2010-02-07
Eneko Goia.
Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuaEneko Goiak zuzentzen duen sailaren helburua da garraio publikoa eraginkortasunez eskaintzea eta errepideen erabileraren araberako finantzaketa lortzea, portaera iraunkorrak sarituz.
«Orain errepide sarea ongi kudeatzea dagokigu, gehiago eraiki beharrean»
Agurtzane Solaberrieta.
DonostiaEneko Goia Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak hiru urte egingo ditu laster karguan, eta legegintzaldia amaitu aurretik Gipuzkoako errepide sare nagusia amaituta egongo dela ziurtatu du. Horrekin batera, beste eztabaida bat amaitu nahi du: errepideen finantzaketa eredua. Garbi du erabiltzaile guztiek hartu behar dutela parte. Badaki eztabaida ez dela erosoa eta jendeak ez duela asko maiteko, baina arduraz jokatzeko eskatu du.
Batzar Nagusietako batzorde txostengileak proposamen bat landuko du hemendik gutxira bidesarien inguruan. Nolakoa izatea gustatuko litzaizuke?
Gipuzkoak errepide sare garrantzitsua du, eta urteotan izugarrizko esfortzua egin da hori mantentzen eta eraikitzen. Gehiago eraiki beharrean, orain daukaguna modu egokian nola kudeatu aztertu behar dugu. Hori posible izan dadin, tarifikazioaren gaia funtsezkoa da. Horri lotuta, honako galdera egin behar dugu: errepide sarea guk bakarrik mantendu behar ote dugun aurrekontu arruntaren bidez, edota kontuan hartu behar ote dugun zeinek erabiltzen duen. Europako Batasunak (EB) gogoeta hori eginda dauka, eta erantzuna eman dio. 2006ko direktiban garbi esaten du 2012tik aurrera 3,5 tonatik gorako garraio ibilgailuek parte hartu egin behar dutela errepideen finantzaketan, kanonen bitartez. Gai horretan eskuduntza osoa daukagu, eta, beraz, guri dagokigu hori nola zehazten den erabakitzea.
Eta nola zehaztu beharko litzateke?
Nire ustez, Etxegaraten kobratu beharko litzateke. Donostiako ingurabideak eta N-1ek inbertsioetan eta mantentze lanetan behar handiak dituzte, eta horiek gipuzkoar guztien zergekin ordaintzen dira.
Gipuzkoarrak ordaintzen ari badira, zergatik gehiago eskatu?
Nik ez dut horrela ulertzen. A-8 eta AP-1ean, gipuzkoarrez gain, erabiltzaile guztiek ordaintzen dute, baita gipuzkoarrak ez direnek ere. N-1en kasuan, gipuzkoarrok bakarrik ordaintzen dugu, eta N-1etik gipuzkoarrak ez diren asko pasatzen dira.
Zenbat ez dira gipuzkoarrak?
Egunero 20.000 kamioi pasatzen dira Etxegaratetik. Zenbat diren atzerritarrak? Datu zehatza ematea zaila da, baina gehienak ez direla gipuzkoarra, ziur.
Erabiltzaile guztiek ordaindu behar al dute? Izan ibilgailu astuna ala arina, izan kanpokoa ala hemengoa?
Ikusi beharko genuke teknikoki zer den posible. Egoera ideala lortu ahal izateko, erabiltzaile guztien finantzaketa lortu beharko genuke, eta uste dut luze gabe horretara goazela.
Hori da Diputazioaren helburua?
Bai. Gure helburua da: garraio publikoa, alternatiba gisa, modu eraginkorrean eskaintzea, erabileraren araberako finantzaketa lortzea, eta finantzaketa horretan diskriminazioak egitea, portaera iraunkorren arabera.
Gipuzkoarrak, ordea, jakin nahi du ea N-1 erabiltzeagatik ordaindu beharko duen ala ez.
Erabaki hori Batzar Nagusiek hartu behar dute, eta hor ikusi beharko dugu norainoko adostasuna lortzen dugun martxoan. Dena dela, bi gauza izan behar ditugu kontuan. Batetik, ardura politikoz jokatu behar dugu. Badakit gaia ez dela oso popularra, eztabaida deserosoa dela eta jendeak ez zaituela asko maiteko. Gauden bezala jarraitzea erabaki dezakegu, baina ez da egokia. Bestetik, gainditu ezineko langa daukagu, EBk 2006ko direktiban esaten duena: ezin dugu jarri gauza bat gipuzkoarrentzat eta beste bat gipuzkoarrak ez direnentzat.
Hori, dena den, kamioien kasuan zehazten du, ez ibilgailu arinen kasuan.
Bai, hala da. Ibilgailu arinen kasuan ez dago arautua. Hori ez da Europako Batasunari dagokion gaia. Une honetan garraiora zuzendua dago araudi hori, eta oso garbi esaten du kanon bat ezarriz gero baldintza berak eskaini behar dizkiezula bertakoari eta kanpokoari. Gipuzkoak eskuduntza osoa du zergen arloan. Hor beste zerbait egin daitekeen azter daiteke.
Beste errepide batzuetan ere kobratu nahi duzue?
Ni gaitasun handiko sareaz ari naiz, eta hor A-8, AP-1, Besaian-Durango, N-1, A-15 eta Urumeako autobia sartzen dira. Guztientzat eskemak antzekoa izan behar du. Beste gauza bat da lehentasunak non jartzen ditugun eta nondik hasi behar dugun. Une honetan premiazkoa N-1 da, eta ordainlekua Etxegaraten jartzea da aukera bat. Bi arrazoirengatik: batetik, pasaeran doan zirkulazioak ekarpena egitea lor dezakegulako eta, bestetik, zirkulazio fluxuak banatzea lor dezakegulako. Orain dela urtebetera arte, Gipuzkoak aukera bakarra zuen iparraldetik hegoaldera joateko: N-1. Orain bi dauzka. Erabil ditzagun biak modu burutsu batean, zirkulazioa bi errepide horien artean banatzeko.
Egun, oso ibilgailu gutxik erabiltzen dute AP-1 autobidea, eta errepide hori garestienetakoa izan da. Aurreikuspen falta eduki duzue?
Ez nago ados baieztapen horrekin. AP-1 egin behar zen, nahi eta nahi ez. Zergatik? Gipuzkoaren barne mugikortasunarentzat ezinbestekoa baitzen. Debagaraiak eta Debabarrenak behar zuten horrelako azpiegitura bat. Horretaz gain, beste helburu bat lortzeko balio badezake, erabil dezagun. Planteamendua hori da. Hor ez dago proiekzio faltarik.
Nafarroako Gobernuarekin harremanik baduzue?
Zerbait hitz egin dugu gai honen inguruan, baina gutxi. Badakigu ez daudela oso alde, nahiz eta 15 urte daramatzaten Irurtzunen A-15a kobratzen. Badirudi hori ahaztu egiten zaigula. Nik uler dezaket haien ikuspegia, baina haiek ere ulertu behar dituzte Gipuzkoaren arazoak.
Egin da ahaleginik beste administrazioen finantzaketa lortzeko?
Jaurlaritzak hartu izan du parte, obra berriak egiteko, baina diru hori agortuta dago. Europak ez du laguntzen. Kontua da EBk eman diola erantzuna galdera horri: nik trena laguntzen dut, Euskal Y-a egiteko dirua eman dezaket, baina errepide bidezko garraioak sortzen dituen gastuak ordaintzeko, jarri bidesaria.
Legegintzaldia amaitu aurretik hartuko duzue erabakia?
Bai. Batzorde txostengilearen ondorioak martxo hasieran eramango dituzte osoko bilkurara, eta espero dut berehala hartzea erabakia.
Eta noiz jarriko litzateke martxan?
Hurrengo minututik aurrera.
Gipuzkoako biribilgunea deritzona noiz amaituko duzue?
Amaitzear dago eta horrekin bukatuko dugu errepide sarea. Alegia, ez dugu beste errepide handirik egingo; ez dugu ezagutuko beste AP-1 bat, beste bigarren ingurabide bat. Urretxu eta Bergara arteko lotura aurten hasteko asmoa dugu. Baina horiek beste maila bateko lanak dira, hobekuntzak. Beraz, inbertsio kopuruak beheranzko joera hartuko du. Orain, daukaguna nola kudeatuko dugun aztertzea dagokigu.
Errepide gehiago egiteak ez du zirkulazioa gutxitu. Gainera, merkantzia errepideetan dago.
Hori hala da. Azken ehun urteko argazkian ikusten da argi eta garbi tren sarearen bilakaera zein izan den, eta joera beheranzkoa izan da. Aldiz, errepideena, goranzkoa. Guztiok konturatu gara hori ez dela bide zuzena, eta trenbide bidezko garraioak garapena izan behar duela, askoz ere iraunkorragoa delako. Saio hori egiten ari gara.
Tren bidezko garraiorako alternatiba egokiena AHTa dela diozue erakundeek. AHTak zenbat kamioi kenduko lituzke errepidetik?
Errepidean egiten dugunaren arabera. Estimazio bat egin daiteke, baina ni ez naiz ausartzen datu bat ematera.
asolaberrieta@berria.info
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
