Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:16

EUSKALHERRIA;2010-02-16;Beste lau pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak. Atxiloketa bat Seguran izan da, eta beste hirurak Hernanin; Ibai Beobiderekin lotu dituzte guztiak

Beste lau pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak

Atxiloketa bat Seguran izan da, eta beste hirurak Hernanin; Ibai Beobiderekin lotu dituzte guztiak

Lierni Alkorta

Beste lau pertsona atxilotu zituen atzo arratsaldean Guardia Zibilak, bata Seguran eta beste hirurak Hernanin. Berri agentzien arabera, larunbatean Asteasu eta Villabona artean atzemandako Ibai Beobiderekin lotura dute laurek. Atxiloketetako bat Seguran izan zen, eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakitera eman duenez, Euri Albisu da Guardia Zibilak atxilo harturiko pertsona. Segurako Elorripe tabernan atzeman zuten, 16:30 aldera.

Goierriko Hitzak lekukoen adierazpenak aipatuz zabaldu zuenez, aurpegia estalita zeukaten guardia zibilak tabernara sartu ziren, eta «barruan zeuden bezero guztiak kanpora ateratzeko agindu zuten». Ostean, Euri Albisuri eskuburdinak jarri eta handik eraman zuten, Goierriko Hitzak jakinarazi zuenez. Iturri berberaren arabera, «egun osoan kaleko jantzitako polizia asko ibili ziren» herri gunean. Atxiloketaren ostean, Albisuren etxea miatzen aritu zen Guardia Zibila, eta Segurako Kale Nagusia erabat itxita eduki zuten.

Beste hiru atxiloketak Hernanin izan ziren. Berri agentziek zabaldutako informazioaren arabera, Ibai Beobideri aterpe eman izana egozten diete Hernanin atxilotutako hiru lagunetatik biri: adineko bikotea omen da. Ez dute, dena den, haien nortasunaren inguruko informaziorik zabaldu. Laugarren atxilotua Juan Mari Maizkurrena Urkizu litzateke, 57 urtekoa. Hala eman zuen jakitera Efe berri agentziak. Iturri horien arabera, adineko bikotearen nahiz Maizkurrenaren etxeak miatu zituen atzo arratsaldean Guardia Zibilak.

Beste bi etxe ere miatu zituzten, baina oraingoan Bizkaian. Bilboko Deustua auzoan miaketa bat egin zuen Guardia Zibilak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakitera eman zuenez. Berri agentzien arabera, Botika Zaharra kaleko 26. atarian egin zuten. Ez zuten zehaztu, ordea, atxiloketarik izan zen ala ez, eta miaturiko etxeak norekin lukeen lotura. Horrez gain, Larrabetzun ere (Bizkaia) beste miaketa bat egin zuen Guardia Zibilak, Iturrikoetxe kaleko etxebizitza batean. Bizilagunek BERRIAri jakitera eman ziotenez, Guardia Zibilak Larrabetzuko alde bat itxi zuen, eta autoei handik igarotzen ez uzteaz gain, bizilagunei etxetik irtetea ere galerazi zien guardia zibilek. AAMk «kezka» agertu du atxilotuek jasan dezaketen tratuaz.

Beobide, inkomunikatuta

Ibai Beobide Arza gazte bizkaitarrak, bien bitartean, Guardia Zibilaren esku dago oraindik, inkomunikaturik. Albiste agentziek diotenez, Madrilen dago.

Tortura saihesteko neurriak hartzeko eskaera egin dio Beobideren abokatuak Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileari, baina ez du epailearen erantzunik jaso, oraingoz. Abokatuak eskatu du Beobideren atxiloaldia kameraz grabatzeko, konfiantzazko medikuaren bisita hartzeko eta bere senideak une oro informatuak izateko.

AAMk «benetako kezka» agertu du Beobideren egoeraz. Guardia Zibilak tortura «oso modu ankerrean» erabiltzen duela oroitarazi du AAMk, eta, horrenbestez, adierazi du Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta egoteak atxilotua «benetako tortura arriskuan» jartzen duela. Orain aste batzuk Pello Olano lizartzarra (Gipuzkoa) Guardia Zibilak «modu basatian» torturatu zuela gogorarazi du AAMk.

Ibai Beobideren atxiloketa salatzeko, AAMk deia egin du ostiralean Bilboko San Inazio auzoan 19:30ean egingo den manifestazioan parte hartzeko.

Larunbat arratsaldean atxilotu zuen Guardia Zibilak Beobide, Asteasu eta Villabona artean (Gipuzkoa), bizikletan zihoala. ETAko kide izatea leporatzen diote. Atxiloketa gertatu eta ordu gutxira, Donostiako ospitale batera eraman behar izan zuten. Han, buruan zuen zauri «arin» batean puntuak eman zizkioten.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia