Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:13

EUSKALHERRIA;2010-02-11;Ezker abertzaleak dio urriko atxiloketek ez dutela lortu eztabaida baldintzatzea. Diez, Otegi eta urrian atxilotutako beste sei laguni auzipetuta daudela jakinarazi die Baltasar Garzonek

Ezker abertzaleak dio urriko atxiloketek ez dutela lortu eztabaida baldintzatzea

Diez, Otegi eta urrian atxilotutako beste sei laguni auzipetuta daudela jakinarazi die Baltasar Garzonek

Joxerra Senar.

Iruñea

Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Txelui Moreno, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Mañel Serra eta Amaia Esnal Espainiako Auzitegi Nazionalean izan ziren atzo, Baltasar Garzon epailearen bulegoan. Han, banan-banan, epaileak bakoitzari jakinarazi zion auzipetuta dagoela. Zortzi auzipetuek aurretik ere ezaguna zuten egoera hori, hala zehazten zuelako Garzonek urtarrilaren 25ean kaleratutako 80 orriko autoak. Bertan, Batasuna ordezkatzeko Bateragune talde politikoa osatzen ari zirela eta prozesu hori guztia ETAk zuzentzen zuela egotzi zien epaileak.

Auzitegi Nazionalera sartu aurretik, Txelui Moreno auzipetuak komunikabideen aurrean irmo salatu zuen urriaren 13ko polizia operazio hura une hartan ezker abertzalearen barruan hasia zen barne eztabaida «ahalik eta gehien baldintzatzeko» zela. «Baina ez da halakorik gertatu. Guztiz alderantziz, eztabaidak are bultzada eta parte-hartze handiago izan du», nabarmendu du.

Horregatik, Txelui Morenok uste du Espainiako Gobernuak kale egin duela bere estrategian. «Ez geroztik egon diren atxiloketa guztiek, ez zenbait komunikabideren kanpainek ez dute eztabaida baldintzatu». Barne eztabaida hori amaitua dagoela eta «laster» gizarteari ondorioak jakinaraziko dizkietela aurreratu du, gainera.

Aukera baliatu du Txelui Morenok Euskal Herriko sindikatu eta alderdiei ezker abertzalearen mezua helarazteko. «Alde bakarreko ekimenez, prozesu demokratikoaren aldeko apustua adierazi ostean, bere ikuspuntua finkatzea dagokie gainontzeko eragile politiko eta sindikalei». Haren ustez, prozesu demokratikoa «amaierara» ailegatzea izan behar du azken helburuak. «Hori da guztiok desio duguna».

Morenok beharrezkotzat jotzen du prozesu horretan Espainiako Gobernuak parte hartzea. «Bere ikuspuntua adieraztera dei egiten diogu eta ea euskal gizarteak demokratikoki erabakitzen duena errespetatzen duen».

Behin Espainiako Auzitegi Nazionalaren barruan, zortzi auzipetuak banan-banan sartu ziren Baltasar Garzon epailearen bulegora. «Niri behinik behin sumarioan niri buruz esaten dena egia al den galdetu dit. Nik erantzun diot prentsaurrekoak eman ditudala, hori agerikoa dela eta agerraldi horietan esaten dena egia dela, baina gainontzeko guztia ez», azaldu dio BERRIAri.

Morenok Auzitegi Nazionaleko korridoreetan une labur batez Rafa Diezekin eta Arnaldo Otegirekin egoteko aukera izan du. Egun preso daude biak. «Sendo daudela esan digute eta aurrera egiteko animoak eman dizkigute», esan du.

Urizarren azalpenak

Telebilbaori eskainitako elkarrizketan, EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek bere alderdiaren «DNAren barruan» bide soilik politiko eta baketsuen aldeko apustua dagoela berretsi du. Esan du ezker abertzalearekin batera alderdi abertzaleak batzeko egitasmoaren barruan «indarkeria arrazoitzen duen anbiguotasun txikiena badago» EA ez dela hor egongo.

Urizarren arabera, ezker abertzaleak barne eztabaida hori amaitu arte itxaron egin behar da. «Gu ez gara sartuko eztabaidan, eta gogoetak amaitzen dituztenean, eurek ikusiko dute prest dauden engaiatzeko edo ez. Une horretan, hori argi geratzen denean, aurrera egiteko aukerak dauden edo ez aztertuko du EAk». Haren ustez, «prozesu horrek etorkizuna izaten badu, PSE-EEren eta PPren arteko ituna amaitu egingo da; horren beldur da Ares».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia