Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:19

HARIAN;2010-02-25;INGURUMENA. HONDAKINEN KUDEAKETA. Atez atekoa aztertzen ari dira Gipuzkoako beste 15 herritan. Debagoieneko Mankomunitatea, Urnieta, Aduna, Lezo, Legorreta, Itsasondo, Zestoa eta Orio ari dira gogoeta egiten atez atekoaz Errausteko programa sei urtez gelditzeko eskatu diote 11 alkatek Markel Olanori

Atez atekoa aztertzen ari dira Gipuzkoako beste 15 herritan

Debagoieneko Mankomunitatea, Urnieta, Aduna, Lezo, Legorreta, Itsasondo, Zestoa eta Orio ari dira gogoeta egiten atez atekoaz

Errausteko programa sei urtez gelditzeko eskatu diote 11 alkatek Markel Olanori

Mikel Peruarena.

Donostia

Usurbilek iazko martxoan ireki zuen atea, eta geroztik Hernanik eta Oiartzunek iragarri dute hondakinak atez ate biltzen hasiko direla, gaikako bilketa indartu eta birziklatea handitzeko asmoz. Badituzte jarraitzaileak. Gipuzkoako hamabost herritan bederen ari dira aztertzen atez atekoa jartzea -85.500 gipuzkoar bizi dira haietan-. Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga eta Oñati daude Debagoieneko Mankomunitatean -63.430 herritar-, baita Aramaio ere, Araba den arren. Atez atekoa jartzeko ikerketa jaso berri dute, eta udaberrian erabakiko dute bilketa era horri ekin edo ez. Pedro Lasagabaster Eskoriatzako alkate eta mankomunitateko presidenteordearen arabera, «agian zaila izango da mankomunitate osoa batera sartzea, baina garbi ikusten dugu herri batzuetan egin daitekeela. Konbentzituta gaude hemen zerbait egin behar dela».

Hondakin organikoak bereizita biltzea da lehentasuna, Lasagabasterren hitzetan: «Horretarako oso interesgarria da atez atekoa». Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, hondakin organikoentzako edukiontzi berria jarri dute -bosgarrena- bost herritan eta Donostiako Amara auzoan. Sistema horretan borondatezkoa da parte hartzea, eta, horregatik, «potentzialitate mugatua» duela uste du Lasagabasterrek. Aretxabaletak 6.690 biztanle ditu, eta Usurbilek 5.920; bi herriak erkatu ditu Lasagabasterrek. Aretxabaletan, 11 hilabetean, 50 tona hondakin organiko bildu dituzte: 7,5 kilo herritar bakoitzeko. Usurbilen 329 tona bildu dituzte 10 hilabetean: 55,6 kilo herritar bakoitzeko. «Garbitasun aldetik ere hobea da», zehaztu du Lasagabasterrek: «Hau arazo handia da. Ahalik eta sistema hoberena bilatu behar da, nahiz eta gehixeago kostatu».

Donostialdean eta Oarsoaldean ere ari dira azterketak egiten. Urnietako -6.130 biztanle- alkate Mikel Izagirrek berretsi egin du atez atekoa jartzeko asmoa: azterketa egina du Udalak, eta martxoan erabakiko du, bai ala ez. «Hernanikoa ondo ateratzen bada, Diputazioari ez zaio argudiorik geldituko errauste plantaren alde egiteko», ohartarazi du Izagirrek. Lezok 6.000 biztanle ditu, eta udal gobernuak 2011n hasi nahiko luke atez atekoa jartzen. Herriko garbiketa lana egiten duen enpresarekin kontratua doitu behar du, ordea, Udalak, Jon Legorburu zinegotziaren esanetan: «Garestixeago ateratzen da bilketa; baina San Markora eramango genukeena merkeago aterako litzaiguke. Batetik eta bestetik, orekatu egiten da prezioa».

