Emakumeen Mundu Martxari harrera egingo diote bihar milaka emakumek. Prekarietatea, andreen aurkako indarkeria eta ugalketa eskubideen urraketa salatuko dituzte mobilizazioetan

Emakumeen Mundu Martxari harrera egingo diote bihar milaka emakumek

Prekarietatea, andreen aurkako indarkeria eta ugalketa eskubideen urraketa salatuko dituzte mobilizazioetan

Maite Asensio.

Sistema heteropatriarkalak emakumeen bizitzan duen eraginen aurka mobilizatuko dira bihar milaka andre, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira Euskal Herri osoan antolatutako ekimenetan. Aurtengo martxoaren 8a, gainera, berezia izango da. Izan ere, ehun urte beteko dira andreen eskubideen defentsarako egun hori ezarri zenetik. Urteurrenak bat egingo du Emakumeen Mundu Martxaren hirugarren aldiarekin. Hain justu, nazioarteko ekimen horren lau ardatzek hartuko dituzte biharko aldarrikapenak: emakumeen aurkako indarkeria, sexu eta ugalketa eskubideak, prekarietatea eta elikadura burujabetza.

Hilaren 8tik 18ra, munduko 51 herrialdetan zehar zabalduko da Emakumeak martxan, libre izan arte leloa, baita Euskal Herrian ere. Bihar, 19:30ean, Iruñeko Gaztelu plazatik abiatuko da Emakumeen Mundu Martxa, eta Iruñean bertan amaituko da, martxoaren 13an. Euskal Herriko hiriburuetan arratsaldean egingo diren manifestazioetan ere martxaren hasiera irudikatuko dute, espazioak morez margotuz.

Izan ere, kolore horretako arrastoak utziko ditu ekimenak, martxa igarotzen den herrietan muralak marraztuko baitituzte. Urrian Sud Kiwu hirian (Kongo) egingo den Mundu Martxaren Nazioarteko Ekimenean ikusiko dira mural horiek, marrazkiokin egindako oihalak jantziko baitu Euskal Herria ordezkatuko duen Ibiltaria andre erraldoia. Han izango dira, halaber, martxan bildutako lekukotasunak, «munduko emakumeen borrokaren aitortza irudikatzeko». Hala, munduko andreen arteko elkartasun sareak sendotzeko asmoa ere badu hirugarren martxak.

Era berean, emakumeen eskubide urraketak ikusgai egin nahi ditu martxak, antzekoak baitira mundu osoan. Emakumeen aurkako indarkeria izango da aldarrikapen ildoetako bat, «giza eskubideen urraketa larrienetakoa eta hedatuenetakoa» delako; aurten hiru emakume hil dituzte Euskal Herrian, eta Gasteizen emakume bat desagertuta dago iaztik.

Sexu eta ugalketa eskubideak ere presente egongo dira, besteak beste, bihar Gasteizen egingo den manifestazioan. Izan ere, Espainian joan den astean onartutako abortuaren lege berriak ez ditu mugimendu feministaren eskaerak ase: abortu librea eta haurdunaldiaren etetea Zigor Kodetik ateratzea, hain justu. Elikadura burujabetza izango da beste ardatzetako bat: nekazaritza eta elikadura politiken gainean herrien erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dute.

Krisi garaian, gainera, prekarietatea lelo ugaritan agertuko da. Sistema neoliberal eta patriarkala auzitan jarriko dute, «emakumeok eremu pribatuan dohainik egiten dugun lana duelako oinarri». Lan munduan, krisiaren ondorioak jasaten dituzte emakumeek, EAEko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak atzo ohartarazi zuenez: andreen lan merkatuan zuten presentzia %1,3 murriztu zen iaz. Baina beharrean ez ezik, prekarietateak andreen bizi-baldintzetan, osasunean, autonomian eta duintasunean ere eragiten duela salatuko du feminismoak.

Inoizko Lilatoirik jendetsuena

Martxoaren 8ko ospakizunetako batzuk gaur hasiko dira, Donostiako Lilatoia, esaterako. 2009ko Emakunde Berdintasun Saria jaso du andreen kirolzaletasuna bultzatzeko xedea duen lasterketak. Bost kilometroko karrera Alderdi Ederretik abiatuko da, 11:00etan. 21. aldiz egingo dute aurten, eta marka guztiak hautsiko ditu; ia 2.000 andrek hartuko dute parte, iaz baino 700 gehiagok.

 

Mobilizazioak



Euskal gehiengo sindikala. ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek manifestazioak antolatu dituzte 12:00etan. Bilbon, Plaza Eliptikotik aterako da, Donostian Bulebarretik eta Iruñean Udaletxe plazatik. Gasteizen, elkarretaratzea egingo dute Andre Mari Zurian.

Mugimendu feminista. Tokiko talde feministek deituta, manifestazioak egingo dira arratsaldean. Baionan 18:30ean irtengo da Herriko Etxetik. 19:30ean, berriz, Bilboko Areatzatik, Donostiako Bulebarretik eta Gasteizko San Anton Plazatik abiatuko dira. Iruñean, Mundu Martxa 20:00etan aterako da, Gaztelu plazatik.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia