Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:19

EUSKALHERRIA;2010-02-27;Asel Luzarraga. Euskal idazlea. «Nire aurkako akusazioek ez dute funtsik, hutsak ugariak dira». Apurka, oztopoak gainditzen ari da Txilen atxilo harturiko idazlea; errugabe irtengo dela sinetsita dago, elkartasuna lagun.

Asel Luzarraga.

Euskal idazlea

Apurka, oztopoak gainditzen ari da Txilen atxilo harturiko idazlea; errugabe irtengo dela sinetsita dago, elkartasuna lagun.

«Nire aurkako akusazioek ez dute funtsik, hutsak ugariak dira»

Maite Asensio.

«Pilak kargatuta» dago Asel Luzarraga euskal idazle eta musikaria (Bilbo, 1971), duela bi aste Txileko Bermeen Epaitegiak etxeko atxiloaldia ezarri zionetik. Lau atentaturekin lotura izatea eta lehergailuak egiteko materiala edukitzea egotzita, Urtezahar egunean atxilotu zuten, eta ordutik une zailak igaro ditu. Hala ere, Euskal Herritik, Argentinatik eta Txiletik jasotako babesen ondorioz, «hunkituta» dago, BERRIAri aitortu dionez Padre de las Casas herriko etxetik posta elektronikoz erantzundako galderen bidez.

Nolakoa izan zen atxiloketa eguna?

Arraroa, denbora asko behar izan nuen gertatzen ari zitzaidana barneratzeko. Etxea miatzeko agindua zutela esan zidatenean, hainbeste polizia armaduna ikusita, apur bat izutu nintzen, eta eskuburdinak jarrita izatea ez zen samurra izan, baina lasai nengoen. Galderak egin arren ez zidaten ezer azaltzen, baina dena berehala bukatuko zela sinetsita nengoen. Atxilotuta nengoela jakitean, beste norbaiten pelikulan sartu nindutela sentitu nuen.

Zure etxean lehergailuak egiteko materiala topatu zuela zabaldu zuen Poliziak. Zer aurkitu zuten?

Ni etxean nengoela, ezer ere ez. Zegatik atxilotu ninduten galdetuta, han «topatutakoagatik» zela esan zidaten. Ez zizkidaten inoiz erakutsi gauza haiek. Bitxia da, edo esanguratsua, komunikabideei ere inoiz erakutsi ez izana, ohi dutenaren kontra. Geroago izan dut aukera fiskalaren argazkietan ikusteko. Su itzalgailua daukan supermerkatuko poltsa bat ageri da logelako armairuaren gainean; barregarria gau hartan bertan lehergailua jarri omen zuen gaizkigileak edonoren begi bistan uztea hurrengo bonba... Hori han jarri zuenak ez zuen itxurarik gorde.

Oztopo izan al da fiskalaren jarrera?

Hau guztia ezinezkoa izango zen fiskalak ni kartzelatzeko grina izan ez balu, etxea miatzeko agindua emateko frogak ere barregarriak direlako. Nahi dituzten datuak, ni Euskal Herrian nengoela eztanda egin zuen lehergailua, esaterako, hartu, hortik izugarrizko irudimena behar duten loturak egin, eta haien ustez nire aurka erabil daitezkeenak baino ez dituzte aurkeztu. Bolbora arrastoen frogak ezezko emaitza izan zuenez, ez zuten txostenean aipatu. Irregulartasunek ez dute mugarik.

Zein traba izan du defentsak?

Eskatutako agiriak azken orduan eman zizkioten, eta lehen epaiketa prestatzeko oso denbora gutxi izan zuen. Abokatu hark [Julio Landaeta] huts handiak egin zituen, eta kalte izugarria egin zidaten; inoiz pentsatu dut horren atzean asmo ilunen bat ez ote zegoen. Baina kasua Jaime Madariaga abokatuak hartu zuenean dena aldatu zen. Hala ere, oztopoak hor daude, oraindik ez dizkiotelako eskatutako frogak eman. Badakite horiek denak nire aldekoak izango direla, eta atzeratzen ari dira.

Hasieran Terrorismoaren Aurkako Legea urratzea egotzi zizuten, gero Armen eta Lehergailuen Legea haustea, eta, azkenik, etxeko atxiloaldia ezarri dizute. Nola bizi izan duzu bilakaera hori?

Amorruz hasieran, gezurrak entzunda ezin nuelako hitzik egin. Kargurik larrienak desagertzean, lasaiago, eta orain gogotsu, amaieraraino iristeko. Barregarria da argudioak erabiltzeko duten modua: badaezpadako espetxealdia eskatzeko argudioetako bat zen ez zekitela dirua nondik ateratzen nuen eta ez neukala familia sustraitzerik hemen. Nire diru iturriak publikoak dira -Txilen bizitzeko bisa eskatu nueneko agirien artean daude-, baina hori agertzea ez zitzaien komeni. Bestalde, familia sustraitzerik onartu ez, baina Vaneren etxea miatzeko arrazoi bakarra neska-laguna izatea izan zen. Azkenean, bakearen aldeko nire iragana frogatu dugunean, nire inguruan eraiki duten irudia desegin da; hala ulertu du epaileak.

Maputxeen eskubideen aldeko zure iritziak isilarazi nahi izan al dituzte?

Hemen nagoenetik herri miresgarri horren alde egindako bakarra izan da nire blogetan artikulu batzuk idaztea: ikuspegi anarkistatik gatazkari buruzko iritzi xumea eman eta konponbiderako ideia batzuk plazaratu. Uste baino min handiagoa egin ei die, nire aurkako froga gisa artikuluotako bat jarri baitute. Imajinatu zein larria zen idatzitakoa: azkenean Madariagak berak irakurri zuen testu hura, nire alde erabiltzeko.

Auziak nazioarteko oihartzuna izateak kalte egin al dizu?

Ez dut uste; aitzitik, ezinbestekoa delakoan nago. Asko daude preso asmatutako salaketengatik halako babesik gabe; sarritan, egin ez dutena aitortu beharrean aurkitzen dira. Neuri ere iradoki zidaten egin ez nuena aitortuz gero azkarrago aterako nintzela, baina argi izan dut ez zutela egia makurraraziko.

Euskal herritarra izateak eraginik izan al du auzian?

Argi eta garbi. Araukanian zeuden euskaldunak zertan zebiltzan ikertuko zutela esan zuen aspaldi Txileko idazkariordeak. Askorentzat, euskalduna, anarkista edo maputxeen laguna izatea terrorista izatea da; eta atzerritarra, idazlea edo kazetaria dena susmagarria da. Ni ekuazio guztietan agertzen nintzen.

Eusko Jaurlaritzaren edo Espainiako Gobernuaren babesik jaso al duzu?

Nik dakidala ez. Espainiako Kontsulatuak babesa eman dit.

Zer berri duzu fiskalaren ikerketaz?

Ikerketarako epea luzatzen ez bada, apirilaren 6an nire aurkako karguak zehaztu eta behin betiko akusazioa egingo du; orduan hasiko da epaiketa prestatzeko epea. Dena den, urtarrilean ni Txiletik kanporatzeko dekretua sinatu zuen Gobernuak, errugabetasun presuntzioa zanpatuz. Beraz, errugabe zein errudun izan, kanporatuko naute, dekretu horri aurre egitea lortu ezean.

Zer espero duzu?

Etxean agertutakoak nork jarri zituen frogatzea ez da erraza izango, baina uste osoa dut errugabe aterako naizela. Akusazioek ez dute funtsik, eta huts ugari dago. Kanporatze aginduari buelta ematea izango da zailena, estatuak nahi duena erabaki dezakeelako. Nazioarteko erakundeen esku-hartzea, oihartzuna... erabakigarri izan daitezke.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia