HARIAN;2010-02-28;EMAKUMEEN MUNDU MARTXA. Sei eguneko Martxoak 8. Iruņetik abiatuta, martxoaren 8tik 13ra egingo dute Emakumeen Mundu Martxa Genero indarkeriari, eskubide sexualei, prekarietateari eta elikadura burujabetzari buruzko aldarrikapenak egingo dituzte. Miriam Nobre. Mundu Martxako koordinatzailea
Sei eguneko Martxoak 8
Iruñetik abiatuta, martxoaren 8tik 13ra egingo dute Emakumeen Mundu Martxa
Genero indarkeriari, eskubide sexualei, prekarietateari eta elikadura burujabetzari buruzko aldarrikapenak egingo dituzte
Ainara Arratibel.
Donostia
Emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapenek hartu dituzte martxoaren 8tik 13ra bitarte Euskal Herriko kaleak.Bertatik igaroko da Emakumeen Mundu Martxa. Emakumeen Nazioarteko eguneko aldarrikapenak sei egunez luzatuko dira. Iruñetik abiatuko da, eta han egingo dute, halaber, amaiera ekitaldia. Lau gairen inguruko kezkak eta aldarrikapenak karrikaratuko dituzte: genero indarkeria, sexu eta ugalketa eskubideak, prekarietate ekonomikoa eta elikaduraren burujabetza. Bertan parte hartzearen garrantziaz ohartarazi du Emakumeen Mundu Martxarako Plataformaren izenean, Per Un Alternative Feministe elkarteko Nathalie Riobek: «Denon testigantza oso garrantzitsua da euskal emakumeon, munduko emakumeon aldarrikapenak eta beharrak azaleratu ahal izateko».
Orain bost urte egin zen azken Emakumeen Mundu Martxa, eta atzo eman zituzten aurten egingo denari buruzko argibideak Donostian. Aurten hiru dira jada genero indarkeriagatik Euskal Herrian hildako emakumeak: Elena Cal, Amelia Sanchez eta Isabel Velez. «Ez da ahaztu behar Nora gasteiztarra galduta dagoela oraindik», gogorarazi du Bizkaiko Emakumeen Asanbladako Marijo Martinezek. Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimak oso gogoan izango dituzte martxa guztian zehar. «Emakumeen aurkako indarkeria egungo giza eskubideen urraketa larrienetakoa eta hedatuenetakoa da».
Senatuak oniritzia eman eta gero, aste honetan bertan onartu da Espainiako Abortuaren Lege berria. Oso kritiko agertu dira legearekin martxako antolatzaileak, eta emakumeen sexu eta ugalketa eskubideak bermatzeko eskatuko dute. «Abortu librea eta doakoa da aldarrikatzen duguna, eta aldarrikapen horrekin jarraitzen dugu. Sexualitatea era askean eta heteronormetatik at bizitzeko eskubide osoa dugu», dio Martinezek.
Krisi ekonomikoa ere oso presente egongo da aurtengo martxan. «Krisia hasi aurretik, emakumeok bagenekien zer zen hori. Prekarietateak oraindik ere emakume aurpegia du», gogorarazi du Martinezek. Hala, martxan zehar egungo eredu ekonomiko «neoliberal eta patriarkala» salatuko dute. «Eremu pribatuan emakumeok doan egiten dugun lana du oinarri eredu horrek. Guztiz beharrezkoa iruditzen zaigu eredu hori zalantzan jarri, eta guztiontzat justuagoa izango den berri bat pentsatzea eta gauzatzea».
Azken aldarrikapen ildoa elikaduraren burujabetzari lotutakoa izango da. «Herriek beren nekazaritza eta elikadura politiken gainean erabakitzeko eskubidea izan behar dute», nabarmendu du Martinezek.
Muralak eta erraldoiak
Martxako erreleboez gain, testigantza liburu bat osatuko dute aldarrikapenak jasotzeko. «Euskal emakumeon hitza bildu nahi dugu, munduan entzuna izan dadin», nabarmendu du Bilgune Feministako Zuriñe Altabek. Gainera, herrietan muralak marraztuko dituzte, lekukotasunak uzteko. Mural horiek eta martxa pasako ez den herrietan egingo dituztenak, azken egunean Iruñean jasoko dituzte. «Mural horiek Euskal Herriko ibiltaria osatzeko erabiliko den oihalaren oinarri izango dira», dio Altabek.
Ibiltaria erraldoi moduko batzuk dira. Urrian Sud Kiwun (Kongo) amaituko da Emakumeen Mundu Martxa, eta mundu osoko emakumeak egongo dira irudikatuta erraldoi horien bitartez. «Erraldoien eta testigantza liburuen bidez munduko emakumeen borrokaren aitorpena eta bat-egitea irudikatuko ditugu».
Istambulen (Turkia) ere emakumeen eskubideen agertoki izango da. Ekainaren 30ean han izango dira Europako Emakumeen Topaketa Internazionalistak.
Martxaren ibilbidea egunez egun
Martxoak 8: 19:30ean, Iruñeko Gaztelu Plazatik abiatuko da martxa. Manifestazioa egingo dute.
Martxoak 9: Iruñea (10:00etan irteera); Altsasu (11:00); Lizarra (13:30); Agurain (17:30); Gasteiz (19:00etan harrera bizikletaz, Ama Zurian ekitaldia eta batukada poteoa).
Martxoak 10: Gasteiz (10:00etan elkarretaratzea Eusko Legebiltzarraren aurrean); Laudio; Ezkerraldea; Eskuinaldea (17:00); Bilbo (18:30ean Udaletxetik kalejira Areatzara, eta ekitaldia); Zornotza (21:30).
Martxoak 11: Ermua (11:00); Urola Kosta (12:00); Beasain (17:00); Tolosa (18:30); Donostia (19:00 Bulebarrean ekimena); Errenteria (20:30).
Martxoak 12: Irun (11.30); Hazparne (13.00); Baiona (18:30ean Harrera Herriko etxean); Leitza (20:30).
Martxoak 13: Mundu Martxa 12:20an iritsiko da Iruñeko Gazteluko plazara. 11:00etan hasita ekitaldia.
400
Aurreko Mundu Martxan parte hartu zuten taldeek. 2005ean egin zen aurreko Emakumeen Mundu Martxa, eta guztira 400 emakume taldek egin zuten bat ekimenarekin.
Nagore Laffage gogoratu dute Iruñean
200 lagun inguru bildu ziren atzo Iruñeko Vinculo plazan, orain bi urteko sanferminetan Jose Diego Yllanesek hil zuen Nagore Laffage gaztearentzat justizia eskatzeko. Yllanesi 12 urte eta erdiko kartzela zigorra jarri zioten, baina aldeek helegitea jarri diote epaiari. Asteartean aztertuko dira helegiteak.
Maiatzetik aurrera, lurraldekako ekimenak
Martxoko ekimenen ostean, urte osoan, Mundu Martxaren lurraldekako ekimenak egingo dira; Asiakoa maiatzean, Filipinetan; Europakoa ekainean, Turkian .Ameriketakoa abuztuan, Kolonbian. Amaiera urriaren 13 eta 17a bitartean izango da, Afrikan, Bukavun, Kongoko Errepublika Demokratikoan.
46
Mundu Martxan parte hartuko duten herrialdeak. Martxoaren 8a eta 18a bitartean munduko 46 herrialdek hartuko dute parte martxan, ehunka ekimenen bidez. Nolanahi ere, antolakuntzako arduradunen aburuz, akaso oraindik gehiago ere lotuko zaizkio deiari.
Miriam Nobre.
Mundu Martxako koordinatzailea
Brasildik, Mundu Martxaren bulego nagusitik, bigarren aldiz koordinatuko du Emakumeen Mundu Martxa, mundu osoko emakumeei begira. Ez du kikiltzen ekimenaren handitasunak.
«Batzen gaituena ez da garena bakarrik, hor dago aldatzeko borondatea ere»
Arantxa Iraola.
Donostia
Miriam Nobre (Sao Paulo, 1965) brasildarrak hantxetik erantzun ditu BERRIAk paratutako galderak, lanpetuta, martxa noiz abiatuko zain.
Aurten berriro zuk koordinatuko duzu Mundu Martxa. Talaia egokia ematen du, zure egitekoak, munduko emakumeen errealitatea aztertzeko. Zer ikusten duzu?
Hirugarren aldiz goaz egitera nazioarteko ekimen hau, eta kontestu politiko eta ekonomiko arrunt ezberdinean egingo da. Izan ere, hamar urte baino gehiagoko esperientzia dugu orain emakumeen nazioarteko mugimendu feminista eraikitzen, antineoliberalismoaren aurkako mugimendu global baten barruan, betiere. Orain, herrietatik datozen erresistentziak eta konponbideak argiagoak dira, baina, bide batez, sektore kontserbadoreak berriro antolatu direla ere agerikoa da. Hainbat errealitatek agerian uzten dute hori: krisiaren aitzakiarekin, esaterako, eskubideak galtzen ari dira, eta lanpostuak ere bai; familiaren defentsa oinarri hartuta, berriz, emakumeen eskubideen aurkako erasoak ere nabarmenak dira. Bestalde, gizarte borroken militarizazioa eta kriminalizazioa gertatu da.
Hirugarren martxa da hau, hamar urte baino gehiagoko ibiliaren emaitza. Zein lorpen nabarmenduko zenituzke egindako bidean?
Emakumeen Mundu Martxa, etenik gabeko mugimendua da; abagunean eragin nahi du, emakumeen aldekoa bihurtzeko, eta, hartara, emakumeen eskubideak orokorrak izateko, eta guztionak. Hirugarren nazioarteko ekimena da hau; ekimen hauek egokiak dira gure mezu komunetan bat egiteko, modu horretan gure mezuak bai tokiko eremuetan, eta bai nazioartean entzunarazteko.
Mundu zabalean, herrialdez herrialde, sektorez sektore, emakumeen errealitatea ez da beti bera. Zertan datza emakume guztiek jasaten duten ezberdintasuna, muinean?
Martxan, guztiok emakume langileak gara, esperientzia eta kultura politiko ezberdinetakoak, eta hainbat herrialdetakoak; beltzak gara, indigenak, gazteak, zaharrak, lesbianak... Denok batzen gaituena ez da garena bakarrik, hor dago aldatzeko borondatea ere, eta hor daude, askatasuna, berdintasuna, justizia, elkartasuna eta bakea oinarri hartuta mundua aldatzeko gure ekimenak.
Nola egin horrelako gauza handi bat koordinatzeko?
Lehen zait honetan, herrialde bakoitzaren antolakuntza gaitasunaren araberakoa da dena; informazioa zabaltzea da, batez ere, gure ardura. Eta, bide batez, taldez talde antolatzen ari diren ekimenen berri izaten saiatzen gara. Eskualdez eskualdeko jardunean eta martxaren amaieran izaten da, batez ere, koordinazio lana zama astunagoa.
Nolako urratsak iragartzen dituzu feminismoan?
Feminismotik alternatibak aurkez ditzakegu bizitzaren alor guztietan. Etorkizuneko erronkak hiru alorretan ikusten ditut, batez ere. Batetik, finantza krisia eta horri aurre egiteko hartu behar diren neurriak daude. Munduaren militarizazioa eta ingurumenarekiko harremanak ere hor daude, eta, azkenik, klima aldaketa, naturaren pribatizazioa eta horiekin lotutako gaiak. Aski lotuta daude alor horiek guztiak beren artean, eta feminismoak ekarpen garrantzitsua egin dezakeela iruditzen zait emakumeen zapalkuntza, eta egiten duten lana ez aintzakotzat hartzea, horien muin-muinean baitute.