Joaquim Ferrer Vilassar de Mareko alkatea Usurbilen izan da, Hamaikabatek gonbidatuta, atez ateko bilketa zergatik baztertu duten azaltzeko.
«Birziklatzearen esklabo»
A. S.
UsurbilHerritarrak ezin dira zaborraren menpe bizi. Ezin dira birziklatzearen esklabo izan». Hori izan da Vilassar de Mar herriko (Bartzelona, Herrialde Katalanak) egungo udal gobernuaren arrazoi nagusietako bat atez ateko zabor bilketa bertan behera utzi eta bost edukiontzien sistema indarrean jartzeko. Herritarren bizi-kalitatea «hobetu» nahi izan dutela dio Joaquim Ferrer alkateak, «zabor bilketak ezin baititu herritarren eguneroko ohiturak aldarazi». «Gehiegi eskatzea da zaborraren menpe bizi behar izatea».
Juan Lopez Uralde Greenpeaceko buruaz gain, kanpoko beste erakunde bateko ordezkaria izan zen atzo Usurbilen: Joaquim Ferrer Vilassar de Marko alkatea, Hamaikabatek gonbidatuta.
Herri horretan 2003. urte amaieran hasi ziren zaborra atez ate biltzen, PSC eta ERC udal gobernuko kide zirela. Azken udal hauteskundeetan, ordea, CiUk gehiengoa lortu, eta sistema hori bertan behera utzi zuen, «sistema garestia eta zikina» izateagatik. Sistemak emaitza ikusgarriak lortzen dituela aitortu zuen atzo, «derrigorrean birziklatu behar delako», baina datu horien atzean «herritarren ezinegona» ezkutatzen zela esan zuen: «Herriko giroa asaldatu egin zen».
«Arazo ekonomikoak» eragin zituela esan zuen. Haren arabera, hasieran milioi bat euroko aurrekontua aurreikusi zuten, baina herritarrak gustura uzteko moduko zerbitzua eskaintzeko, diru gehiago behar zen: «Bikoitza, eta Udala asko zorpetu zen». Beste arrazoi batek pisu handiagoa izan zuen erabakian. «Herritarrek euren bizitza ohiturak aldatu behar izan zituzten, eta hori gehiegizkoa iruditzen zaigu». Gainera, ez zuten «zabor poltsez beteriko herria» eduki nahi.
Gainera, atez atekoarekin «zaborraren turismoa» deritzon arazoa sortu zela esan zuen, hau da, herritarrek beste herri batzuetara eramaten zuten zaborra. Orain lehen baino %7 zabor gehiago biltzen omen dute.
Bost edukiontzien sistemarekin, ordea, «pozik» daude. Aldaketa «onerako» izan da, eta «berdintsu» birziklatzen dute -%53-, izan ere, haren esanetan, atez atekoarekin datuak «manipulatu» egin zituzten. «Ez da erreala %70 birziklatzen zela».
Orain herritarren eguneroko bizitza «hobetu» dutela uste du. «Zentzuz jokatu behar dugu, birziklatzearekin hainbesteko lotura izan gabe».
«Salbuespena da»
Usurbilgo Atez Ate Dudipe bilguneak, ordea, beste iritzi bat plazaratu du herri horretan gertatu denaren inguruan. Euren esanetan, «salbuespena» da, eta atez atekoak ondo funtzionatzen du Herrialde Katalanetan eta munduan zehar. «Atez atekoa martxan jarri eta atzera egin duen herri bakarretakoa izan da». Talde horren esanetan, Vilassar de Marren «presioak» izan ziren atez ateko sistema kentzeko. «Berehala hasi ziren Mataroko errauste plantaren hirugarren labe berria eraikitzeaz hitz egiten».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
