Dena okertzen hasi zenekoa
Liburu aurrerapena
Imanol Murua Uria
A zaroaren 8ko bilerara hitzordua baino lehenago iritsi ziren Loiolara EAJren eta PSE-EEren ordezkaritzak. Aresek Imazi telefonoz hots egin zion aurretik, eta Arrupe Etxera ordua baino lehenago joateko eskatu zion, hiruren arteko bilkura egin aurretik bien artekoa egin nahi zutela eta. Urkullu: «Alderdi sozialistaren ordezkaritzak esan zigun bilera horretara Batasuna testuaren aldaketarekin zetorrela. Beraiek bazeukatela Batasunaren testu berria eta, beraz, beraiek ere testuaren aldaketa bat ekarri zutela, jatorrizko tesietara itzuliko zirela. Galdetu genien: 'nola dakizue?'. Eta beraiek: 'Ez dizuegu esango, baina gaurko bilerara Batasuna testuaren aldaketarekin dator'».
EAJren ordezkariak zalantzarekin geratu ziren, PSE-EEkoek Batasunaren aldaketaren berri nola izan zuten: edo Batasunekoek aurreratu egin zieten, edo zerbitzu sekretuen bidez jakin zuten. Otegi ere ez da ondo gogoratzen nola izan zen. Bere hitzetan, litekeena da berak Egigureni abisatu izana, baina baita zerbitzu sekretuek proposamena eskuratu izana ere. Baina Egiguren hobeto akordatzen da. «Hori guztia Arnaldok kontatu zidan bileraren aurretik. EAJk pentsatzen zuen parte sekretu bat zegoela hor, baina hauxe besterik ez zen gertatu: deitu zidan eta kontatu zidan zer aurkeztuko zuten, aurretik jakin genezan, iskanbila handia piztu ez zedin».
EAJren ordezkaritza akordio zirriborroari aldaketarik egin gabe iritsi zen azaroaren 8ra. Ibarretxerekin urriaren 31 baino lehen izan zen Imaz, hilaren 17an hain zuzen, eta ia itxita zeukaten akordio zirriborroaren kopia eman zion EBBko lehendakariak Eusko Jaurlaritzako buruari. Harriturik irakurri zuen akordio zirriborroa lehendakariak, akordiora iritsiko zirenik ez zuelako espero, eta zorionak eman zizkion Imazi, egindako lanagatik. Eta urriaren 31ko bilkuraren ondoren, Imazek eta Urkulluk Euzkadi Buru Batzarreko bilerara eraman zuten hitzarmen proposamena.
Ez zuten kopiarik banatu, inor filtrazioen tentaldian eror ez zedin. Testua powerpoint programaren bidez erakutsi zuten, eta hitzez eman zituzten argibide guztiak. Urkullu: «Powerpoint-aren bidez burukideek irakurri zuten, entzun ziguten, eta eztabaidatu egin genuen. Batzuek mesfidantza agertu zuten: 'Benetan honek badu ETAren oniritzia?'. Guk esan genezakeen Batasunaren ordezkaritzak onartu egin zuela. Grafikoki, Rufik esaten zuen: 'Honek lotu egiten gaitu, % 50a da, eta bestea etorriko da'. Ez zen guk saldu nahi genuen gauza bat. Konprometituta Batasuna eta alderdi sozialista zeuden». Batasunak zirriborro hori onartu izanak burukideren bat edo beste harritu zuela ere gogoan du Urkulluk. «Jendea poztu zen: 'Hau da errealismoa', esan zuten, baina batzuei arraroa egin zitzaien: 'Batasuna hau onartzeko prest dago?', galdetu zuten».
Harritu zirenetako bat, eta galdera hori egin zuena, Joseba Egibar zen. GBBko lehendakariak agertua zuen ordurako Loiolan hitzartzen ari zirenari buruzko errezeloa, bai pribatuan eta bai publikoan. Azarora arte Imazek eta Urkulluk ez zieten azaldu Loiolan behin-behinean zer zirriborro hitzartu zuten, baina urrian Egibarrek bazuen santutegi ondoan negoziatzen ari ziren mamiaren berririk, eta ez zuen guztiz gogobetetzen. Artean negoziazioak hasi berriak zirenean, urriaren lehenean, Kilometroak eguna zela-eta Oiartzunen topo egin zutenean, mesfidantza horren berri eman zion Joseba Egibarrek Rufi Etxeberriari, pribatuan. Eta publikoan, ordurako zirriborroa hitzartzear zutenean, Egibarrek jendaurrean azaldu zuen mesfidantza, urriaren 26an Gara-k argitaratutako elkarrizketan. Aurrena, Perez Rubalcabak eta Rodriguez Zapaterok Espartero jeneral liberalak Bergarako Besarkadan izandako jokabidearen parekoa izango zutela iragarri zuen: foruak defendituko zituela hitz eman, baina gero denbora pasatzen utzi, eta azkenean foruak indargabetu. Eta ondoren, esan zuen «euskal aldean» inork ez lukeela Marotorena egin behar, zeinak «Esparterorekin sinatu zuena sinatu baitzuen», ezta Muñagorrirena ere, zeinak «agente bikoitzaren jokoa egin baitzuen». Ondo ulertu zuten Otegik eta Imazek Egibarrek Maroto zeini deitu zion, eta Muñagorri zeini. Izan ere, Loiolako bileretako batean Otegik Egibarrentzako enkargua eman zion Imazi, erdi txantxetan: esateko epelak jasoko zituela, berriro Maroto deitzen bazion!
Baina EBBko kideek, espero bezala, erabakia hartzeko orduan eragozpenik ez zioten jarri testuari. Urkullu: «EAJk babes osoa eman zigun Josu Joni eta bioi ordura arte egindako horretan, eta hurrengo bilerara eraman behar genuenari baietza eman zion. Bagenituen, beharbada, puntu batzuetan ñabardurak egiteko ikuspuntuak, baina ez genion ñabardurarik jarri nahi. Egindakotzat utzi genuen, eta halaxe erabaki genuen».
PSE-EEren ordezkaritzaren oniritziari dagokionez, Madrilen zegoen gako nagusia. Baina puntu gatazkatsu bat agertzen zen bakoitzean Aresek Madrilera deitu ohi zuenez, negoziazioa aurrera egiten ari zen aldi berean lortzen ari ziren euskal sozialistak PSOEren eta Espainiako Gobernuaren onespena. Egigurenen ustez, dena den, testu hark benetan zer ondorio ekar zitzakeen ohartzen ez zirelako onartu zuten akordio proposamena Madrilen: «Gu Madrilen oniritziarekin ari ginen, bai, baina Madril ez zen jabetzen akordio honek zuen garrantziaz eta horren atzean zeuden arazo guztiez. Madrilek pentsatzen zuen hau Estatutu erreforma batera mugatzen zela. Susmatzen dut beraien artean esaten zutela: 'Erreforma hona etortzen denean orraztuko dugu pixka bat'. Hau da, akordioa aurrera joan balitz, egunen batean Espainiako Gobernua egundoko saltsan sartuko zen. Espainiako Gobernua ez zen ohartzen bide horretatik, egunen batean, galdeketara iristen ginela».
Baina egin zituzten egin beharreko bilerak eta deiak, eta PSE-EE ere oniritziarekin agertuko zen Loiolara, aurretik jakin izan ez balu Batasuna aldaketarekin zetorrela.
Zer gertatu zen, ordea, ezker abertzaleko erabakiguneetan urriaren 31tik azaroaren 8ra bitartean? Otegik du hitza: «Testua aztertuta, testuaren balorazio positiboak zein ziren zehaztu genuen, eta negatiboak zein ziren. Testua testuinguru orokorrean irakurri genuen, gertatzen ari zenaren inguruan. Orduan, ezker abertzaleak hausnarketa egin zuen. Testuak bazituen oso gauza positiboak: aitortza nazionala, euskararen aitortza, erabakitze eskubidearen inguruan ahalegina, konkretatu gabe izan arren... Baina guk zalantza bat genuen testuarekin, prozesuari buruz egiten genuen irakurketaren argitan: testu honekin ailegatu gaitezke gure helburura? Edo testu honekin erdibidean geldi gaitezke, EAJren eta PSOEren artean itun bat baldin badago? Hau da: azken eszenatokia ez dago gutxienekoetan ziurtatua. Orduan, horren inguruan apustu bat egin genuen: goazen oinarri honetatik azken eszenatokia ateratzera, goazen ikustera denok gauza berberaz hitz egiten ari ote garen. Eta, orduan, [lau herrialdeetarako] Estatutuaren planteamendua egin genuen: kontseilu euskal-nafarrak [Organo Instituzional Komuna] epe jakin batean proposamen bat egingo zuela, lau herrialdeak egituratzeko modu bateratuan autonomiaren bidez, eta hori bakarrik martxan jarriko zela, egikarituko zela, nafarrak alde agertzen baldin baziren eta baskongadoak alde agertzen baldin baziren. Eta horrekin guk itxi egiten genuen planteamendua».
Otegik aitortzen du proposatu zutena ez zela ñabardura bat, ez zela aldaketa tekniko hutsa: «Guk kalkulu politiko bat egin genuen, eta esan genuen: 'Hona iritsita, goazen ixtera'. Orduan, eszenatokiaren azken helmuga jarri genuen. Egia da guk aldaketa estrukturala egin genuela testuan. Eta egia da horrek hartu zituela guztiz ustekabean bai EAJ eta bai PSOE. Horretan arrazoi dute. Hau da, bai EAJk bai PSOEk arrazoi dute esaten dutenean: 'Hemen gelditu ginen aldaketa estrukturalik ez egiteko, eta zuek jarri duzuena guztiz estrukturala da'».
