Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:22

EUSKALHERRIA;2010-02-28;Independentziaren aldeko «sare zabal bat» eratu dute. Independentziaren aldekoak indarrak biltzen hasiak direla eta ekimena hedatzeko prozesu ireki bat garatuko dutela iragarri dute Apirilaren 4an, Irun eta Hendaia artean ospatuko den Aberri Egunera deitu dute

Independentziaren aldeko «sare zabal bat» eratu dute

Independentziaren aldekoak indarrak biltzen hasiak direla eta ekimena hedatzeko prozesu ireki bat garatuko dutela iragarri dute

Apirilaren 4an, Irun eta Hendaia artean ospatuko den Aberri Egunera deitu dute

Gurutze Izagirre.

Donostia

Euskal Herriko independentziaren aldeko sarea aurkeztu dute Donostian: Independentistak. «XXI. mendeko euskal independentistak indarrak biltzen eta antolatzen hasiak gara ekimen berri bat gorpuzteko», esan zuten atzo. Sare gisako mugimendu bat osatu nahi dute. Prozesu irekia garatu nahi dute, eta bazter guztietara zabaldu. Alderdietatik askea, norbanakoek osatutako gizarte sarea dela nabarmendu dute. «Ez da alderdien mahai bat, ez inoren aginduetara dagoen ezer. Bere buruaren jabe den mugimendua da».

Ari Gara izeneko aldarrikapenarekin ekin diote ibilbide publikoari. Atzo egin zuten aurkezpena Donostian, Miramar jauregian. Ia 140 lagunen atxikimendua lortu dute, eta haietako batzuk atzo Miramarren ziren, hala nola Rafa Larreina, Karmele Aierbe, Floren Aoiz, Maiorga Ramirez, Sabin Intxaurraga, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Koldo Amezketa, Nekane Alzelai, Joan Mari Irigoien eta Ramon Agirre. Baina atxikimendu zerrenda luzeagoa da, eta hori luzatzen segitzea dute helburu gainera.

Atxikimenduak pilatzeaz gain, Aberri Eguna dute hurrengo helmuga. Atzo aurreratu zuten apirilaren 4an Irun eta Hendaia artean ospatuko den Aberri Egunerako deia prestatzen ari direla.

Maite Aristegik eman zuen aldarrikapenaren berri euskaraz, Txutxi Ariznabarretak gaztelaniaz eta Theresa Alsuetek frantsesez. Aurretik, mugimenduaren azalpena eman zuten Garbiñe Buenok, Naroa Iturrik eta Battitta Ameztoik euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, hurrenez hurren.

Norbanakoen ekimena

Euskal Herriaren independentziaren alde lana egitea dute helburu. Jatorri eta esparru askotako euskaldunak osatua da ekimena, atzo aurkezpenean aurreratu zutenez.

Independentziaren alde egin nahi dutenentzako irekia den sarea osatu nahi dute. «Norbanakoez osatua, mugimendu independentea, alderdien joko eta hauteskunde lehietatik at egonen dena, askotarikoa, batzen gaituena lehenetsiz».

Euskal Herriak independentziaren aldeko mugimendu zabala eskatzen duela iritzita abiatu da ekimena. «Ez gara ETAren ustezko borondatea gauzatzen ari, baina ez dugu onartuko ETAren aitzakia erabiltzea mugimendu independentista plural eta zabala osatzeko aukera oztopatzeko».

Euskal herritarrek euren buruaren jabe izateko eskubidea dutela aldarrikatu dute. «Geure estatua sortu nahi dugu, hauxe baita munduan libre bizitzeko era onena».

Bide hori demokrazian oinarrituta egin nahi dute, eta bide demokratikoetatik. Nazio Batuen Erakundeak 1948an hitzartutako Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala eta Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Nazioarteko Itunarekin bat egiten dute. «Jarduera eta erabaki demokratikoak defendatzen ditugu. Gauza bera eskatzen diegu Euskal Herriarentzat beste nazio egitasmoak bultzatzen dituztenei, denok onar dezagun jendartea dela erabakiak hartzeko subjektu bakarra».

Independentziaren aldeko hautua debekatua dagoela salatu dute Ari Gara aldarrikapenean. Hori dela eta, iragarri dute independentziara iristeko bidea urratzeari ekingo diotela. «Euskal Herriaren aitortza, bere lurraldetasunaren errespetua eta autodeterminazio eskubidea bermatzen dituen agertoki demokratikoaren alde egingo dugu lan, independentziaren aldeko apustua egiten ez dutenekin batera».

Independentistak.net webgunea egin dute. Atxikimenduak emateko aukera dago hor. Eta Twitter eta Facebook sare sozialak ere baliatuko dituzte ekimena zabaltzeko.

Independentziaren aldekoak sarean sartzera gonbidatu dituzte horrenbestez. Eta hurrengo hitzordua apirilaren 4rako jarri dute, Aberri Egunean, Irun eta Hendaia artean.

 

Atxikimenduak



Ekimenarekin bat egin dutenen izen zerrenda luzea da. Hona hemen batzuk:



Joxe Mari Agirretxe. Porrotx

Karmele Aierbe. Politikaria

Uxue Alberdi. Bertsolaria

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'. Idazlea

Nekane Alzelai. Irakaslea

Josu Amezaga. EHUko irakaslea

Koldo Amezketa. Politikaria

Battitta Ameztoi. Politikaria

Floren Aoiz. Idazlea

Maite Aristegi. Nazio Eztabaidaguneko kidea

Txutxi Ariznabarreta. Sindikalista

Itziar Arratibel. ESAITeko kidea

Joxe Mari Azurmendi. Irakaslea

Luix Barrinagamenteria. Abokatua

Garbiñe Bueno. Hezitzailea

Paula Casares. Politikaria

Eñaut Elorrieta. Musikaria

Tasio Erkizia. Politikaria

Jakoba Errekondo. Paisajista

Rufi Etxeberria. Politikaria

Aratz Gallastegi. Kirolaria

Antton Gomez. Politikaria

Sabin Intxaurraga. Ingurumen sailburu ohia Jaurlaritzan

Joan Mari Irigoien. Idazlea

Xabier Isasi. EHUko irakaslea

Naroa Iturri. Kazetaria

Ramon Labaien. Donostiako alkate ohia

Antton Lafont. Enpresaria

Xabi Larralde. Politikaria

Ainhoa Larrañaga. Mondragon Unibertsitateko irakaslea

Rafa Larreina. Politikaria

Laura Mintegi. Idazlea

Xabier Oleaga. Kazetaria

Oihane Perea. Bertsolaria

Maiorga Ramirez. Politikaria

Arritxu Santamaria. Irakaslea

Toni Strubell. EHUko irakaslea

Mario Zubiaga. EHUko irakaslea

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia