Currinen ustez, PSOEk urratsak egin behar ditu, bake prozesua nahi badu
Gatazkak eraldatu egin behar duela esan du, indarkeria argudiorik gabe utzi eta gatazka esparru politikora eramanda
Euskal gatazkari buruzko hitzaldia eman zuen atzo Madrilen, Lokarrik gomitaturik
Xan Harriague.
Brian Currin Euskal Herrian Eztabaida eta Bakea sustatzeko nazioarteko Ekimeneko kideak ez dauka dudarik. Beste bake prozesu bat abiatu nahi bada, ekimena alde guztietakoa izan behar da, «multilaterala» eta «elkarrenganakoa». Goraipatu du prozesu demokratiko baten alde ezker abertzaleak hartutako konpromisoa, zehaztuz irakurketa bakarra egin daitekeela. «Ezker abertzalea ez da inoiz hain urrun joan. Zutik Euskal Herria adierazpenean Mitchell printzipioetan erreparatuz, indarkeria eta esku sartzerik gabeko prozesu demokratiko baten aldeko apustu argia egiten du». Orain PSOEk eta Espainiako Gobernuak pausoak eman behar dituztela uste du, bake prozesua nahi badute behintzat. «Ausartak izan behar dute».
Atzo Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluan eman zuen hitzaldian egin zituen adierazpen horiek Hego Afrikako abokatuak. Lokarrik antolatu zuen, eta Paul Rios elkarteko koordinatzailea aritu zen aurkezle lanetan. Publikoan PSOEko eta EAJko hainbat kidek parte hartu zuten. Bere iritziaren zilegitasuna azalduz hartu zuen hitza Currinek. Azken hamarkadetan ezaguna egin da nazioarteko gatazken konponketan duen eskarmentuagatik. Hego Afrikan, bere herrian, hasi zen bitartekari gisa, eta geroztik hainbat gatazken konponketan jardun du: Irlandan, Ekialde Hurbilean, Ruandan, Bosnian eta 2006az geroztik Euskal Herrian.
Euskal gatazka «eraldatze prozesu» batean dago, Currinen arabera, eta gauzatuz gero bake prozesua atzera biderik gabe geldituko litzateke, haren erranetan. Baina argi utzi du transformazioa multilaterala izan behar duela. Indarkeria, «ETArena zein Espainiako Segurtasun Indarrena» justifikaziorik gabe uzten saiatu behar dela uste du, gatazka esparru politikora eraman, alegia. Hala ere zehaztu du horretarako alderdi guztien konpromisoa beharrezkoa dela, eta batez ere elkarren arteko konfiantza. Gisa berean azpimarratu du transformazio hori ez dela bake prozesu bat, ezta bukaera bat ere, baizik eta bake prozesu bati abiapuntu emateko baldintzetariko bat.
Berak egin duen bezala, behin eta berriz nabarmendu du oso garrantzitsua dela ezker abertzalek azken hilabeteetan egindako hausnarketaren ondorioa. Konfiantza sortzeko balio duela uste du,eta dagoeneko sumatu ditu konfiantza horren lehen seinaleak. Zutik Euskal Herria adierazpenarekin ezker abertzaleak egindako apustua guztiz zilegi da, Currinek dioenez, oinarriaren babesa duelako.
Baina argi utzi nahi izan du, adierazpena ez dela soilik bere hauteslegoari zuzenduta, baizik eta Euskal Herriko alderdi guztiei. Horren harira, ongi ikusi ditu alderdi gehienak egindako balorazio onak eta Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak «berritasunak» bazeudela onartu izana. PSOEk bide bera jarraitzea ona litzateke, haren ustez.
ETA kondenatzea baldintza bezala jartzeari buruz berriz ere zalantzak agertu ditu, haren ustez, euskal gatazkaren konponketan eraginik ez lukeelako izanen. ETAren su-eten batek, ordea, ezker abertzalearen apustua sendotuko lukeela adierazi du, baita Espainiako Gobernuarentzat «gako bat» izango dela ere.
Neurri batean ulertzen du Espainiako Gobernuak daukan konfiantza falta, baina gisa berean ez dauka dudarik gainditu behar duela. Ezinbestekotzat jotzen du Batasuneko buruak askatzea, eta euskal presoen gaia jorratzea. Biktimentzat prozesu mingarri bat izanen dela badaki, baina Irlanda ere horrela izan zela ohartarazi du, nabarmenduz biktimak ez daudela soilik alde batean. Horren harira tortura salaketa guztiak ikertzeko aholkua eman du, baita komunikabideen eta oposizioko alderdien konpromisoa eskatu ere.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