Horrela zergatik jokatu zuten azaltzen duenean, funtsean, mesfidantza da argudioa: «Guk susmo bat uxatu nahi genuen. Ez dut esaten ongi egin genuen edo ez. nolabait, azken bermea nahi genuen, behin betiko esateko: hemen badago borondatea joateko azken muturreraino, beraien partetik ere badago asmoa azkenean marko demokratiko bat osatzeko. Egia da marko demokratiko batera joateko osagaiak zirriborroan daudela, baina beraien jarrerak, jokabideak, konpromiso urratzeak eta testuak halabeharrez zituen hainbat anbiguotasunek ez zuten ziurtatzen gutxieneko demokratikoen azken helmuga hori. Ezker abertzalea oso kontziente zen hori sinatuz gero beste errailean beste mota bateko urratsak eman behar zirela. Orduan, beldur eszeniko horretan mugitu ginen».
Bazekiten, aldaketa proposamen horrekin, adostasuna hausteko arriskua hartzen ari zirela: «Bai. Bazegoen arriskua. Guk egiten genuen kalkulua zen posible zela hori gehiago lotzea. Eta kalkulu horretan erratu egin ginen».
Bai EAJk eta bai PSE-EEk, zirriborroa ez onartzearen erabakia ETArena dela uste dute. Batasunaren ordezkaritza ados zegoela, baina ETAk esan zuela ezetz. Galdera egin beharrekoa da, nahiz eta jakin Otegi ez dagoela dena kontatzeko moduan. Otegiren erantzuna: «Ez. Ezker abertzaleak hausnartu egin zuen planteamendua, baloratu egin zituen testuaren potentzialitateak eta arriskuak, eta arrisku horiek uxatzeko proposamen bat egin zuen. Ez ETAk, ezker abertzaleak baizik».
Azaroaren 8ak akordioaren eguna izan behar zuen. Jesusen Lagundiko arduradun gutxi batzuek ere bazekiten hori, eta horregatik zegoen egun hartan Arrupe Etxean ohi baino jesulagun gehiago: Mari Etxeberria Loiolako burua ez ezik, Juan Miguel Arregi jesulagunen probintzia burua ere Loiolan zen, akordioa noiz itxiko zain, Erromako buruzagi nagusiarekin bitartekari lanak egiteko gertu. Xanpain botila batzuk freskatzen ere jarri zituzten, Arrupe Etxeko sukaldeko hozkailuan. Baina bilera uste baino luzeago joan zen eta, negoziazio gelatik orroren batzuk ere entzuten hasi zirenean, zerbait okertzen hasi zela ulertu zuten.
Barruan, zazpi negoziatzaileak betiko mahaietan betiko eran eseri zirenerako, denek bazekiten bilera ohi baino askoz desatseginagoa izango zela, hausturaren arriskua hurre zegoela. Batasuneko kideek bazekiten mahai gainean jartzekoak ziren aldaketa proposamenak ez zuela PSE-EEren oniritzirik lortuko. Ordurako, Otegi hitz egina zegoen Egigurenekin eta, honek, behin proposamen berria irakurrita, hori onartzea ezinezkoa izango zela aurreratu zion. Sozialistek, beraz, bazekiten zehatz-mehatz zer zetorren, eta kontraproposamen idatzia prest zeukaten. EAJkoek ez zuten artean Batasunekoen proposamen berriaren letra txikia ezagutzen, baina bazekiten, ordubete lehenago sozialistek esanda, hauek ez zutela inolaz ere onartuko.
Bilera, abiapuntu horiekin, ezin zen ongi atera. Josu Jon Imazek hartu zuen aurrena hitza, Urkulluren arabera. Batasunaren proposamenaren berririk ez balu bezala mintzatu zen. Urkullu: «Gu hasi ginen. Esan genuen guk egin genuela gure lana, urriaren 31n geratu ginela bakoitzak bere exekutiban lortu behar zuela oniritzia, guk EBBn aurkeztu genuela, ez genuela paperik eraman, ez genuela ezer filtratzeko aukerarik eman, EBBren oniritzia jaso genuela eta ez genuela batere eragozpenik».
PSE-EEko solaskideak isilik zeuden. Batasuneko solaskideena zen txanda. Urkullu berriro: «Jesus Egigurenek eta rodolfo Aresek hartu zuten jarrera izan zen esertzea eta itxarotea. Batasuna eta alderdi sozialista aurrez aurre esertzen ziren, gu tartean, eta alderdi sozialista zain. Batasunaren ordezkaritza oso urduri zegoen. Oso eszenaratze estranbotikoa izan zen. Ordenagailuak atera zituzten eta esan zuten: 'Zerbait aurkeztu behar dizuegu, ez dakit ekarri dugun, ez dakit non daukadan...'. Horrela pasatu genuen oso luzea egin zitzaigun minutu parea. Esan genien: 'Ekarri duzue edo ez duzue ekarri? Zer da ekarri duzuena?'. Eta Otegik: 'Ahoz esango dizuegu... Ez, aurkitu dut'. Oso gertakari esanguratsua izan zen».
Azkenean, aldaketa proposamenak azaltzen hasi zen Otegi.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