Oposizioak eta udal taldeak

Zestoako 3.480 biztanleentzat ere egoki ikusten du udal taldeak atez atekoa. «Beti nahi izan dugu, baina gutxiengoan gaude», zehaztu du Alazne Olaizola alkateak. Iaz saiatu ziren, baina oposizioko alderdiek atzera bota zuten egitasmoa. Aurten berriro saiatuko dira aurrekontuetan diru sail bat jartzen, azterketa egiteko. Kontrakoa gertatzen da Orion -5.030 biztanle-. Jon Redondo alkatea «oso kontent» dago egungo hondakinen bilketarekin, eta ez du uste atez atekoa sistema egokia denik. Oposizioko alderdiek, ordea -Aralar eta Ezker Batua, Eusko Alkartasuna eta ezker abertzalea-, mozioa onartu zuten udazkenean, eta erabaki zuten Orioko hondakinak errauste plantara ez bidaltzea. Aurtengo aurrekontuetan diru sail bat sartzeko negoziatzen ari dira lau alderdiak, Leire Zinkunegi ezker abertzaleko zinegotziak dioenez: «Nahiko genuke aurten azterketa egitea. Hondakinak denon ardura dira: ez dute alderdi politiko baten kolorea».

Adunako 400 herritarrek, berriz, laster jakingo dute atez atekoa jartzeak zer lan eta kostu izango lituzkeen. Arantxa Aburuza alkateak ikerketa egingo dutela jakinarazi du. Legorretako -1.490 biztanle- eta Itsasondoko -650 biztanle- udalak ere interesaturik daude. Legealdi honetan ez bada, hurrengoan azterketa egitearen alde agertu da Iñaki Oiarbide, Legorretako alkatea: «Jartzeko modukoa iruditzen zaigu, eta ekonomikoki ere ongi dagoela ikusi dugu». Sasieta Mankomunitateak lagunduko lituzkeen, zalantza hori du Danel Etxeberria Itsasondoko zinegotziak: «Baina, gure aldetik, hasiko ginateke, noski». Itsasondoko Udalak gonbita egin die inguruko herrietako hautetsiei Usurbilera joateko, atez atekoa ezagutzera.

Gipuzkoa eta Arabako -Aramaio barne hartuta- hamasei herri horiez aparte, atez atekoa jarraitzen ari dira beste udal batzuk ere. Iñaki Odriozola Zumaiako alkateak adierazi du: «Badugu ikusmina, zer emango ote duen eta Zumaia bezalako herri batean jarri ahal izango litzatekeen. Gauza guztiek bezala, baditu alde onak eta txarrak». Pedro Peñagarikano Anoetako alkateak ere «gustura» jarriko lukeela azaldu du: «Askoz gehiago birziklatzen da, eta zabor gutxiago sortzen». Hala ere, atez atekoa ezin dela «bat-batean» ezarri adierazi du Peñagarikanok, eta udalak orain lan horri ekiteko zailtasunak dituela.

Nafarroan eta Bizkaian

Nahi eta ezin, hala gelditu da Leitzako (Nafarroa) alkate Xabier Zabalo. Atez atekoa jartzeko eztabaida Gipuzkoatik kanpora ere irten baita. Arano, Areso, Goizueta, Larraun, Leitza eta Lekunberrik Mendialdea mankomunitatea sortu dute, eta lehen lanetakoa izan dute atez atekoaren ezarpena aztertzea. Baztertu egin dute, ordea. 6.000 nafar bizi dira sei herri horietan, oso lur eremu zabalean. «Metro koadro asko eta populazio txikia», laburtu du Zabalok. Udalen finantzaketa eskasagatik, eta distantzia handiengatik, ezingo dute atez atekoa jarri.

Lea Ibarreko Mankomunitateko (Bizkaia) ordezkariak ere «harrituta» daude atez atekoaren emaitzekin, Jon Bollar Aulestiko alkatearen hitzetan. Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa eta Munitibar daude Mankomunitatean, eta Usurbilen bisitan izanak dira. «Oso interesgarria iruditu zitzaigun», azaldu du Bollarrek: «Ikusten diogun arazoa ekonomikoa da; mankomunitate txikia gara, eta kostu handia luke guretzat». Patxada hartu dute aztertzeko: «Orain ez bada, urte batzuk barru, ipintzekoa izango da».

Erraustea atzeratzeko

Usurbilgo alkate Xabier Mikel Errekondok errauste programa sei urtez atzeratzeko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Hernaniko alkateak eta Oiartzungoak bat egin dute eskariarekin. Adunako, Anoetako, Eskoriatzako, Itsasondoko, Legorretako, Lezoko, Urnietako eta Zestoako udal ordezkariek ere begi onez hartu dute Usurbilgo alkatearen eskakizuna. Beraz, 11 dira Diputazioari eskaera egin dioten alkateak. «Atez atekoa masiboki zabaltzen bada, birpentsatu beharko da errauste plantarena. Hori jartzea erabaki potoloa da, eta zama handia hartuko du Gipuzkoak. Jarri aurretik ondo aztertu beharko litzateke», adierazi du Pedro Lasagabasterrek. Mikel Izagirrek galdera egin du: «400 milioi euroko inbertsioa hitzemana dute errauste planta egiteko, baina, hondakinik ez bada, zer gertatuko da?».

 

42,45 tona zabor gutxiago sortu ziren iaz Bizkaian



Bizkaian 627.035 tona zabor sortu ziren iaz, 2008an baino 42,45 gutxiago -jaitsiera %6,3koa da-. Bizkaiko Ingurumen diputatu Iosu Madariagaren hitzetan, herritarrek gero eta portaera hobea dute zaborren inguruan, baina ekonomia krisia izan da, batik bat, zabor gutxiago sortzea eragin duena. Bizkaiko hondakinen %30 botatzen dira zabortegietara zuzenean. %35 energia sortzeko erabiltzen direla azaldu du Madariagak, eta beste %35 «materialki aprobetxatzeko». Hiri Hondakinen Kudeaketako II. Plan Integralak jasotzen du konpostatze planta bat eta hondakinak bereizteko beste planta bat eraiki behar direla Bizkaian. Madariagak adierazi du aurten hasiko direla haiek eraikitzen.



 

@sarean



Usurbilgo alkate Xabier Mikel Errekondori asteartean egindako elkarrizketa digitala.

www.berria.info



 

Bilketa ezagutzeko, dozenaka lagunek bisitatu dute Usurbil



Urtebetean dozenaka lagun joan dira Usurbilera, atez ateko bilketa ezagutzera. Horien artean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen zuzendaria; Mikel Aranburu, Mikel Labaka eta Imanol Agirretxe Realeko futbol jokalariak; eta Alternatibako, Aralarreko, EAko, ezker abertzaleko eta EBko ordezkariak.



 

Batzeko hondakindegiko inkesta publikoari ekin diote



Ipar Euskal Herrian hondakinen tratamendua egiten duen sindikatuak, Bil ta Garbik, Ipar Baionako Batz eremuan hondakindegia egiteko inkesta publikoari ekin dio. Gaikako bereizketa, hondakinen balorazioa eta garraioaren bideratzea eginen da bertan. Aurkakoek oharrak egiteko parada dute orain.

35.110



Atez atekoa egingo duten gipuzkoarrak. Usurbil, Hernani eta Oiartzunekin, denera 35.110 bizilagunek egingo dute atez ateko bilketa udaberritik aurrera: Gipuzkoako herritarren %4,97k. Beste 85.500 gipuzkoar hasiko diren edo ez aztertzen ari dira 15 udaletan.



 

Zazpi eguneko greba hasiko dute gaur Zabalgarbin



Iragan abendutik ez da bildu lan hitzarmena negoziatzeko mahaia, eta beste zazpi eguneko greba bat egingo dute Zabalgarbiko (Alonsotegi, Bizkaia) errauste plantako langileek. Gaur hasiko dute lanuztea, eta mobilizazioak egingo dituzte. Joan den abenduan astebeteko beste greba bat egin zuten.



 

AEBetan, Australian, Herrialde Katalanetan, Italian, Frantzian... Mundu osoko hiri handi eta herri txikietan darabilte atez ateko hondakinen bilketa.

Munduari bira, atez ate

M. Peruarena.

Donostia



Hiri handiek ezin dutela zaborraren parte handi bat gutxitu, ideia hori ergela da. San Frantziskok lortu du, baita Los Angelesek, Chicagok, Seattlek, Halifaxek eta Torontok ere». Paul Connet kimikari eta unibertsitateko irakaslearen oharra da, errauste planten aurkako Italiako ekintzaileei idatzi zien gutunekoa. Connetek itzulia egin zuen Italian 2008an. Ikusi ahal izan zuen Novara n eta antzekohirietan -Piamonteko bigarren hiria populazio aldetik, 104.000 biztanle- hondakinak atez ate biltzeko sistema eraginkorra zela. Urte hartan, hondakinen %70,5 birziklatu ziren Novaran.

Connetek gogora ekarri zituen AEB Amerikako Estatu Batuetako eta Kanadako hainbat hiri handitan indarrean dauden Zero Zabor programak, eta atez ateko bilketa eredu ezberdinak. Ez da harritzekoa ere, AEBtako presidente Barack Obamak berak programan jasoa dauka «zero zabor» helburua, 2020rako. Helburu horrekin lanean ari dira San Frantzisko -777.000 biztanle; hondakinen %72 birziklatzen du- eta Seattle -602.000 biztanle; %40 birziklatu zuen iaz, eta %60ra heltzeko helburua du 2012an-. Zero zabor programak eta atez atekoak dituzte, besteak beste, Pittsburghen eta San Diegon ere.

Connet irakasleak adierazi nahi zuen hiri handietan ere posible dela atez atekoa. Italian badute horren berri. Novara ez da bakarra; Monzak, esaterako, 121.000 biztanle ditu, eta aitzindarietakoa izan zen atez atekoa jartzen, 1993an hasi baitzen. Italiako 1.800 herritan, txiki eta handietan, biltzen dituzte hondakinak atez ate.Adibideak ugari dira; Salernoko 140.000 herritarrak, adibidez, 2008an hasi ziren atez atekoarekin, eta %72 birziklatzea lortu dute. Erromara ere iritsi da atez atekoa. 2007an auzo batzuetan proba egin ostean, leku gehiagotara zabaldu dute. Egun zazpi auzotan egiten dute atez atekoa, 69.000 herritar inguruk. Australian ere badu oihartzunik: Sydney, Camberra, Victoria, Melbourne... Herri eta herrialde ugaritan biltzen dituzte hondakinak atez ate: Zeelanda Berrian, Indian, Japonian, Danimarkan, Irlandan...

Herrialde Katalanetan, 121

Gertuago, Herrialde Katalanetan oso zabaldua dagoen eredua da. Mallorcako 35 herritan biltzen dituzte hondakinak era horretara, eta Kataluniako 86 herritan. Neurri guztietako herrietan darabilte atez atekoa: berdin 140 biztanle baditu -Torre de Fontaubella-, edo 45.000 -Gava-. Tiana izan zen atez atekoa jarri zuen Kataluniako lehen herrietako bat, orain hamar urte. %6 birziklatzetik %85era heldu dira. Katalunian bederatzi errauste planta zeuden garai hartan, eta lau daude orain. Atez ateko bilketa errauste planten aurkako alternatiba gisa zabaldu da herrialde askotan, izan ere. Niort herriko kasua da. Frantzian dago, eta 60.000 biztanle ditu. 1990eko hamarkadan, atez atekoa jarri zuen lehen herrietako bat izan zen, eta duela bost urte bertan behera gelditu zen errauste plantaren egitasmoa. Hondakinei su emateko xedeak herritarrak sutu zituen.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia